Oinherri

Gaur Euskal Herriko haurren aldeko txalo zaparrada eskatu du OinHerrik

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 26a, 00:00

Haurtzaroaren defentsan manifestua plazaratu du OinHerri Herri Hezitzailea ekimenak.

Gaur, 12:00etan, Euskal Herriko haurren aldeko txalo zaparrada eskatu du OinHerrik. Orain arte erakutsitako jarreragatik zorionak eman, kalera atera ahal izango direla ospatu baina bereziki, haurren eskubideak aldarrikatzeko txalo egitea eskatzen da. Bizi den egoeran haurtzaroa kontuan hartu dadin osatu dute OinHerriko eragileek aste honetan ezagutarazi zuten manifestua. Bide batez, adierazpenean jasotzen diren ideia eta aldarrikapenekin bat egiten dutenei atxikimendua azaltzeko bidea ematen da www.herrihezitzailea.eus atarian.
Zortzi oinarri biltzen ditu OinHerriko manifestuak: haurrak ikusgai bihurtu beharra dagoela aldarrikatzen da; Haurren Eskubideen Adierazpena oinarri dela haurren denfentsarako; haurtzaroa eta nerabezaroa etorkizuna ez ezik oraina ere badirela azpimarratzen da; naturaren presentzia ezinbestekoa dela, haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenerako; umeen hitza entzun eta umeei hitza eman behar zaiela; haurrek herri eta hirietan kalea hartu behar dutela; ikuspegi inklusiboa erdigunean jarrita haur eta nerabeen erronkak komunitatearen ardura direla eta haurren eskola mundua bera dela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!