Asko izan dira, bakoitza bere etxean, oihalezko maskarillak egiten aritu diren herritarrak, Urumea bailaran. Baina Koronabirusaren aurrean, maskarillak ez ezik, bestelako piezak ere egin dituzte bailaran: babes-pantailak eusteko biserak, eta maskarillak eusteko piezak egiten aritu dira, osasungintzako langileentzat, Astigarragako eta Hernaniko hainbat maker. Horrela izendatzen dituzte, bere kasa trasteatzen eta gauzak sortzen aritzen direnak, behar errealei erantzuteko. Eta kasu honetan, hiru dimentsiotako inpresorak erabiltzen dituzte. Horretan dabiltza, hain justu, Victor Barahona Astigarragan, eta Iurgi Los Arcos Hernanin.
«CoronavirusMakers izeneko komunitate baten parte gara, teknologiako adituen sare bat, martxoan estatu mailan sortu zena. Administratzaile talde bat daukagu, eta beraiek esaten digute zein den egoera eta zer inprimatu behar dugun, noiz hasi edo noiz eten produkzioa», azaldu du Los Arcosek. «Komunitate horretan, estatu mailan, dagoeneko 500.000 pieza baino gehiago egin ditugu», nabarmendu du Barahonak: «hemen bereziki ondo eta azkar antolatu gara».
12.995 pieza Gipuzkoan, aste gutxitan
Estatu mailakoa kudeatzeko, talde txikiagoak dauzkate, eta EAEn CovidEuskadi izenpean ari dira. EAEko datuak, covideuskadi.net web orrian dauzkate eguneratuta: Gipuzkoan 12.995 egin dituzte, 143 lagunen artean, 179 inpresorekin. EAEn 54.687 egin dira dagoeneko, gehienak Bizkaian, han bakarrik jarraitzen baitute martxan, beharra dagoelako: «Gipuzkoan produkzioa eteteko esan ziguten, orain dela hiru aste, oraingoz gehiago behar ez zirelako. Batetik, moldeak sortu zituztelako, fabriketan injekzio bidez egin ahal izateko bisera horiek; produkzioa azkarragoa da. Eta bestetik, ordurako ez zegoelako hasierako beharra».
Printzipioz, osasungintza publikora bideratutako talde bat da beraiena, eta taldeko arduradunak harremanetan daude, Osakidetzako arduradunekin. Haiek eskatutako diseinuak egiten dituzte, eta ideia berriak dauzkatenean, haiekin biltzen dira, proposamenak egiteko.
«CorovirusMakers izeneko komunitate baten parte gara, martxoan estatu mailan sortu zena. Dagoeneko 500.000 pieza baino gehiago egin ditugu, guztion artean»
Aisialdian lanean, mediku eta erizainei laguntzeko
Victor Barahonak eta Iurgi Los Arcosek, bere aisialdian egiten dituzte piezak. Ingeniaria eta diseinatzaile mekanikoa da Los Arcos, eta bere lanean, piezentzako moldeak egiteko diseinuak eta mekanizatua garatzen du ordenagailuz, Urnietako Moldeberri enpresan; kalitate arduraduna ere bada. Betidanik izan du gustuko horretan aritzea, eta bere produkzio propioa egin eta saltseatzeko erosi zituen 3D inpresora montatzeko piezak, orain bi urte inguru. Hortaz, etxean aritu da pieza horiek egiten: «ni martxoaren 26an hasi nintzen, eta handik bi egunetara enpresak ixtea agindu zutenez, bi aste horiek aprobetxatu nituen, ahalik eta bisera gehien egiteko. Lankide batek komentatu zidan, bazegoela maker talde bat 3D inpresorekin lan horretan ari zena, eta laguntzea erabaki nuen, mediku eta erizainek ahalik eta modu seguruenean lan egin dezaten», azaldu du.
CovidEuskadiren web orritik bertatik hartu zuen diseinua, Gipuzkoarako Osakidetzak eskatutakoa, eta bere inpresorekin jarri ziren martxan. Pieza bakoitza egiteko beharrezko denbora, ordea, inpresoraren araberakoa dela azaldu du: «nire kasuan ordubete inguruko lana da bisera bakoitza egitea, eta denera 62 egin nituen, produkzioa eten aurretik».
Barahonak, aldiz, lanbidea eta afizioa uztartzen ditu. Ingeniari industriala da, eta autonomo bezala aritzen da, 3D inpresioetan eta hardware libreko proiektuetan; eta dauzkan enkarguez gain, pieza berriak sortzen ditu aisialdian: «makerren artean, batzuek honetan egiten dugu lan, eta beste batzuek aisialdian egiten dute etxean. Baina guztiok egin dugu gure ekarpena. Nik martxoaren 12 edo 13an izan nuen honen berri Twitterren, mugitzen hasi zenean, eta tailerretik etxera eraman nituen lau inpresora txiki. 120-130 bisera eta maskarillak eusteko 90 pieza inguru egin ditut». Berak azaldu du, badagela jendea komunitatetik kanpo, diseinu horiek hartu, piezak egin eta saltzen aritu dena: «batzuek merke saldu dituzte, baina beste batzuek oso garesti, eta hori ez zaigu gustatu».
«Gipuzkoan produkzioa eteteko esan ziguten, fabriketan azkarrago egiteko moldeak sortu zituztelako, eta dagoeneko ez zegoelako hasierako beharra probintzian, biserak egiteko»
2009an deskubritu zituen Barahonak 3D inpresorak, «oraindik oso kontu berria zenean». Jarraipena egin zion, eta 2013an bere aurreneko inpresora montatu zuen: «garai hartan, oparitzen zizkiguten piezekin egiten genuen inpresora; burdindegian erositako torlojuekin eta abar, baina baita inpresora zeukan norbaitek egiten zizkizun piezekin, horiek ez baitziren saltzen. Zarauzko batek egin zizkidan piezak niri, berak bi hilabete lehenago montatu baitzuen inpresora. Eta inpresorako piezaren bat hautsiz gero, zerorrek egiten zenuen ordezkoa. Gerora hasi ziren kit osoa saltzen, eta orain, inpresora bera montatuta ere saltzen dute».
Biseren ondoren, maskarillak eustekoak
Beranduago hasi ziren, maskarillak eusteko piezak egiten: «biseren produkzioa gelditu zenean ekin genion horri. Kontua da, maskarilla hainbeste denboran jantzita eramateak min ematen duela belarrietan, eta sare sozialetan ikusi genituen buruaren atzealdean jarri eta maskarillak eusteko piezak bazirela. Taldeko administratzaileak Osakidetzarekin bildu ziren, horrelakoak ere egiteko prest geundela adierazteko eta diseinuaren inguruan hitz egiteko».
Pieza horiek, gainera, azkarrago egin dituzte, txikiagoak direlako: «ordubetean 10 pieza egin ditzaket nirean. Horregatik, aurreneko entregan pieza asko eman genituenez, horrelako gehiago ere ez dira behar oraingoz», azaldu du Los Arcosek.
Arnasgailuen piezak garatzeko lanean ari dira orain, «baina osasun arloko arduradunek onartuko zain gaude».
Egindako piezen entrega, DYAren esku
Pieza sorta bat eginda daukatenean, Telegram bidez egiten dute eskaera, zerbitzu automatiko batekin, horien bila pasa daitezen. DYA arduratzen da lan horretaz: «guk desinfektatu egiten ditugu piezak, eta 15naka sartu poltsatan; eta poltsa horiek poltsa haundiagoetan, guanterik gabe manipulatu ahal izateko. DYAkoak etxera etortzen dira horien bila», azaldu du Los Arcosek. «Eskualdean sortutako guztia, Lasarte-Oriako lokal batean biltzen du DYAk, eta bertan bukatzen dute muntaketa egiten, biserak eta babes-pantailak lotuz. PVC materialeko xafla garden bat da babes-pantaila hori, eta guk sortutako biserak, balio dute buruan finkatzeko», gaineratu du Barahonak: «eta behin prestatuta, eskatu duenari banatzen dizkiote. Eskaerak web orrian egin daitezke, formulario bat beteta».
Beraien piezak egiteko, berriz, PLA izeneko materiala erabili dute, polimero biodegradagarria: «landare jatorriko plastiko bat da, baldintza batzuetan konpostatu daitekeena. Batzuk ABS edo PETG materialak erabiltzen ari dira, baina gehienek PLArekin egin ditugu», azaldu du Barahonak.
Materiala, beraiek zeukatena erabili zuten hasieran, baina bukatu zitzaien heinean, eman egin diete: «DYAk eman digu materiala, eta webgunean donazioak ere eskatu dira», dio Los Arcosek. Astigarragako Udalak ere egin du bat ekimen solidarioarekin: 600 euroko ekarpena egin du, piezak sortzeko materiala erosiz.
Ordenagailu bidez programatzen da inpresioa, eta materiala gehitzen zaio 3D inpresorari, piezak egiteko: «plastikoa urtu egiten du, eta behetik gora kapak osatzen doa, zuk eskatu diozun forma osatuz, hiru dimentsiotan».
Produkzioa etenda, gauza berriak martxan
Gipuzkoan biseren produkzioa eten dutenetik, ez dira geldirik egon makerrak. Los Arcosek, esaterako, lankide eta senideentzako egin ditu piezak: «nire enpresan maskarillak erabiltzen ditugu, eta proba egin nuen, maskarilla horiekin balio ote zuten Osakidetzarako egindako piezek. Konturatu nintzen ahulegi geratzen zirela, eta erori egiten zirela. Horregatik, pixka bat aldatu, eta diseinu eta proba ezberdinak egiten hasi nintzen. Eta azkenekoarekin, gustura dabiltzala esan didate lankideek. Bestalde, aitarentzat ere egin ditut, elikagaien banatzailea baita. Eta hainbeste ordutan maskarilla erabiltzeak mindu egiten zizkion belarriak».
Barahonak, berriz, proiektu berri bat dauka esku artean, CovidEuskadi taldeko beste zenbait kiderekin: «joan den asteburuan, Hackathon izeneko ekitaldi batean hartu genuen parte; hobekuntzak egiteko maratoi batean. Europar Batasunetik, deia luzatu ziguten diseinatzaileei, enpresei, afizionatuei... Ideiak eduki zitzakeen edonori. Eta helburua zen gauza berriak sortzea Koronabirusaren prebentziorako. CovidEuskaditik, hiru talde osatu genituen parte hartzeko. Gurean, prototipo bat sortzen hasi gara: kasko moduko bat, bizkarrean dagoen makinatxo batek aire fresko filtratua helarazten diona. Ekipo hau existitzen da, baina garestia da, eta interbenituta dago, Gobernuen eskutik. 900-1000 euro dira, eta orain ez dago eskuragarri. Formulak bilatzen ari gara merkeago egiteko, material arruntagoekin».
«Elkarlana da, krisi hau menderatzeko bidea»
Astigarragan bertan, beste maker bat ere ari da piezak egiten, Barahonak azaldu duenez; eta Los Arcosek badaki, jende gehiago ere badela lan horretan Hernanin, bere borondatez. Eta horiekin batera, Hernaniko Lanbide Heziketak ere egin du bere ekarpena: 120 babes-pantaila egin dituzte ikasleek, eta horietako batzuk Udalaren esku utzi dituzte, herriko dendarien artean banatzeko.
Bertako ikasle izan zen Los Arcos bera ere, orain urte batzuk: «pozgarria da, horrelako egoera baten aurrean, jendea laguntzen ikustea, osasungintzan zein herriko komertzioetan lanean ari direnei; eta bereziki, zuk ikasi duzun eskola ari bada horretan. Elkarlana da, krisi hau menderatzeko bidea».
«Maker asko elkartzeko balio izan du honek, eta espero dut harremana mantentzea. Taldean jende asko dago zalantzak argitzeko prest. Birusaren aurka laguntzeaz gain, ikasi ere egin dugu»
Gogoratu du, berak han ikasi zuen garaian, ez zegoela gaur egun bezain zabalduta, 3D inpresoren teknologia: «pena da garai hartan erabiltzen ez ikasi izana, baina gerora baliogarri izan zaizkidan gauza asko erakutsi zizkidaten, eta baita esperientzia onak bizitzeko aukera eman ere».
«Jendeak ez gintuen ezagutzen, baina kolektibo haundia gara makerrak»
3D inpresorekin aritzen dutenek, kolektibo bat osatzen dutela nabarmendu du Barahonak, eta bakoitzak bere aportazioa egin duela, ahal zuen neurrian: «jendeak ez gintuen ezagutzen, baina kolektibo haundia gara makerrak, uste baino haundiagoa. Eta erakutsi dugu, jostailutxoak eta garrantzia gutxiko gauzak bakarrik ez, oso gauza erabilgarriak ere egin ditzakegula. Uste dugu, aportazio on bat egin dezakegula. Orain sortu den antolaketa mantendu nahi dugu, etorkizunean gauza berriak egiteko elkarrekin».
Zentzu horretan, Los Arcosek azpimarratu du, gauzak onak ere ekarri dituela egoera zailak: «Gipuzkoa eta Euskadi mailan gauden maker asko elkartzeko balio izan du, eta espero dut harremana mantentzea eta hau dena bukatzean elkar ezagutzeko aukera izatea. Taldean jende asko dago zalantzak argitzeko prest, eta eskertzekoa izan da beraien laguntza. Birusaren aurkako borrokan gure alea jartzeaz gain, ikasi ere egin dugu».