BANAKAKO KIROLAK

Banakako kiroletan txapelketak eta lasterketak bertan behera geratzen ari dira lehiatzeko fetxak hurbiltzen diren heinean

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00

Pelotan GRABNI torneoa suspenditu berri da, aurretik Tilos Zazpi Pasa bezala eta mendi lasterketetan Ereñotzu eta Goizuetako lasterketak ez dira aurten lehiatuko. Beste kirol askotan krisiaren garapenaren zain daude erabakia hartzeko.

Pelota banaka, binaka eta taldeka jokatzen den arren banakakoen multzoan sartu ditugu bere ezaugarri bereziengatik. Esan, pelotan, modalitate desberdinetan, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko zuzendaritza batzordeak denboraldi honetako GRABNI txapelketa bertan behera uztea erabaki duela aste honetan bertan.

Osasun krisiaren ondorioz, lehiaketa ofizial guztiak bertan behera geratu ziren martxoan. Federazioen arteko txapelketako lau jardunaldi jokatu behar ziren jada, baina ezin izan da bakar bat ere jokatu. Hasiera batean, eta lehiaketa jokatu ahal izateko itxaropenarekin, Euskadiko Federazioak lehiaketa-sistema aldatu eta egutegira egokitzeko aukera aztertu zuen. Hala ere, alerta egoerak aurrera jarraitzen duela ikusita, eta guztien osasuna lehenetsita, GRABNI 2020 txapelketa bertan behera uztea erabaki du.

Tilos Zazpi Pasa ere orain jokatzen egon behar zen, baina martxoan suspenditu egin zen, Emakumeen Masterra bezala.

Profesional mailan, Oriamendi 2010 zain dago erremontearen aktibitatea hasi eta Galarreta irekitzeko. Kontuan hartu behar da aurten 50 urte beteko dituela Hernaniko frontoiak. Esku pelotan Aimar Olaizola binakakoaren finalerdietan zegoen eta oraingoz zer egingo den ez daki inork.

Kirol indibidualetan lasterketak eta txapelketak hurbildu ahala ari dira erabakiak hartzen. Maiatzean lehiatu behar zirenak bertan behera geratu dira; horien artean Ereñotzu eta Goizuetako mendi lasterketak. Eta beste kiroletan garapenaren zain daude lehiatuko diren edo ez jakiteko. Oraingoz ekainekoak ez dira suspenditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!