Tokikom

Tokiko hedabideak krisian: lana eta audientzia biderkatu, baina diru-sarrerak %72 behera

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Tokikomek azaleratu du, erakundea osatzen duten tokiko hedabideen egoera; eta nabarmendu du, interneteko audientziak apirilean %97 gora egin duen arren, fakturazioa %72 jaistea aurreikusten dela: 2,5 milioi eurotik gorako galera aurreikusi du, abuztua bitartean.

Jarduera ekonomiko guztietan bezala, krisia eragin du komunikazioaren sektorean ere, Koronabirusaren aurrean ezarritako osasun alarma egoerak. Ordutik, «inoiz baino biziago» dabil tokiko hedabideen sektorea, Tokikomek nabarmendu duenez, tokiko 25 hedabidek osatzen duten erakundeak; tartean, Kronikak.

Tokikomek aditzera eman du, tokiko hedabideen «kontsumoa zein erredakzioen lan karga biderkatu» egin dela, herritarrek informazio bila jo dutelako, «eguneroko erabakiak hartu ahal izateko informazio praktiko bila». Zentzu horretan, aditzera eman du sekulako igoera izan duela tokiko hedabideen audientziak: interneteko kontsumoa %97 hazi da apirilean, iazkoaren aldean, eta %62 osasun alarma egoera hasi zenetik. Baina horrekin kontrastean, tokikoen diru-sarrerek kolpe haundia jaso dute ekonomikoki, inguruko jarduera ekonomikoa geldiarazi delako: %72 jaitsiko da fakturazioa, aurreikusi dutenez; eta kasu batzuetan, baita %80 ere. Guztira, 2,5 milioi eurotik gorako galera aurreikusi dute, abuztua bitartean.


«Konpromisoa eta ahalegina», informatzen jarraitzeko

Tokikomek nabarmendu du, «tinko eutsi» diotela toki komunikabideek «jarduerari eta gertuko komunitatearekiko konpromisoari. Egun konplikatu hauetan, ahalegina biderkatu dute bizilagunak zehatz eta puntual informatuta, eta entretenituta ere edukitzeko. Horixe delako haien bokazioa, noski, baia gainera legez ere behartuta egon direlako: alarma egoeran jarduera ekonomiko gehienak geldiarazi diren bitartean, komunikabideak zerbitzu esentzial gisa hartu dira hasieratik, eta beraz lanean jarraitzera behartu», azaldu du.
Zentzu horretan dio, lanean jarraitzeko konpromisoak eta legezko betebehar horrek, «zailtasun teknikoak eta kostuak biderkatu» egin dituela: «langileak, elkarrizketatuak eta erabiltzaileak babesteko neurri eta protokoloak, kalean kazetaritza zein banaketa lanak egiten ibiltzeko zailtasunak… Ezohiko egoera honetan informazioa jasotzen eta hedatzen jarraitzeko konpromisoak irudimen haundia eta ahalegin fisiko eta ekonomiko erraldoia eskatzen ari da».

«50 egun hauetan, diru-sarrerarik gabe, baina inoiz baino lan gehiagorekin aritu dira toki komunikabideak. Beste hainbat sektorek bezala, erakundeen eta gizarte osoaren babesa beharko dute».

Tokikoen interneteko audientzia, %97 gora apirilean
Ahalegin horrek, bere fruitua eman du audientziari dagokionez, eta tokiko hedabideen sektorea «oso harro» dago lortutako emaitzekin eta publikoak emandako erantzunarekin. Izan ere, Tokikomeko toki komunikabideen interneteko kontsumoa %97 hazi da apirilean, 2019ko apirilekoarekin alderatuz. Eta osasun alarma egoera ezarri zenetik, %62koa izan da gorakada, iazko datuen aldean. «Ondo egindako lanaren adierazgarri argia da, zalantzarik gabe», adierazi du Tokikomek.
Kronikaren kasuan, %80 haunditu da kronika.eus webgunearen erabiltzaile kopurua apirilean, eta %77 areagotu dira webgunera bisitak, 2019ko apirilaren aldean. Datuak nabarmenagoak dira, gazteei dagokienez: %86,5 haunditu da erabiltzaile gazteen kopurua apirilean, iazkoaren aldean; eta ia %80 areagotu dira haien bisitak. 
Emaitzak, oraindik ere hobeak izan ziren martxoan: %92 haunditu zen bisita kopurua, eta %78 erabiltzaile gehiago izan ziren, 2019ko martxoaren aldean. Horretan ere, gazteen datuak dira harrigarriak: %126 haunditu zen erabiltzaile gazteen kopurua, eta %136 areagotu beraien bisitak, iazko martxoarekin alderatuta.
Zehazki, 22.700 erabiltzaile ezberdin izan ditu kronika.eus webguneak apirilean, eta 62.624 bisita jaso ditu. 2019ko hilabete berean, 12.588 izan ziren erabiltzaileak, eta 35.406, berriz, web orriak jasotako bisitak. Horrek esan nahi du, 10.112 herritar gehiago izan direla kronika.eus erabili dutenak, eta guztien artean, 21.218 bisita gehiago egin dituztela webgunera.
 Aurtengo martxoari dagonionez, 21.439 izan dira bisitariak, eta 63.983 bisita egin dituzte webgunera. Joan den urteko martxoan, erabiltzaileak 12.033 izan ziren, eta bisitak 33.337.

2,5 milioi eurotik gorako galera, abuztua bitarte
Tokikomek dio, ez dela falta «harro eta pozik egoteko motiborik» toki komunikabideen sektorean; «baina egoera luzatu ahala, kezka areagotzen doa». Izan ere, ahalegin, kostu eta informazio eskaera gehigarri hau etorri da, toki komunikabideen diru-iturri propioen «inoiz ez bezalako murrizketarekin batera». Tokiko jarduera sozial, ekonomiko eta kulturala erabat geldituta, «egun batetik bestera desagertu dira komunikabideen publizitate eta zerbitzu salmentak», azaldu du Tokikomek.
Tokikomeko bazkide diren 25 hedabideen artean ikerketa egin du, Kronika barne; eta horren arabera, martxotik abuztura %72 jaitsiko da toki komunikabideen fakturazioa, batez beste: «kasu askotan, %80ra ere iritsiko da beherakada». Kopuru horiek «eurotara ekarrita», aurreikuspena da 2.532.720 euroko diru-sarrerak galduko dituztela toki komunikabideek, abuztura bitartean, publizitatean eta bestelako komunikazio zerbitzuetan izandako murrizketen ondorioz. «Irailetik aurrera zer eta nola etorriko den ere ez dago jakiterik», aurreratu du Tokikomek, «baina ezin optimista izan».
«Berez oso oparoa ez den egoera normaleko lan karga eta kostuak biderkatu egin dira, eta diru-sarrerak, berriz, betikoen laurden bat izatera ere nekez iristen ari dira», azpimarratu du Tokikomek.

'Kronika.eus' web orrian, %80 haunditu da erabiltzaile kopurua apirilean, eta %77 bisitak, iazko datuen aldean. Martxoan, %78 eta %92koa izan zen gorakada hori.

«Proiektu askoren biziraupena kolokan dago une honetan»
Datu horiek esku artean, sektoreak bizi duen egoera agerian utzi nahi izan du Tokikomek: «proiektu askoren biziraupena kolokan dago une honetan; 50 egun hauetan diru-sarrerarik gabe baina inoiz baino lan gehiagorekin aritu eta, are gehiago, legez ere zerbitzu esentzial gisa jo ondoren».
Horregatik dio, «beste hainbat sektorek bezala», toki komunikabideenak ere beharko duela «erakundeen eta gizarte osoaren babesa», datozen garaiotan, «esentzialtasun hori garai txarretan eta hobexeagoetan ere aitortzeko». Babes horri forma zehatza emateko ahaleginetan ari da Tokikom, erakundeekin «elkarlan estuan». Eta uste du, hainbat bidetatik etorri daitekeela babes hori: « publizitate instituzionala egiterakoan Google, Facebook eta Twitter bezalako multinazionalen gainetik tokikoak lehenetsiz, publizitate kontratazioa hobari fiskalen bidez sustatuz, diru-laguntzen justifikazioetan malgu jokatuz…», azaldu du.
Gizarteari, berriz, honakoa eskatu diote: toki komunikabideak egiten ari diren lana «ondo gogoan» hartu dezala. «Egunotan toki komunikabideen bidez jakiten ari gara zein dendatan erosi dezakegun eta zeinetan ez, noraino iritsi gaitezkeen pasiatzen, gure Udalak zein zerbitzu dituen martxan eta zein ez, nola parte hartu herriko elkarte eta ekimenetan… Informazio eta zerbitzu garrantzitsua da hori, sarritan behar bezala baloratzen ez dena», nabarmendu du Tokikomek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!