Deskonfinamenduaren 0 fasea hasi da: haur eta helduak, adinekoak eta mendekotasunen bat dutenak atera daitezke kalera, paseatzera edo kirola egitera. Ederki aprobetxatu zuten atzo aukera, herritarrek.
Goizeko 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara paseatzera edo kirola egitera atera daitezke 14 urtetik gorakoak. Kirola herri barruan egin behar da, eta bakarka; mendira joatea ere kirol gisa hartzen da, eta, beraz, herri barruan den bitartean, joan daiteke. Paseatzera, berriz, etxetik kilometro batera atera daiteke, eta etxeko batekin lagunduta.
70 urtetik gorakoak edo mendekotasunen bat dutenek, bestalde, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara dute kalerako baimena, eta lagunduta joan daitezke. Haurrak, 12:00etatik 19:00etara atera daitezke, orain arteko baldintzak mantenduta. Haurrak laguntzen dituen helduak kirola ere egin dezake, aparte.
Neurri hauek guztiak beteta, nabaria izan zen atzo, Hernanin eta Astigarragan, herritarren kalerako gogoa. Aranon eta Goizuetan, bestalde, 5.000 biztanletik beherako herriak izanda, ez dute ordutegi mugarik.
Maskarak, garraio publikoan
0 fase honek, hasiera batean, maiatzaren 11ra arte iraungo du, eta orduan hasiko litzake 1go fasea. Bihartik aurrera, esaterako, garraio publikoan maskarak erabili beharko dira, baratzara joan ahal izango da, denda txikiak lanean hasi ahal izango dira txanda hartuta eta hildakoei beilak egiteko modua zehaztuko da.