Osasun alarma egoerak indarrean jarraituko du, gutxienez, maiatzaren 24ra arte, hala onartu baitzuen Diputatuen Kongresuak, asteazkeneko bilkuran. Baina izango dira aldaketak, datozen bi asteotan ere. Joan den astelehenean 0 faseari ekin ondoren, hurrengoa ere hastear da, Espainiako Gobernuak diseinatutako deseskalatze prozesuan. Aurrerantzean, autonomia erkidego bakoitzeko egoeraren arabera, erabakiko da faseetan aurrera egin ala ez.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskaera egin diote Espainiako Gobernuari, bi lurraldeetan aurreneko fasea has dadin etzi. Gobernuak onartuz gero, beste hainbat ekintza egongo dira baimenduta, bai jarduera ekonomikoei dagokienez, eta baita ekintza pertsonaletan ere.
10 pertsona elkartzeko aukera, etxean zein kalean
Astelehenetik aurrera, osasun alarma egoera ezarri zenetik aurrenekoz, taldean elkartzeko aukera izango da, 10 lagunekoak gehienez, etxean zein kalean. Hori bai, bi metroko segurtasun tarteak utzi beharko dira, eta higiene neurriak errespetatu.
Ibilgailuetan, elkarrekin joateko aukera
Aukera izango da, era berean, ibilgailuetan elkarrekin joateko. Etxe berean bizi direnen kasuan, elkarrekin joan ahal izango dute, neurri berezirik gabe, eta 9 laguneko mugarekin. Aldiz, elkarrekin bizi ez direnen kasuan, izango dute aukera ibilgailu berean joateko, baina mugatuta egongo da joan daitezkeen pertsonen kopurua; eta gainera, pertsona guztiek jantzi beharko dute maskarilla edo antzeko babes elementuren bat.
Komertzio txikiak zabalik, segurtasun neurriekin
Elikagaienak ez diren komertzioek izango dute aldaketa garrantzitsua, datorren astelehenetik. Izan ere, denden ateak zabaldu ahal izango dituzte komertzio txikiek, 400 metro karratu baino gutxiago badituzte, aldez aurretik hitzordurik eskatu beharrik izan gabe. Horretarako, segurtasun neurriak bete beharko dituzte: %30ekoa izango da aforoa gehienez, eta bi metroko tartea errespetatu beharko da, bezero guztien artean. Tarterik mantentzea posible ez denean, bezero bakarra egon ahal izango da barruan. Gainera, ordutegi jakin bat ezarri beharko dute, non lehentasuna emango zaien 65 urtetik gorako bezeroei. Lokala desinfektatu ere egin beharko dute, egunean bi aldiz.
Feriak berriro, udalek baimenduz gero
Dendak bezala, martxan jarri daitezke aire libreko feria eta merkatuak ere, baldin eta herriko Udalak baimena ematen badu horretarako. Hori bai, hasiera batean, %25era mugatu dute postu kopurua, normalean izaten den kopuruarekiko; edo bestela, feriaren eremua haunditzea eskatu dute. Izan ere, postuen arteko distantzia eta bezeroen arteko segurtasun tartea errespetatu beharko da.
Taberna eta jatetxeen terrazak, %50eko aforoarekin
Aste honetan dagoeneko izan dute aukera, jatetxe eta tabernek, enkarguz etxera eramateko janari eta edariak prestatzeko. Baina aurreneko fasean, terrazak ere ireki ahal izango dituzte, %50eko aforoarekin: taberna edo jatetxe barruko terrazak, zein espazio publikoan daudenak, betiere aire librean badaude. Udalak espazio publiko gehiago erabiltzea baimenduz gero, mahai gehiago jarri ditzakete, betiere espazio horren aforoaren %50a erabiliz.
Gehienez ere 10 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira, eta taldeen artean, bi metroko tartea utzi gutxienez. Gainera, bezero batzuek alde egitean, eta hurrengoak sartu aurretik, mahaiak desinfektatuko dituzte.
Hiletetan, senide gehiago
Hiletei dagokienez ere izango da aldaketarik. Datorren astetik, haunditu egingo da hiletetan egon daitezkeen senideen kopurua. 15 lagun izango dira gehienez, aire librean egiten bada; edo 10 lagun gehienez, espazio itxietan eginez gero. Era berean, 15 lagunera mugatuko da hildakoa lurperatzeko komitiba, edo errausketaren aurreko agurra.
Gurtza lekuak ere, zabalik
Astelehenetik zabaldu ditzakete, baita ere, kultu edo gurtza leku erlijiosoak: elizak, meskitak, santutegiak... Hori bai, aforoaren heren bat bakarrik bete ahal izango da aldi berean.
Ekitaldi kulturalak, 200 lagun baino gutxiagorekin
Kultur ekitaldiak egiteko aukera ere jaso du Espainiako Gobernuak, aurreneko fasean. Aire librean egin beharko dira, eta 200 lagun baino gutxiago elkartu ahal izango dira, eserita eta beharrezko distantzia mantenduz elkarren artean. Leku itxietan ere izango da kultur ekitaldiak egiteko aukera, baina kasu horretan, 30 lagun baino gutxiago egon daitezke.
Era berean, liburutegiek ere zabaldu ditzakete ateak, liburuak maileguan hartzeko, edota bertan irakurtzeko, baina aforo mugatuarekin.
Museoen irekiera ere baimenduta egongo da, bisitak egiteko, heren bateko aforoarekin, eta aretoetan jende asko ez pilatzea kontrolatuz. Museoetan ezingo da ekintza kulturalik antolatu.
Ikusentzunezko produkzioa, eta pelikula eta serieen grabaketa ere, astelehenetik aurrera egongo da baimenduta.
Hezkuntza zentroetan, desinfekzio eta egokitze lanak
Hezkuntza zentroak ezingo dira martxan jarri oraindik, baina bai zabalduko dituztela, desinfekzio eta egokitze lanak egiteko. Administrazio lanak ere egin ahal izango dira bertan, eta baita irakasleen prestaketa lanak ere. Unibertsitateetan, laborategiak ireki ahal izango dituzte.
Deseskalatzearen bigarren fasean bueltatu ahal izango dute eskolara zenbait adin tartetako ikasleek. 0-6 urtekoen kasuan, gurasoek etxetik kanpo lan egiten dutela egiaztatu beharko dute. Ziklo bat bukatzen ari diren ikasleek (DBHko laugarren kurtsoa, Batxilergoko bigarrena, edo Lanbide Heziketako bigarrena), hala nahi badute, eskolara bueltatzeko aukera izango dute, betiere gela bakoitzean 15 ikasle elkartuta. Eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako edozein ikaslek, modu boluntarioan, izango du aukera klasera bueltatzeko, baldin eta irakasleek uste badute ikasteko laguntza behar dutela. Horiek ere, 15 ikasleko taldetan egongo dira, gehienez.
Kirolean, aukera berriak
Aurreko larunbatetik, baimenduta dago kirola egin eta paseoak ematea; eta astelehenetik, entrenamenduetara bueltatu ahal izan dute kirolari profesionalak. Aurreneko fasean, berriz, aukera berriak zabalduko dira, kirolaren arloan ere.
Kirolari profesionalen kasuan, errendimenduko zentroak ireki ahal izango dira astelehenetik, baina higiene eta babes neurriak zorroztuta; eta posible bada, txandak ezarrita. Gainera, liga profesionaletan, entrenamendu maila ertaina ezarri ahal izango dute (oinarrizkoarekin aritu ahal izan dira aste honetan).
Profesionalak ez diren kirolarien kasuan, aire libreko kirol instalazioak zabaltzeko aukera izango da, publikorik gabe; eta betiere kontakturik gabeko kirolak praktikatzeko: atletismoa, tenisa...
Eta era berean, kontaktu fisikorik eta aldagelak erabiltzeko beharrik ez duten kirol zentroetan ere, izango da kirola egiteko aukera, baina aldez aurretik hitzordua eskatuta.