Atzo goizean, Espainiako Gobernuak aldizkari ofizialean argitaratu zuen lehenengo fasea, eta Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, pertsonen joan-etorriak udalerri barrukoak izango dira, hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta soilik lanera edo eskolara joateko onartuko da udalerritik ateratzea, eta beste salbuespen kasu batzuetan.
Eusko Jaurlaritzak aipatu du, fase batetik bestera modu «seguruan» igaro nahi dutela, «badakigu neurri zorrotzagoak direla, baina ez dugu arriskurik nahi. Izan ere, gehiegizko mugikortasunak eta jende pilaketek arriskua eragin dezakete». Garraio publikoak ez erabiltzeko gomendioa era luzatu du Jaurlartitzak, «lanera joateko» ez bada.
Espainiako Gobernuak, kultur ekintza txikiak egiteko baimena eman du, baina Eusko Jaurlaritzak aipatu du Euskal Autonomia Erkidegoan ez dela «inolako jarduerarik» izango. Kirol arloan ere, antzera, «eliteko kirolaz» gain, kalean egiten den ariketa fisikoa baino ez dute baimenduko.
Lehenengo fasean, aldaketa garrantzitsua
Aldaketa nagusi batzuk egongo dira lehenengo fasean, izan ere, tabernak eta dendak ireki daitezke, «bezero kopurua mugatuta» eta gehienez «hamar lagun elkartzeko aukera» izango dute senideek eta lagunek. Hori bai, orain arte ezarritako ordutegiak errespetatuz.
Nafarroa ere, lehen fasean
Nafarroa ere sartu da lehen fasean, eta gobernuak ez du iragarri neurri murriztailerik. Bihar hasiko da lehen fasea, eta hilaren 24ra arte egongo da indarrean. Ordurako erabakiko dute zein herrialde igaroko diren hurrengo fasera.
Urumea Harana Pastoral
Barrutiak, mezak datorren igandetik aurrera
Datorren igandean ekingo zaio berriro ere mezak emateari, hori adierazi du Urumea Harana Pastoral Barrutiak.
Hala ere hainbat gomendio eta baldintza helarazi nahi izan ditu, hala nola, osasun arazoak edo adinekoei etxean geratzeko gomendatzen dute, «irratiz har dezakete parte». Elizara joango direnak, eskuak ondo garbituta eta maskarilarekin joateko gomendioa ere luzatu dute.
Gaineratu dute, aste barrruan gerta daitezkeen hiletak ospatuko direla. «Orain arte ospatu gabeko hildakoen familiekin harremanetan gaude, eta ekaina eta uztaileko larunbatetan hileta-mezak ospatzeko, proposamena eman diegu».
Pandemiak iraun bitartean gainera, Agustinetako iganderoko meza, 09:00etan egiten dena, San Joan parrokiara pasako da, ordu berean.