Maiatzaren 1a izan zen atzo, eta aspaldiko gogorrena izan zen, Langileen Nazioarteko Eguna. Bereziki momentu zailak bizi ditu lan munduak une honetan, COVID-19 birusaren eraginak gogor kolpatuta.
Eta esparru guztietan bezala, langabeziaren datuetan ere utzi du arrastoa, nahi baino haundiagoa, Koronabirusaren krisiak. Eta Urumea bailara ez da salbuespena izan, nabarmen egin baitu gora langabe kopuruak: 2020ko martxoan, 1.202 langabe izan dira Urumean, otsailean baino 112 gehiago (1.090 izan ziren), eta 2019ko martxoan baino 66 gehiago (1.136). Hernanin nabaritu da langabezia tasaren igoera gehien: 923 izan dira martxoan, otsailean baino 91 gehiago (832); iazko martxoan 859 ziren.
Nabarmenagoa da eragina, kontratu berrien kopuruan. 728 kontratu berri jaso dituzte Urumea bailarako herritarrek martxoan, otsailean baino 402 gutxiago (1.130 ziren orduan), eta iazko martxoan baino 401 gutxiago (1.129). Kontratu berrietan sartzen dira, lortutako behin behineko zein behin betiko kontratuak, eta baita behin behinekoa zeukatenak behin betiko izatera pasa diren kasuak ere.
Langabeziaren igoera orokorra izan da Hego Euskal Herrian, Koronabirusaren eraginez, otsailetik martxora: 14.364 langabe gehiago, 165.578 guztira. Euskal Autonomia Erkidegoan, %9,36 egin zuen gora langabeziak, eta 10.261 langabe gehiago izan ziren; 128.213 guztira. Gipuzkoan, zehazki, %9,9koa izan zen igoera, eta 3.072 langabe gehiago izan ziren.
Urumea bailaran 112 langabe gehiago izan ziren martxoan, eta 402 kontratu berri gutxiago jaso zituzten.
Nafarroan, Gipuzkoakoaren oso antzekoa izan zen igoera, portzentajetan eta kopurutan: %9,98 igo zen langabezia, eta 3.390 langabe gehiago izan ziren martxoan, otsailarekin alderatuta. Hori horrela, 37.365 langabe zeuden Nafarroan.
Koronabirusak eragin zuzena izan du langabeziaren datuetan, erakundeek nabarmendu dutenez. Borja Belandiak, Lanbideko zuzendari nagusiak, adierazi zuen langabeziak martxoan izandako gorakada, «nagusiki» gertatu dela «Koronabirusaren krisiaren ondorioz jarduera eten duten enpresetan aldi baterako kontratuak berritu ez direlako». Eta nabarmendu zuen, «joera positiboa» zela martxoaren 12ra arte, «pandemiak eragindako langabeak erregistroan agertzen hasi ziren arte». Eta azaldu zuen, horregatik ez balitz, EAEn «2.000 langabe gutxiago» izango zirela martxoan, otsailean baino.
Bere aldetik, Mari Carmen Maeztuk, Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak, nabarmendu zuen «2008ko krisi ekonomikoan baino azkarragoa» izaten ari dela lanpostuen galera, oraingoan. Horregatik, «erabaki garrantzitsuak» hartu, eta «Enplegu Plana egoera berrira bideratu» beharko dutela aitortu zuen.
Kontratu berrietan jaitsiera haundia, Aranon eta Goizuetan
Arano eta Goizueta bezalako herri txikietan, ez dira hain nabarmenak izaten gorabeherak, langabeziari dagokionez, herri haundiagoen aldean; Astigarraga eta Hernaniren aldean, adibidez. Eta hala gertatu da azkeneko hilabeteotan ere.
Aranon, langabe bakarraren eta biren artean egin du dantza azkeneko urte erdian, eta otsaileko bakarra bi izatera pasa da martxoan. Joan den urteko urtarriletik martxora, dena den, hiru ziren langabeak.
Goizuetan, berriz, gorako joera bat erakutsi du langabeziak, azkeneko sei hilabeteotan; eta baliorik haundiena izan du martxoan: 16 langabe izan dira, urtarrilean eta otsailean baino bat gehiago. Abenduan 14 ziren, azaroan 15, eta urrian 12. Aranon bezala, 2019ko aurreneko hilabeteotan baino hobeak dira datuak, hala ere: 23 langabe izan ziren martxoan, 22 otsailean, eta 24 urtarrilean.
Baina langabezian gorabehera haundirik ez den arren, kontratu berrien kopuruak erakusten du osasun alarma egoerak bi herriotan izan duen eragina. Aranoarrek 10 kontratu berri izan zituzten urtarrilean, eta 9 otsailean, baina beherakada izan du kopuruak martxoan: 4 besterik ez dira izan. Urte erdia hartzen badugu erreferentzia, dena den, horrelako gorabehera gehiago ere izan dira: urrian 12 kontratu berri izan baziren, 7ra jaitsi zen azaroan, eta 2 besterik ez ziren izan abenduan. Behin behinekoak izan dira kontratu berri guztiak Aranon, sei hilabete horietan.
Langabeziaren igoeran baino gehiago, kontratu berrien beherakadan nabaritu da krisiaren eragina.
Goizuetarren artean, aldiz, martxoan izan da kontratu berrien kopururik bajuena, alde nabarmenarekin: otsaileko 27etatik, 8ra jaitsi da martxoan. Urtarrilean 26 izan ziren, abenduan 20, azaroan 25, eta urrian 36. Goizuetako kasuan ere, behin behinekoak izaten dira kontratu berriak, eta gehienak, emakumezkoetan: bostetik lau, gutxi gorabehera, azkeneko hilabeteotan. Eta beraz, beherakada nabarmenena ere, emakumezkoetan izan da: otsailean 22 kontratu berri izatetik, 5era jaitsi da martxoan.
Aurtengo datuek, kontrastea egiten dute Goizuetan, iazkoekin: 2019ko urtarrilean 10 kontratu berri izan baziren, eta otsailean 11, martxoan 19ra igo zen kopurua.
19 langabe gehiago martxoan, Astigarragan
Bietan baino adierazgarriagoak izan dira langabezia datuak, Astigarragan. Urriko kopuru altuaren ondoren (263 langabe), behera egin eta 240 langaberen bueltan ezarri zen, hurrengo hilabeteotan: 240 azaroan, 250 abenduan, 241 urtarrilean eta 242 otsailean. Baina osasun alarma egoeraren eraginez, kopuruak gora egin du berriro, eta 261 langabe izan dira martxoan, otsailean baino 19 gehiago.
Edonola ere, Arano eta Goizuetaren kasuan bezala, kontratu berrietan da nabarmenagoa eragina: %40 baino gehiago egin du behera, kopuruak. Zehazki, 376 kontratu berri izan ziren otsailean, eta 222 martxoan. Kopuru hori kaxkarragoa da urtarrilekoa baino (291 izan ziren), eta nabarmen okerragoa, 2019ko azkeneko hiru hilabeteen aldean: 490 kontratu berri urrian, 335 azaroan eta 344 abenduan. Eta joan den urteko martxoarekin alderatuz gero, 205 kontratu berri gehiago jaso zituzten astigartarrek (427 guztira).
Astigarragan ere, behin behinekoak izaten dira kontratu berri gehienak, %90 inguru. Eta sexuaren arabera parekotasun gehiago badago ere, ohikoan emakumeek izaten dituzte behin behineko kontratu berri gehiago. Otsailetik martxorako aldea, ordea, nabarmen gehiago nabaritu dute haiek: otsailean 204 emakumek eta 145 gizonek jaso zituzten behin behineko kontratu berriak, eta martxoan, berriz, 90 emakumek eta 109 gizonek.
Sektoreari dagokionez, berriz, kontratu berri gehien izaten dituzten bietan izan da jaitsiera haundiena: zerbitzuetan, 278tik 162ra jaitsi da otsailetik martxora; eta industrian, 76tik 35era.
Ia 100 hernaniar gehiago, langabezian
Baina kopurutan kolperik haundiena, biztanle gehiago izanda, Hernanik jaso du martxoan. Ia 100 hernaniar gehiago zeuden langabezian martxoan, otsailarekin alderatuta: 832 ziren otsailean, eta 923 martxoan. Aurreko hilabeteotan ere ez da halako kopuru alturik ageri: urrian 833 langabe ziren, azaroan 805, abenduan 822, eta urtarrilean 837. Martxoko gorakada, bereziki nabaritu da zerbitzuen sektorean: 550 langabe ziren otsailean, zerbitzuetan aritutakoen artean; eta aldiz, 632 martxoan; 82 gehiago, beraz.
Emakumezkoak dira langabe gehienak Hernanin, 923 horietatik 515; eta horietatik 260, 45 urtetik gorakoak. Edonola ere, emakumezko zein gizonezkoetan, eta adin tarte guztietan izan du antzeko gorakada langabeziak, martxoan.
Kontratu berrien kopuruak konfirmatzen ditu, martxoko datu txarrak. 755 kontratu berri izan baziren urtarrilean, eta 718 otsailean, beherakada haundia izan du martxoak, 494 kontratu berrirekin. Joan den urteko martxoan, 675 izan ziren kontratu berriak.
Astigarragan bezala, parekotasuna dago sexuaren arabera, baina Hernaniren kasuan, normalean gizonezkoak dira kontratu berri gehixeago izaten dituztenak. Gehienak behin behienkoak dira, baina ez dira gutxi, behin betiko kontratuak lortu dituztenak ere: urtarrilean, 70 gizonek eta 55 emakumek; eta otsailean, 68 gizonek eta 48 emakumek. Martxoan egin du behera kopuru horrek: behin betiko 43 kontratu berri lortu dituzte gizonek, eta 25 emakumeek.
Baina behin behinekoak dira kontratu berri gehienak hernaniarren artean ere, eta beherakada haundiena, horietan izan da: urtarrilean 323 emakumeek eta 307 gizonek; otsailean 295 emakumeek eta 307 gizonek; eta martxoan 211 emakumeek eta 215 gizonek. Astigarragan bezala, zerbitzuetan izan da beherakada haundiena, otsaileko 473 kontratu berrietatik, martxoko 332etara. Eta beherakada haundia izan da industrian ere, 220tik 130era.
Apirileko datuetan, eragina nabarmenagoa?
Egun hauetan emango dituzte aditzera, apirileko datuak. Eta horiek erakutsiko dute, nolakoa izan den joera, Koronabirusaren krisi bete-betean. Litekeena da, langabeziaren gorakada eta kontratu berrien beherakada nabarmenagoak izatea, martxoan baino; are gehiago, Lanbidetik dioten bezala, martxoko aurreneko hamabostaldiko datuak onak baziren, eta hilabete erdian hainbeste okertzea eragin bazuen Koronabirusak.
Hilabete erdikoa beharrean, hilabete osoko zama izango dute apirileko datuek. Eta gainera, martxoaren 30etik apirilaren 14ra arte, etenda egon ziren enpresak, lehentasunezkoak ez diren jardueretan, Espainiako Gobernuak hala aginduta.
Datuek «enplegu prekarioaren ezegonkortasuna agerian», sindikatuen arabera
Martxoko langabezia datuen aurrean, kezkatuta eta kritiko azaldu ziren LAB eta ELA sindikatuak. LABek adierazi zuen, «igoera oso garrantzitsua» izan dela Hego Euskal Herri osoan, eta kopuru horiei gehitu behar zaizkiela Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak (ERTE direlakoak) jaso dituzten langileak: «datu hauek garbi erakusten duten, azken hilabete eta urteotan sortu den enplegua prekarioa izan dela, eta horren ezegonkortasuna».
ELAk, berriz, adierazi zuen langabeziaren igoera izan dela, hein batean, «Koronabirusaren aurrean enplegua defendatzeko neurriak hartu ez direlako, edo berandu hartu direlako». Eta dio, «enplegua babestuko duten bermeak» ezarri behar direla, eta «kaltetutako langileak babesteko neurri sozialak» hartu.