Beste bi astez, kirola etxean

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00

Portugalen edozein kiro-jarduera egiteko aukera dago, beti bakarka.

Umeak kalera irten daitezke bihartik, baina kirolaren inguruko berrikuntzarik ez dago eta maiatzaren 11ra arte, gutxienez, berdin jarraituko da.

Alarma egoeran Espainiako Gobernuak edozein jarduera fisiko eta kirola etxetik kanpo egitea debekatu zuen martxoaren 15ean. Ordundik herritar orok ezin izan du kalera irten kirola eta jarduera fisikoa egitera. Salbuespen bakarra osaun arazoak medio senda agiria dutenak izan dira, beti ere etxetik gertu eta denbora mugatuan. 41 egun bete dira gaur eta nahiz eta alarma egoeraren baldintzak aldatu diren, kirolaren debekuak bere horretan mantendu dira.

Bihar bertan martxan sartuko den alarma egoeraren luzapenak ez du aldaketarik ekarri, jendea beste lan jarduera batzuetara itzuli den arren. Umeen itxialdiak ere aldaketak izan ditu eta deskonfinamenduaren usaina dabilenean, kirola kanpoan egitearen ilusioa piztu da jende askoren artean, baina horretan geratu da oraingoz, esperantzan.

Kirol taldeak etxeetan ari dira entrenatzen, jendeak ariketa fisikoak egiten ditu saloi, gela, balkoi edota etxeko jardinetan. Hori da guztia. Zapai eta garajeetan kirola egiterik ez dago eta horrela jarraituko du.

 

Kritikak kirola ezin delako kanpoan egin

Murrizketa horiek kritika gogorrak eragin ditu sektore desberdinetatik. Kirolari ospetsuak hitz egin dute Rafa Nadalen kasuan bezala. Mallorkarrak aste honetan bertan galdetzen zuen zergatik ezin duten bere jardueran aritu segurtasun neurriekin lanerako erabakiak nahiko zabaldu diren bitartean.

Gainera, munduan zehar eta inguruko herrialdetan itxialdia ez da hain murriztzailea izan eta horrek hautsak harrotu ditu.   Bidasoaren hegoaldean ariketa egitera ezin da irten eta iparraldean berriz orduak dituzte kalera irten eta ariketak egiteko. 

Ildo horri tiraka Eusko Jaurlaritza deskonfinamendurako prestatzen ari da, baina egia esan maiatzaren 11ra arte kirolari, kirol talde eta jarduera fisikoaren zaleak etxean jarraitu beharko dute entrenatzen, izerditzen eta gorputza zaintzen.

 

Banaka eta denbora tarte jakin batean jarduera fisikoa transizio fasean

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteartean egin zuen agerraldia. Trantsizio Plana mailakatua izango dela eta beti ere pandemiaren bilakaeraren menpe egongo dela adierazi zuen, baina deskonfinamenduan ere hiru baldintzak jarraituko dute indarrean, ondorengo hilabeteetan: urruntze fisikoa, maskararen erabilera eta eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.

Helduek banaka eta denbora-tarte jakin batez jarduera fisikoa egin ahal izateko irteerak hartuko dituzte kontuan lehenik, trantsizio fasean.

Hala ere, horretarako Espainiar Gobernuak ezarritako alarma egoera nola kudeatuko duen ikusi beharko da eta zein babes dituen Pedro Sanchezek Kongresura itzultzen denean hemendik hamaika egunera.

Hurrengo asteko azken egunetan Gobernuak gertatu daitekeena aurreratu dezake beti ere krisiaren garapenaren arabera, umeen erabakian bezala. 

 

Europako herrialde ia denetan egin daiteke kirola kalean konfinamenduan

Espainia eta Italia dira herrialde bakarrak mendebaldean, kirola aire zabalean debekatua dutenak. Inguruko beste denetan egin daiteke.

 

Oraingoz Espainia eta Italia dira ariketa fisikoa kalean debekatu duten herrialde bakarrak Espainia inguruan. Alemanian, Portugalen, Erresuma Batuan, Belgikan edo Frantzian kirola egin dezakete. Italian Espainian bezala oraindik ez dute erabaki kirola noiz egin daitekeen kalean.

 

Alemanian kirola egin daiteke kalean mugarik gabe eta gomendatu egiten da

Alemanian, haize freskoaren bertuteak gurtzen dituen herrialde batean, haurrak eta helduak kalera atera ahal izan dira une oro, inolako justifikaziorik behar izan gabe. Ahal den guztietan etxean geratzea gomendatzen da, baina paseatzera eta kirola egitera inolako mugarik gabe irten daiteke. Irten egin daiteke, baldin eta metro eta erdiko segurtasun-tartea mantentzen bada, eta gehienez bi pertsonako taldeetan ateratzen bada, salbu eta familia badira eta etxe berean bizi badira. «Aire zabaleko jarduera fisikoa baimenduta dago, baita gomendatuta ere», dio Segurtasun Kontseilu Nazionalak onartutako testuak.

 

Belgikan kirola egin daiteke kalean binaka

Belgikan, Gobernuak etxean geratzeko eskatzen die biztanleei, baina korrika egitera, bizikletan ibiltzera eta oinez ibiltzera joateko baimena ematen die eta animatzen ditu belgiarrak, baldin eta etxe berean bizi diren familiak bakarrik laguntzen badie. Haien ustez, dagoeneko elkarrekin bizi direnez, ez da kutsatzeko arriskua areagotzen, eta gehienez kanpoko lagun bat gehitzeko baimena ematen zaie. Hori bai, gainerako jendearekin metro eta erdiko segurtasun-tartea mantentzea eskatzen zaie.

 

Frantzian kirola egin daiteke kalean arratsaldeko zazpietatik goizeko hamarrak arte

Frantzian kirola egiteko neurriak aldatzen joan dira konfinamendu garaian. Hasieran kirola edoizen ordutan egin zezaketen ordu betez eta kilometroko distantzian. Eguraldi ona beste mehatxu bat bihurtzen ari zen koronabirusari aurre egiteko, eta erabaki zorrotzagoak hartu zituzten konfinamendua gogortzeko edo, gutxienez, herritarrek izan ditzaketen baldintzak betetzeko.

Honela apirileko bigarren astetik aurrera,  gaueko hamarretatik, goizeko zazpiak arte bakarrik baimendu zen kirol jarduera kalean. . Frantzian bere laugarren astean sartzen hasi zenean, runnerrak harrien azpitik atera ziren. Espainian ez bezala, eta Belgikan bezala, frantsesen baldintzak laxoagoak dira arlo horretan. Banakako jarduera fisikoa onartuta dago etxetik kilometrora gehienez eta ordu betez.

 

Portugalen kirola banaka egin behar da kalean

Portugalen ere herritarrek kirola egin dezakete kalean. Hori bai baldintzak daude, leku guztietan bezala. Eta baldintza nagusia da banaka egin behar dela kirola, inoiz ez binaka.

Herrialde honetan edozein kirol-jarduera egiteko aukera dago, baldin eta bakarka egiten bada. Hau da, pertsona bat korrika egitera atera daiteke, edo txirrindularitza praktikatzera, edo saskibaloi-pista batean saskira jaurtitzera... ezinbesteko baldintza horrekin: bakardadean egitea.

 

Erresuma Batuan ariketa fisikoa binaka edo familia nukleoan

Erresuma Batuan muga belgikan bezala binaka egitearena da, baina gehiago joan daitezke familia-nukleoa denean.

Egunean behin egin daiteke kirola aire zabalean, gehienez ordubetez. Gainera, familia taldeko gainerako kideekin batera egin daiteke, beraz, ohikoa da pertsonak korrika edo txakurra paseatzen ikustea, baita haurrak patinetean edo bizikletan dituzten familiak ikustea ere. Hori bai: ezinbestekoa da beste pertsona batzuekiko bi metroko segurtasun-distantzia gomendatua mantentzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!