Nerabeak

Plan bereziak egunero, Hernani eta Astigarragako Gaztelekuen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 24a, 00:00

Egoera berrira egokitu, eta arratsaldero eskaintzen dute nerabeentzako plana, bi herrietako Gaztelekuek, sare sozialetan.

Gaztelekuan elkartzerik ez daukatenez, Koronabirusak eragindako egoera berrira egokitu dira Hernanin eta Astigarragan, eta etxetik etxera elkartzen dira orain, sare sozialen eta interneten bitartez. Horretarako, egunero prestatzen dute plana, bi herrietako Gaztelekuek; eta egun hauetan ere, badute zerekin entretenitua, nerabeek.

Hernanin, 18:00etan jartzen dute hitzordua arra­tsaldero, Jitsi Meet izeneko aplikazioaren bitartez; eta hgaz­telekua idatzita sartu daitezke, Gaztelekuaren egongela birtualera, hezitzaile eta gazteekin elkartzeko. Gaur, Etxealditik Euskaraldira kanpaina aurkeztuko dute bertan.

Bihar, berriz, Hernaniri buruzko galdetegia zabalduko dute Instagramen bitartez. Beste le­hiaketa bat ere martxan da, aste osoan zehar: euskal asmakizunak. Egunero ari dira asmakizun bat jartzen Instagramen, eta erantzunak bidali behar di­tuzte, 12-17 urteko gazteek. Igan­dean jakinaraziko dute zein den irabazlea, 19:45etan Instagramen egingo duten zuzeneko­an. Asma­­­kizunen liburua da saria.

Astigarragan, berriz, Zeinek asmatu gehien? jolasean ariko dira gaur, hiriburuak gai hartuta. Bihar, Gazterrezetaren txanda izango da, eta Oreo irabiatua egiten ikasiko dute. Eta igandean, dokumentala jarriko dute ikusgai: Super size me. Datorren asterako ere jarri dute plana: Hitz Pasa jolasa astelehenean, eta txiste lehiaketa asteartean eta asteazkenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!