Koronabirusari aurre egiteko ezarritako konfinamenduak sortu dituen egoeren aurrean, hainbat laguntza bideratzen ari da Beterri-Buruntzako Udalek osatutako tokiko garapenerako zerbitzua. Orain, pertsona, langabetu eta familientzako aholkularitza zerbitzua jarri da martxan.
Zerbitzua jasotzeko, galdetegia
Bi kontsulta mota egiteko aukera dago, eta helburua da herritarrek enplegu arloan eta diru-laguntzen inguruan dituzten kontsulta espezifikoei erantzuna eman eta egoera bakoitzaren arabera jarraitu beharreko prozedurei buruzko informazioa ematea.
Kontsultetako bat enplegu orientazioari buruz egin daiteke: langabezia edo DSBE/RGI eskaera, ERTEi buruzko kontsultak... Beste kontsulta mota, diru-laguntza eta neurriei buruzko informazioa eta aholkularitza jasotzeko izango da: pertsona eta familiei zuzendutako laguntza eta gizarte-laguntzen ingurukoa.
Mota bateko edo besteko informazioa jasotzeko, www.beterriburuntza.eus webgunean sartu behar da, eta galdetegia bete.
Etxeko langileentzako ere bai
Enpresa eta autonomoentzako aholkularitza zerbitzuak ere martxan jarraitzen du, eta etxeko langileentzako laguntza berezia ere jarri da martxan.