Orain arte antzeko egoeran izan badira Urumea bailarako herriak, atzotik arau ezberdinei erreparatu beharko diete, Benta Berrik markatzen duen mugaren alde batekoek eta bestekoek. Izan ere, Gipuzkoa eta Nafarroa, biak aurreneko fasera igaro diren arren, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hainbat salbuespen eta berezitasun ezarri dituzte, alde bateko eta besteko errealitateak ezberdinduko dituztenak.
Senide eta lagunekin elkartzeari buruzkoa da horietako bat. Goizuetan eta Aranon, posible da senide eta lagunekin elkartzea, etxean zein kanpoan, Nafarroako edozein txokotan, gehienez ere 10 laguneko taldeetan. Bisitatu ezingo dituztenak, dira adinekoak eta arrisku taldeetakoak. Aldiz, Astigarragan, Hernanin eta Ereñotzun, adineko senideak edo laguntza behar dutenak soilik bisitatu daitezke; baina ez dago baimenduta gainerako senide eta lagunekin etxean elkartzea, eta ezta kalean, elkarteetan edo lokaletan ere. Bilera horiek, baina, tabernetako terrazetan egin ahal izango dira, norberaren herrian, edo mugakide diren herrietan.
Terrazetara joateko, gainera, ez da ordutegirik errespetatu beharko: gaueko 23:00ak arte egon daitezke zabalik, eta nahi denean joan daiteke bertara.
Denden kasuan ere, posible da erosketak egitera ondoz ondoko herri batera joatea Gipuzkoan, baina horrelakoak saihestea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak, ahal den neurrian. Dendak ohiko ordutegian egon daitezke zabalik, Gipuzkoan zein Nafarroan, baina %30eko aforoa izango dute gehienez, bi metroko tarteak errespetatuz; eta higiene neurriak hartu behar dituzte. Terrazen kasuan bezala, edozein unetan joan ahal izango da dendetara ere, eta ez da aldez aurretik zitarik eskatu beharko, zero fasean bezala.
Kirola egin eta paseatzeko, eremu zabalagoa Gipuzkoan
Kirola egin eta paseatzeari dagokionez ere, biek ala biek mugatu dute mugikortasuna, eta ezingo da probintzia osoan barrena mugitu. Gipuzkoaren kasuan, norberaren herrian eta ondoz ondokoetan egin daiteke kirola edo paseatu, betiere probintziatik atera gabe. Hernaniar eta ereñotzuarrak joan daitezke Astigarraga, Urnieta, Lasarte-Oria, Donostia eta Errenteriara; eta astigartarrak Hernani, Donostia eta Errenteriara.
Hori bai, ezarritako ordutegiaren barruan egin beharko dute kirola, edo paseatu: 14 eta 70 urte artekoek 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartean; 70 urtetik gorakoek 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tartean; eta 14 urtetik beherakoek 12:00-19:00 tartean. Paseatzeko, kilometro bateko muga ezabatu da. Edonola ere, norberaren herritik ateratzea saihesteko gomendioa luzatu du Eusko Jaurlaritzak, ahal den neurrian.
Nafarroan, aldiz, ezingo da norberaren udalerritik atera, ez paseatzeko eta ez kirola egiteko.
Nafarren kasuan baimenduta dagoena, da bigarren etxebizitzara joatea, betiere Nafarroan baldin badago. Gipuzkoan, ezin da halakorik egin.