BALIABIDE ETA ZERBITZUAK

Indarkeria matxistaren aurrean, hamaika baliabide, zerbitzu eta gomendio herritarrentzat

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 5a, 00:00

Aurreko urtean, indarkeriaren aurkako konzentrazioa egin zuten Astigarragako Udalaren parean.

Indarkeria matxistari aurre egiteko,  hainbat baliabide eta zerbitzuren berri eman dute Urumea bailarako hainbat herritan, hala nola, Hernani, Astigarraga, Arano eta Goizuetan. Lagungarriak izan daitezkeen gomendioak ere helarazi ditu Hernaniko Udalak.  

Konfinamendu garai honetan ere, gora egin dezakete indarkeria kasuek; eta hori dela eta, Urumea bailarako Hernani, Astigarraga, Arano eta Goizuetan, indarkeria matxistari aurre egiteko hainbat baliabide eta zerbitzu jarri dituzte herritarren eskura. Eta lagungarri izan daitezkeen hainbat gomendio eta zerbitzuen inguruko informazioa ere eskaini dute. 

«Etxetik azkar atera behar baduzu, eta debekua egon arren, hau ez da aplikatzen, indarkeria matxistaren aurrean laguntza eskaintzeko bada»

Hernaniko baliabide, zerbitzu eta gomendioak 
Zenbait gomendio luzatu ditu Hernaniko Udalak, bi kasu jarriz. Lehena, «Erasotzailearekin etxe berean bazaude»;  saiatu telefono mugikorra beti ondoan izaten. Ez isolatu eta saiatu lagun, senitarteko edota ingurukoekin harreman jarraiak izaten (telefonoz, emailez, whatsappez...). Berehalako laguntza behar izanez gero, bizilagunak entzuteko moduan «SUA» oihukatu. Prestatu etxean bertan, erasoren bat jasanez gero, babes leku izan daitekeen espazioren bat. Etxetik azkar atera behar baduzu, kalera ateratzeko debekua izan arren, debekua hau ez da aplikatzen helburua indarkeria matxistaren aurrean laguntza eskatzea bada. 
Bigarren kasuan, «Indarkeria jasaten ari den lagun edo bizilagun bat baduzu»; saiatu harremana mantentzen telefono dei, whatsap, edo horrelakoen bitartez, ez dadin bakarrik sentitu eta ez dadin isolatu. Hitz egiteko aukera badu, entzun eta ez ezazu zalantzan jarri kontatzen dizuna, saiatu arazoaren larritasuna ulertzen. Saia zaitez emakumeari ulertarazten egoera hori ez duela berak eragin, eta ez dagoela indarkeria justifikatzeko arrazoirik. Helarazi profesionalen telefonoak. Emakumearen segurtasuna edo bizitza, edo berarekin dauden adin txikikoena arriskuan ikusiz gero, deitu larrialdietara, 112ra. 
Horretarako, Hernaniko Uda­lak, hainbat profesionalen kontaktuak helarazi ditu, indarkeria kasuetan, hauetara deitzeko: Hernaniko Zerbitzu Sozialak, 943 55 78 54; Eusko Jaurlaritzaren genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako zerbitzu espezializatua: 900 840 111, 24 orduko zerbitzua eskaintzen dute, berehalakoa da, anonimoa, konfidentziala eta doakoa. Ez du arrastorik uzten telefono fakturan. Aipatu moduan, eguneko 24 orduetan erabili daiteke,  urte osoan zehar. 51 hizkuntzatan erantzuten du, entzumen edo mintzamen urritasuna dutenentzat berriz Telesor aplikazioa dago. Gainera, emakume biktimak, ingurukoak eta profesionalak ere atenditzen ditu. 
Larrialdietarako, kontaktuak 
Larrialdi egoeretarako, hiru profesionalen kontaktuak helarazi ditu Hernaniko Udalak, eta honakoak dira: SOS deiak 112, Udaltzaingoa 092/ 943 24 89 00, bertara deitu edo joan, eskatu babesteko eta gertuen dagoen ospitalera edo osasun zentrora eramateko. 
Eta azkenik, Ertzaintza 943 53 88 40, ertzaintzari ere eskatu babesteko, eta gertuen dagoen ospitalera edo osasun zentrora eramateko.   

 

Astigarraga, Arano eta Goizuetan ere, baliabide eta zerbitzuak

Indarkerien kasuak gora egin dezakete konfinamendu egoeran ere, hortaz, Astigarraga, Arano eta Goizuetak ere baliabide eta zerbitzuak jarri dituzte herritarren eskutara. 

Indarkeria matxistari aurre egiteko hainbat baliabide eta zerbitzuren berri eman nahi izan dute Urumea bailarako hainbat herrik, eta haien artean daude Astigarraga, Arano eta Goizueta. Izan ere, konfinamendu garai honetan, hainbat faktore medio, gora egin dezake indarkeria kasuak, beraz, lagungarriak izan daitezkeen hainbat gomendio eta zerbitzuen inguruko informazioa helarazi nahi izan dute. 
Astigarragako udaletxeko kontaktuak: Gizarte zerbitzuak 943 33 52 30; Berdintasun saila 943 50 57 01/ 638 206 586, eta Udaltzaingoa 943 335 230.  Horrez gain, Entzumen edo mintzamen urritasuna dutenek, mezu bat bidali dezakete 600 123 112 zenbakira. 

Nafarroan ere, kontaktuak
Goizueta eta Aranoren kasuan, 948 51 08 40 telefono zenbakia dago, astelehenetik ostiralera bitartean deitu daiteke, goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara.  

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!