Tokiko hedabideek kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Koronabirusaren krisiak sektore guztiak kolpatu ditu, eta hedabideena ez dela salbuespena izan dio Jone Guenetxea Arrindak. Euskerazko toki komunikabideak batzen dituen Tokikom erakundeko presidentea da Guenetxea, eta baita Durangaldeko Anboto astekariko zuzendaria ere.
Toki komunikabideek bizi duten egoeraren berri eman du: «diru-iturri propioak ia desagertu egin dira. Eta txanponaren beste aldean daude, toki komunikabideok egun hauetan lanean jarraitzeko egin dugun ahalegina, eta adudientzietan izan dugun igoera».
«Herritarrek jakin nahi izan dute egunerokotasunean krisi honek nola eragiten dien, eta informazio hori eskuratzeko, tokiko hedebideetara jo dutela uste dut»
Kazetaritzaren ikuspuntutik, nola daramazue lana?
Gurea jarduera esentzial bat izanda, ez dugu etenaldirik izan. Gainera, informatzeko bokaziotik, inoiz baino tinkoago eutsi diogu produkzioari. Herritarrei informazio fidagarria zintzotasunez helarazteko konpromisoa berretsi dugu. Albiste faltsuak gero eta ugariagoak diren informazioaren mundu honetan, hedabideon lana oso beharrezkoa da. Herritarrek jakin nahi izan dute egunerokotasunean krisi honek nola eragiten dien, eta informazio hori eskuratzeko tokiko hedabideetara jo dutela uste dut.
Audientziek zenbat egin dute gora?
Webguneko audientzia nabarmen igo da Kronikan, baita gainerako tokiko hedabideetan ere. Kronikaren kasuan, aurtengo otsaileko datuekin konparatuz, apirilean audientzia %72 igo da webgunean, eta iazko apirilekoekin alderatuz, %77. Krisiaren hasieran gaitzak gogorren jo zuen eremuetan egin zuen audientziak gora. Alearen (Araba) eta Geuriaren (Basauri) adibideak hortxe ditugu. Orokorrean, euskal hedabide guztion kontsumoak gora egin du interneten. Tokikoon kasuan, Tokikomeko hedabide guztion trafikoa batuta %97ko igoera izan dugu, iazko sasoi honetako datuekin alderatuz. Hau da, bisitak bikoiztu egin dira. Krisi aurreko audientziekin alderatuz, berriz, %60tik gora hazi da audientzia. Datu horiek ondo egindako lanaren adierazgarri dira. Tokikook argi erakutsi dugu funtzio sozial garrantzitsua betetzen dugula, gure komunitateari informazio fidagarria helaraziz. Nik neuk ere euskal hedabideon informazioa inoiz baino gehiago kontsumitu dut, eta irakurle bezala, aitortu behar dut eduki benetan interesgarriak ikusi ditudala. Alde horretatik, pozik egon gaitezkeela uste dut.
Ikuspuntu ekonomikotik, krisiak nola eragin du tokiko hedabideetan?
Oso kezkatuta gaude. Krisi honek sektore guztiak kolpatu ditu, eta gurea ez da salbuespena izan. Herritarrak gero eta informazio gehiago kontsumitzen ari diren sasoi honetan, diru-iturri propioak inoiz baino gehiago murriztu zaizkigu. Publizitatean kolpe haundia jaso dugu. Kontuan izan, publizitate aldetik, tokiko hedabideok tokiko komertzioarekin lotura estua dugula. Publizitate eta zerbitzu salmentak minimoetara jaitsi dira, egun batetik bestera. Tokikomeko bazkide garen 25 entitateok, aurreikuspen bateratu bat egin dugu. Ikerketa horren arabera, tokiko komunikabideon fakturazioa %72 murriztu da. Kasu batzuetan %80ra ere iritsi da. Toki komunikabideok abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dugula aurreikusten dugu. Irailetik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, baina ez gara oso baikorrak. Hala ere, beste egoera zail batzuk gainditu ditugun moduan, honi ere elkarlanean egingo diogu aurre.
«Diru-laguntzetan ez dugu jaitsierarik espero. Inoiz baino gehiago da politika egiteko momentua, eta inork ez du zalantzarik tokiko hedabideen esentzialtasunaz»
Diru-laguntzetan jaitsierarik izango duzue?
Ez dugu jaitsierarik espero. Hala ere, udalen batek izan dezake tentazioren bat, beraien diru iturriak ere murriztuko direlako. Baina inoiz baino gehiago da politika egiteko momentua, eta inork ez du zalantzarik tokiko hedabideen esentzialtasunaz. Instituzio batzuek adierazi digute laguntzei eusteko borondatea; adibidez, Aldundiek eta Jaurlaritzak. Zenbait kasutan hiru urterako sinatuta daude laguntza horiek. Ez dugu murrizketarik espero, ez genuke ulertuko. Badakigu instituzioentzat ere sasoi zaila dela. Hala ere, azken urteotan egonkortzera bidean eman ditugun pausoak kontuan izanda, espero dugu laguntza horiei eustea. Gure diru-sarrerek bi hanka dituzte: sarrera propioena (batez ere publizitatea), eta diru-laguntzak. Sarrera propioak minimoetan egonda, instituzioek badakite diru-laguntzei eustea dagokiela. Tokikomeko hedabideek kontatzen dute erakunde publiko guztien laguntzarekin, eta laguntza guztiei eutsita ere, erabaki drastikoak hartzera derrigortuta egongo dira, hainbat euskal hedabide.