Konfinamendu egoerari aurre egiteko eta ikaskuntza materiala eskuragarri jartzeko beharrak bultzatuta, Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berezi bat jarri du martxan, ekainaren bukaera arte burutu ahal izango dena. Euskal historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea, ondarea… Ikastaroan landuko diren alorretako batzuk besterik ez dira. Ikastaroaren ohiko matrikula %30 merketu du fundazioak, eta izenematea dagoeneko zabalik dago, bere webgunean: www.nabarralde.eus.
Moduluetako bakoitza, itzal haundiko historialariek zuzendutakoa da; besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant. Eta Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakontzen dute: historiaurretik hasi eta 1936ko gerraraino, Orregako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.
«Ikastaro honek Euskal Herriko historiaren irakurketa orokor eta sintetiko bat eskaintzen du, ikuspegi propio batetik landua», azaldu du Angel Rekaldek, Nabarralde Fundazioko zuzendariak.
«Zalantzarik gabe, ikastaro honetan Nabarraldek oinarri nagusitzat dituen kontzeptuak lantzen dira, eta zoriontzekoa da urtez urte eta edizioz edizio jasotzen duen erantzun eta harrera ona», azpimarratu du Rekaldek.
Ikastaroa zuzenduta dago, gaian interesa duten edo beraien jarduna garatzeko prestakuntza behar duten irakasle eta hezkuntza munduko profesionalentzat, zein publiko zabalago bati.
Bakoitza bere erritmoan
Ikastaroa, matrikula osatu eta berehala hasiko da. Hala, ikasle bezala alta ematen denetik ekaina bitartean, ikasle bakoitzak bere erritmo propioa markatzeko gaitasuna izango du, beti ere irakasleek lagunduta. Ikastaroa e-learning ikaskuntzan oinarritzen da, ikaslea ikaskuntza prozesuan laguntzeko baliabide ugariak eskaintzen dituelarik. Ikasgai bakoitza osatzen da sarrera bideo batez, ikasgaiaren zuzendariak landutako edukiez, eta eduki gehigarriz.