Konfinamendu garaiko ezaugarrietako bat izaten ari da, ordenagailuen, teknologia berrien eta internetaren erabilera, izan ikasketetarako, lanerako edota aisialdirako. Eta horietan hobeto eta seguruago aritzeko, hiru ikastaro antolatu dituzte aste honetarako.
Batetik, Hernaniko Udalak, nerabeentzako ikastaroa antolatu du, bi saiotan: gaur eta etzi. Online izango da, TaPuntuko Arkaitz Sukuntza Alkortaren eskutik, 16:00etatik 18:00etara: Ordenagailua hobeto erabiltzeko gakoak. 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat da, eta aurrez eman behar zen izena, helbide honetan: labur.eus/Zgv6I.
Helburua da, ordenagailua ikasleentzako eguneroko tresna bilakatu den honetan, horien erabileran trebatzea.
KZgunean, ikastaro bana gaur eta etzi
Itxita daude, osasun alarma egoera tarteko, Hernaniko eta Astigarragako KZguneak ere. Eta beraz, etenda daude, baita ere, bertan eskaintzen dituzten ikastaroak zein dinamizatzailearen bisitak, teknologia berrietan eta interneten trebatzeko.
Baina horren partez, ikastaro eta hitzaldiak internet bidez eskaintzea erabaki du KZguneak, eta hilabete osorako programa osatu du: astearte eta ostegunero izango dira saioak.
Eta aste honetan, segurtasuna izango dute hizpide. Zehazki, gaurkoan, Heziketa eta segurtasuna interneten izeneko hitzaldia eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, gaztelaniaz. Youtuben emango dute, KZguneaTIC kanalean. Hauxe da helbide zuzena: labur.eus/yr5nD.
«Gailu mugikorrak eta bereziki smartphoneak, komunikaziorako funtsezko tresna dira nerabeentzat. Beraz, hartu aurrea, arriskuak zein diren ezagututa, eta saihestu disgustuak», aurreratu dute.
Internetekin eta segurtasunarekin lotutakoa izango da etziko saioa ere; baina oraingoan, gailu mugikorrei buruz beharrean, ordenagailuei buruz ariko dira bereziki: Zure ordenagailua birus eta bestelako mehatxuetatik babestua. Gaztelaniaz izango da hori ere, baina goizez eskainiko dute, 11:00etatik 13:00etara.
Gaurkoa bezala, Youtubeko KZguneaTIC kanalean izango da jarraitzeko aukera, eta honetarako ere, eman dute zuzenean iristeko helbidea: labur.eus/hyia5.
Hitzaldi horretan, helburua izango da, «dauden mehatxu informatikoak ezagutzea, ulertzea eta horien kontziente izatea. Ikasiko dugu prebentzio neurriak hartzen horien aurrean, eta ezagutuko dugu nola instalatu eta erabiltzen diren AVG eta Avast! antibirusen doako bertsioak».
Aurreko hitzaldiak ere ikusgai, Youtubeko kanalean
Hitzaldiak zuzenean jarraitzerik ez duenak, izango du horiek ikusteko aukera, ondoren. Izan ere, hitzaldiak bukatzean, Youtubeko kanalean bertan jartzen dituzte ikusgai: labur.eus/zEDGh.
Bertan daude ikusgai, dagoeneko, aurreko astean eskainitako biak ere: Murgildu zaitez errealitate birtual eta areagotuan; eta Erosi etxetik irten gabe. Gaztelaniaz eskaini zituzten, bi saio horiek ere.