Bertsolaritza

Bertso Gutiziak saioa bertan behera, oraingoz

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 8a, 00:00

Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu egungo egoerara egokitutako bertso plaza indartzeko. Bertso Gutiziak ez da egingo.

Egoerak behartuta, «inondik inora espero ez genuen bat-bateko kolpea» jaso du bertsolaritzak ere, Lanku Kultur Zerbitzuak azaldu duenez. Martxoan, 195 saio zeuden aurreikusita, eta 53 bakarrik egin ziren. Hortik aurrerakoak, bertan behera geratu dira.

Hori horrela, bertso plaza indartzera 45.000 euro bideratu ditu Bertsozale Elkarteak, eta konfinamenduak iraun bitartean, bestelako saioak antolatzen ari da. Potokastak saioan bertsolari gazteei egindako elkarrizketak biltzen dira, eta tartean elkarrizketatu dute Eli Pagola ereñotzuarra. Plazan, saio batzuk online egiteko modua ahalbidetu da. Eta Bidaiak saioan, saio berritzaileak, molde ezberdinetakoak proposatzen hasi dira. Ikusteko: www.bertsoa.eus.

Finantzazioan laguntzeko prest daudenei ere bideak ireki dizkiete 688 886 935 telefono zenbakian Bizum bidez edo ES16 3035 0060 43 0600042844 kontu korrontean (BIC Swift kodea: CLPEES2MXXX).

Bertso Gutizirik ez

Kronikak azken urteetan Basque Culinary Centerren eta Insalusen laguntzarekin antolatutako Bertso Gutiziak saioa ere bertan behera geratu da oraingoz. Maiatzean zen egitekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!