Lurraren Egunaren bezperan Haritzalde Naturzaleen Elkarteak salatu nahi du Hernaniko Etxola Berri inguruan «egurraren lobbyek, Gipuzkoako Aldundiaren babesaz, eginiko sarraskia eta ingurune naturalaren eta biodibertsitatearen aurka buruturiko eraso larria, eta amarru zein trikimailu ezberdinen bidez gizarte osoari egindako iruzurra. Bertako basoa eta natur babesgunea behar zuen tokian orain soilgune erraldoia eta laster inbaditzailea bezain kaltegarria den eukaliptadia izango dugu».
Urte gutxian 300 hektareatik gora (300 futbol estadio) eukalipto landatuak Hernanin
Alarma guztiak piztu dira Hernanin zabaltzen ari den espezie «arrotz inbaditzaile» horren landaketa eta ustiaketa industriala dela medio. Gainera horietako gehienak babesturiko eremuetan (Aiako Harria Parke Naturalean) edo «babes legala izan beharko luketen eremuetan» kokatzen dira, Kartolako bailara kasu. Baina oraingoan, «Etxola Berri inguruan triskantza ederra burutu dute, mehatxaturiko espezie ugariren habitata kaltetuz eta 70 hektarea inguru erabat soilduta eta txikituta utziz».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia eta baimena lortu zuen
Hori aurrera eraman duen enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena lortu zuen bere aktibitatea aurrera eraman ahal izateko. Haritzaldetik diote espero dutela dirulaguntzarik ez dutela jaso «bestela are larriagoa litzateke eta. Baina gainera trikimailu ezberdinak erabili dituzte baimenak lortze aldera. Jabe bakarraren izenean zegoen lursaila, elkargo hura osatzen duten kideen artean banatu dute lau sailetan partituz».
Horrelako azalerek ingurumen gaineko inpaktu ebaluaketa behar dute, are gehiago galtzeko arriskuan dauden bi ugaztun espezieren eta mehatxatutako beste sei landareren eta hainbat animaliaren habitatari zuzen eragiten badiote. «Ez zaie ordea ezer eskatu eta jarritako baldintzak barre egiteko modukoak dira» talde naturzalearen esanetan.
«Ez dute begirunerik izan babestutako espeziekin»
Mendietako Foru Arauari eutsiz, eta emandako baimenetan jasotzen den moduan, bertako landaredia ezin da moztu, hau da, gorostiak, haritzak, gereziondoak, lizarrak eta abarrekoak (8-10 zentimetrotik gorakoak behintzat). «Erabat soilduta geratu da eremua, gorosti eskas eta bakan batzuk baino ez dituztela errespetatu. Zonalde batzuetan bertako baso misto eta hariztia zetorren, baina arrastorik ez. Ez dute begirunerik izan ezta beheko errekastotik 100 metroko gerrikoan, zeina Kontserbazio legeak zorrozki babesten duen eta galtzeko arriskupeko bi espezieen (bisoia eta muturluzea) kudeaketa planetan jasota dagoen. Erreka horren altzoan babesturiko hainbat landare espezie daude, horietako bat Gipuzkoa osoan bailara honetan bakarrik aurkitu dena».
Hala eta guztiz ere, Aldundiak errespontsabilitatea duela salatu du Haritzaldek. «Orain arte haien alde jokatu du, ez soilik jarduera baimenduz, baizik eta trikimailuak onartuz. Orain, lege eta araudiaren urraketa agerian dela Diputazioa zorrotz jokatzea eta atzera egitea litzateke logikoena, ikerketa abiatuz, zigor-espedientea irekiz eta Fiskaltzaren esku informazioa jarriz, balizko delitu ekologikoa azter dezan».
«Eremu babestua izan behar zuen»
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak 2013an eskatu zuen Parke Naturala edo Babes Bereziko Eremua izendatzea eremu horretarako. «Aspaldiko kontua da, ordea. 1991ean Leitzarango autobidearen afera konpondu zen garaikoa. San Lorenzo akordioa ordungo Herri Batasunak (egun, Bilduren parte) eta Euzko Alderdi Jeltzaleak sinatu zuten eta 1992an gauzatu zen PSE-EE gehitu zela. Bada, itun hartan Leitzarango bailaran Parke Naturala sortuko zelako konpromisoa zegoen. Inoiz ez zen bete ordea, egun soilik Leitzaran ibaia eta ertzak Natura 2000 sarean daudela».
2013an Leitzaran aranetik Urumea ibairaino (Egun Babes Bereziko Eremua ere bai) hartuko lukeen Naturgunea sortzea eskatu zuen Haritzaldek, «inongo erantzunik jaso ez bagenuen ere. Duela urte pare bat eskaera hura gogora ekarri genuen eta orain, 2020an berriro ere aldarrikatu egiten dugu besteak beste Kartola bailarak dituen balio natural anitzak babestuta egon daitezen».
«Udala ez zen agudo ibili»
Haritzaldek nabarmentzen du Hernaniko Udala ez zela agudo ibili bere garaian. «Lursail ugari erosteko aukera izan bazuen ere, beste lehentasun batzuk finkatu zituen aukera ezin hobeari muzin eginez».
Egoera «jauntxoek eta basoko industriaren lobbyek baliatu zuten lurrak merke erosteko. Pinuaren negozioa amaituta, orain kanpoko beste koniferoei eta hain kaltegarria den eukalipto inbaditzaileari bidea eman diete zoritxarrez».