Konfinamendu egoeratik ateratzeko deseskalatzea hasi den aste honetan, egoera berrira egokitzeko neurriak zein diren gogorarazi du beste behin Ertzaintzak, eta lehendik ezarrita dauden irizpideak errespetatzearen garrantzia azpimarratu du.
Merkataritza-jarduera eta antzekoen alorrean, eraikinetan obra lanak ahalbidetu direla gogorarazi du, eta nekazaritzako elikagaien establezimendu eta kooperatibak ireki daitezkeela.
Pertsonen joan-etorriei dagokienez, merkataritza lokal txikietara edota ileapaindegietara joateko baimenak badira orain. Horrez gain, Ertzaintzak gogorarazi ditu aire librean jarduera fisikoa egiteko edota haurrekin ateratzeko irizpideak zein diren: 14 urtetik gorakoak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera daiezke; 70 urtetik gorakoak eta mendekotasunen bat dutenak 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara; eta 14 urtetik beherakoak 12:00etatik 19:00etara, gehienez, ordubetez; gainontzekoek ez dute ordu mugarik, baina egunean behin bakarrik atera daitezke. Hala ere, kirol-jarduera profesionala eta federatua egiten dutenek, egunean bitan egin ahal izango dute kirola aire librean. Bestalde, irteera horietan maskotak atera daitezke, «beti ere, udal ordenantzak errespetatuz, osasun eta higiene neurriak gordez eta jende gehiegi ez dabilela zainduz».
Ibilgailu pribatuak edo garraio publikoak erabiltzeari dagokionez, berriz, Ertzaintzak azpimarratu du 9 plaza arteko ibilgailuetan ilarako pertsona bakarra joan daitekeela, diagonalean, eta aurpegiko maskara erabili beharrik gabe. Baina ilara berean bi pertsona joanez gero, maskara derrigorrezkoa izango da. Garraio publikoan, berriz, derrigorrezkoa da maskarak erabiltzea, eta gidariaren atzeko eserlekua beti hutsik utzi behar da, eta dauden eserlekuen erdiak baino gehiago ezin dira erabili.