Errenta aitorpena internet bidez eta euskeraz, aurtengo egoera ezohiko eta aldrebesean

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 00:00

Martxan da errenta kanpaina, Gipuzkoan; Nafarroan, datorren asteazkenetik.

Aitorpena aurrez aurre egiteko epeak oraindik zalantzan, online egiteko deia luzatu dute. Horretarako jarraibideak eman dituzte, eta moldatu ezean edo nahiago izanez gero, aholkularitzek laguntzen dute horretan.

Ezohikoa izango da aurtengoan, errenta aitorpenaren kanpaina. Koronabirusak eragindako egoera aldrebesak, ez du ahalbidetuko, oraingoz, aurrez aurre egitea aitorpenak, Ogasunaren bulegoetan; eta horretarako epeak zalantzan daudela eta, internet bidez egitera animatu dituzte herritarrak, prozesua erraztuta. Online bakarrik ez, euskeraz egiteko deialdia ere luzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ogasunarekin euskeraz kanpainaren bitartez.

Euskeraz egiteko deia, urtero-urtero luzatzen dute Hernaniko eta Astigarragako Udalek ere, eta gero eta gehiago dira, bi herriotan, hala egiten dutenak.

Joan den urtean, 2.218 hernaniarrek egin zuten aitorpena euskeraz, herriko aitorpen guztien %21,4; eta 590 astigartar izan ziren euskeraz egin zutenak, guztien %16,2.

Kopuruak urtez urte gora egin duela ikusi daiteke, 2010 eta 2015 ekitaldien datuekin alderatuz. 2010ekoan, 1.400 hernaniar (%13,34) eta 297 astigartar (%11,3) izan ziren aitorpena euskeraz egin zutenak; eta 2015ean, aldiz, 1.899 hernaniar (%19,01) eta 490 astigartar (%15,57).

Datorren asteazkenean martxan, Nafarroako errenta kanpaina

Nafarroan, datorren asteazkenean jarriko da martxan errenta kanpaina; baina nahi duenak, dagoeneko egin ditzake zenbait eragiketa eta proba, Nafarroako Gobernuaren webgunean (navarra.es), Ogasuna atalean sartuta.

Bertan, bi txokotan dauzkagu aukerak: PFEZ simulatzailea 2019 atalean, eta Errenta kanpaina 2019 atalean. Aurrenekoan, aukera ematen du probako aitorpen bat egiteko, kanpaina irekitzen denean behin betikoa egin aurretik trebatzeko. Bigarren txokoan, berriz, bi tramite egiteko aukera izango dugu, gero aitorpena egiteko baliagarri izango zaizkigunak: PINa eskatu, aitorpena internet bidez egin ahal izateko; eta gure datu fiskalak kontsultatu, Nafarroako Ogasunak dauzkanak, eta aitorpena egitean erabili beharko ditugunak.

Gipuzkoan, berriz, apirilaren hasieratik dago martxan kanpaina. Autolikidazio proposamena jaso zutenek, gipuzkoa.eus webgunean kontsultatu, onartu eta aldatu dezakete, Ogasunaren atalean. Eta proposamenik jaso ez dutenek, internet bidez egin dezakete errenta aitorpena. Hala egiten saiatzeko eskatu diete herritarrei, eta zenbait tutorial eta jarraibide ere eman dituzte web orrian bertan.

Bestela, moldatzen ez denak, edo nahiago duenak, aholkularitzetara jo dezake, laguntza eske. Izan ere, errenta aitorpenak ere egiten dituzte, Hernaniko Zulaica, Hator eta Brintza aholkularitza zerbitzuetan.


Jarraibideak, aitorpena internet bidez egiteko

Gipuzkoako Ogasunean, errenta aitorpena internet bidez egiteko, pauso ugari eman beharko ditugu, baina ez da prozesu zaila. Jarraian azalduko dugu, nola egin behar den. Prozesua hasteko, zergabidea.gipuzkoa.eus web orrian sartuko gara. Bertan, Giltza atalean sartu behar dugu, gure B@k erabiltzailea eta kodea erabilita. Dagoeneko edukiz gero, aurrerago azalduko dugu nola den prozesua hemendik aurrera. Baina oraindik ez badaukagu, erraza da lortzen: momentuan eskatu eta jasoko dugu internet bidez. Orain azalduko ditugu pausoak.

ZergaBideako Giltza ataletik hasi behar da, internet bidezko aitorpena.

Horretarako, Giltza atalaren azpiko aldean, Non eta nola eskatu Bak? ikusiko dugu. Bertan sakatuko dugu, eskaera hasteko. Eta hurrengo leihoan, Eskatu zure Bak aukeratuko dugu. Eskaera egiteko, NAN zenbakia eta izen-abizenak eskatuko dizkigute aurrena, helbidea eta telefonoa ondoren, eta posta elektronikoa azkenik. Ondoren, ziurtatzeko benetan gu garela gure B@k kodea eskatzen ari garenak, eskatuko digute aurreko lau urteetako errenta aitorpenetako baten emaitza zein izan zen adieraztea.

Behin datuak emanda, aktibazio kode bat jasoko dugu, 14 zenbaki edo letra dauzkana, ‘gi’ hasierarekin. Azpian esteka bat emango digute, eta horretan klik eginda, hurrengo leihoan eskatuko dugu B@k kodea: NANa eta bere iraungitze data, jaioteguna, eta aurreko aktibazio kode hori idatziko ditugu, eta emaila eta telefono mugikorra zehaztu. Hori eginda, Izenperi baimena ematen diogula markatuko dugu, eta Baliozkotu sakatuko dugu.

Orduan, mugikorrean jasoko dugu pasahitz bat, guretzako sortu dutena. Zabalduko zaigun hurrengo leihoan, pasahitz hori sartu beharko dugu, eta azpian, guk aurrerantzean erabili nahi dugun pasahitz berri bat jarriko dugu.

Hori bukatuta, badaukagu gure B@k kontua. NAN zenbakia eta letra izango da gure erabiltzailea, eta jarri berri dugun pasahitza erabiliko dugu. Bi horiekin identifikatzeko eskatuko digute segidan, eta prozesua amaitzeko onarpena eman beharko dugu.

B@k kodea lortuta, aitorpena egiten hasteko prest

ZergaBidearen web orrira bueltatuko gara orain, eta Giltza atalean sartuko gara, gure NAN eta pasahitzarekin. Azalduko zaigun leihoan, ikusiko dugu Aitorpen zirriborroak, eta bertan, 109 eredua; horretan egingo dugu klik. Hemen egiten dugun guztia pribatua da, oraindik ez dugu ezer aurkeztuko. Aitorpen berria sakatuko dugu, eta Oinarrizko datuen aukeraketa pantaila zabalduko zaigu. 109 eredua aukeratuko dugu, aitortzailea nor den hautatu, eta 2019 ekitaldia dela jarri. Sortu sakatuko dugu orduan.

Hurrengo leihoan aukeratuko dugu, nola bete nahi dugun aitorpena. Ez badugu autolikidazio proposamenik jaso, markatuko dugu Zerga informazioa zuzenean jaitsiz. Segidan azalduko zaizkigu, Ogasunak guri buruz dauzkan datu guztiak. Horiek, ez dugu gehitu beharrik izango. Pauso hori gaindituta, azalduko zaigu errenta aitorpenaren laburpena. Pantaila horretan, litekeena da azaltzea koadrotxo gorri bat, triangelu bat eta harridura ikur bat dauzkana, eskuineko aldean. Horrek esan nahi du, informazioa falta dela atal batzuetan. Koadrotxoan klik egingo dugu, eta menu bat zabalduko zaigu, falta den informazioarekin. Bertan sakatuta, informazio hori gehitzeko pantailara eramango gaitu. Informazioa osatu, eta gorde egingo dugu.

Berriro pantaila nagusira bueltatuta, bikotekidearekin batera egin nahi badugu aitorpena, edota seme-alabak sartu, goikaldean daukagun botoia sakatuko dugu: Ezkontidea eta seme-alaben informazioa jaitsi. Bertan, bikotekidea aukeratu, eta Zerga informazioa zuzenean jaitsiz klikatuko dugu, betetzeko era hautatzeko. Hurrengoa klikatuta, Ogasunak berari buruz daukan informazioa azalduko zaigu, gure kasuan bezala. Horrela, zuzenean gehituko da bikotekidearen informazioa, gure aitorpenera. Begiratu beharko dugu, bere kasuan ere abixu edo koadrotxo gorririk ez azaltzea, eta hala bada, informazio hori bete.

Pantaila nagusian, laburpenean azalduko zaizkigu datu eta kopuru guztiak, eta baita gure aitorpenaren emaitza zein izango litzatekeen ere, banaka eginda zein baterako aitorpena aurkeztuta. Beherantza mugituko gara hori ikusteko. Laburpeneko daturen bat gaizki badago, kontzeptu horren gainean egingo dugu klik, eta hori aldatzeko pantailara joango gara horrela. Bertan aldatu eta gordeko ditugu datu zuzenak. Eta bestelako datuak gehitu behar diren kasuetan (autonomoak, etxebizitzaren bat alokairuan dutenak...), laburpenaren pantailako Hurrengoa botoi berdearen bidez aurkituko dugu, falta diren datu horiek gehitzeko txokoa. Laburpenera joan sakatuta bueltatuko gara, pantaila nagusira.

Aitorpena bukatzerik izan ez badugu, edo beste baterako utzi nahi badugu, lasai atera gaitezke bertatik, eta berriro sartzean, utzi dugun bezalaxe egongo da.

Behin aitorpena bukatuta, laburpenaren pantailan behera egin beharko dugu, eta Aurkeztu baino lehen atalean, Aurkezpenerako datuak sakatuko dugu, eta tributazio mota aukeratuko dugu ondoren: banakakoa eta baterakoa. Kontu korrontea ere zehaztuko dugu bertan: nora bueltatuko diguten dirua, edo nondik kobratu, aitorpenaren emaitzaren arabera. Eta behin hori eginda, aitorpena aurkezteko moduan izango gara. Aurkeztu botoi urdina sakatuko dugu orduan. Horrela, egoitza elektronikora bideratuko gaituzte, eta urdinak izango dira pantailaren ertzak. Horrekin jakingo dugu, orain bai gure aitorpena aurkeztera goazela. Bidali sakatu, eta dagoeneko bukatu dugu. Bertan izango dugu aukera, baita ere, aitorpena bera eta frogagiria deskargatzeko.

10 PAUSOTAN: ERRENTA AITORPENA ONLINE, Gipuzkoan

1) 'zergabidea.gipuzkoa.eus' web orrian sartu. Giltza atalaren bitartez hasiko dugu prozesua.

2) B@k kodea lortu, Giltza atalean berta dagoen estekatik abiatuta: 'Non eta nola eskatu Bak?'

3) Eskaera egiteko, datuak bete: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefonoa, eta aurreko errenta aitorpen baten emaitza, ziurtatzeko gu garela.

4) Kode bat jasoko dugu, eta esteka bat azpian, eskaera hasteko. Datuak berriro bete, eta emandako kodea sartuko dugu. Jarraian, mezua jasoko dugu mugikorrean, behin behineko pasahitzarekin.

5) Pasahitz hori sartuko dugu hurrengo orrialdean, eta ondoren, guk nahi dugun pasahitza aukeratuko dugu. Hori izango da gure B@k kodea: erabiltzailea gure NAN, eta pasahitza aukeratu duguna.

6) ZergaBidearen web orrira bueltatuko gara, eta Giltza ataletik sartu, erabiltzaile eta pasahitzarekin. 'Aitorpen zirriborroak' atalean '109 eredua' aukeratuko dugu, eta 'Aitorpen berria' sortuko dugu: 109 eredua hautatu berriro, aitortzailea aukeratu, eta ekitaldia. 'Sortu' sakatuko dugu orduan.

7) Hurrengo leihoan, autolikidazio proposamenik jaso ez badugu, 'Zerga informazioa zuzenean jaitsiz' aukeratuko dugu, eta Ogasunak guri buruz dauzkan datuak azalduko zaizkigu.

8) Aurrera eginda, pantaila nagusira iritsiko gara. Aitorpenaren laburpena azalduko zaigu, eta bertan egin dezakegu dena: oker dauden datuak aldatzeko, kontzeptuan kilk egin; baterako aitorpena egin edota seme-alabak gehitzeko, 'Ezkontidea eta seme-alaben info. jaitsi' sakatu; eskuinean koadrotxo edo abixu gorri bat azalduz gero, datuak falta dira atalen batean, eta bertan klik eginda joango gara betetzera; eta bestelakorik gehitu behar izanez gero (autonomoen kasuan, edo etxebizitza bat alokatzen dutenen kasuan, adibidez), 'Hurrengoa' botoiarekin aurkituko dugu horiek sartzeko txokoa.

9) Behin dena beteta, laburpenaren beheko aldean, 'Aurkeztu baino lehen' ataleko 'Aurkezpenerako datuak' sakatuta aukeratuko dugu tributazio mota: banakakoa edo baterakoa.

10) Bukatutakoan, 'Aurkeztu' botoi urdina sakatuko dugu, Ogasunaren egoitza elektronikoan sartu, eta errenta aitorpena aurkezteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!