Udazkenean bete-betean sartuta gaude. Nabaria da inguratzen gaituzten baso eta landaredian, hostoek hartutako kolore marroixkan. Baina gune batzuk lehenago ihartu dira, 'banda marroia' gaixotasuna medio. Beste batzuk, aldiz, udazkenean sartuta ere, berdetzen ari dira, besteak beste, eukaliptoaren landaketa medio. Roxario Pikabea, Hernaniko basozainak kezkatuta begiratzen du ingurura. «Ikuspegiak bateratu beharraz» hitz egiten du. «Jabe partikularrek errentagarritasunari begiratzen diote», eta bere ustez, «hor dago arazoa; banda marroia dela medio, partikularrak ari dira pinudi asko moztu eta eukaliptoa sartzen». Etxolaberri aldea aipatzen du, eta Urruzuno erreka ingurua, Olaberri, Purgatorio edota Sagarretako erreka, Aranorekin muga egiten duena; «pinuak mozten ari dira, eta seguru asko, eukaliptoa landatuko dute».
Goizueta aldeko egoera beste bat dela dio Maite Arrizurieta Mendialdeko basozainak. «Urte asko dira Insignis Pinuaren gaitza deklaratu genuela. Oraindik berrogeialdian dago, baina Goizuetako lur komunaletatik kendu genuen duela bi urte, eta partikularrak orain ari dira kentzen. Baina hemen eukaliptoa ez da sartu. Lurrak oso pobreak dira».
Gaixotasunak harrapatu duen pinu espeziea Insignis Pinua da, Monterrey edo California Pinua bezala ere ezaguna (Pinus Radiata). Aurtengo otsailean Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzarekin argitaratutako EAEko Baso Inbentarioa 2018 estatistika ofizialaren arabera, azken bi urteetan, Gipuzkoako 43.000 hektarea hartzetik 39.704 hektareatara murriztu da Insignis Pinua. Horien ordez, hainbat baso edo lurjabek eukaliptoak landatu dituzte. Hortxe, kezkaren koxka.
Tokian tokian, egoera desberdina
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, egoerak hobera egin du. Hala azaldu du Arantxa Ariztimuño, Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak. «Egoera dezente hobetu da, eguraldiaren poderioz. Iaz, tenperatura altuen eta hezetasunaren konbinazioak gaixotasuna asko hedatzea eragin zuen. Aurten ez da halakorik gertatu edo ez neurri berean behintzat, eta gaixotutako pinudien kopurua erdia baino gehiago jaitsi da Gipuzkoan: 2018ko abuztuan 18.822 hektarea zeuden gaixotasunaren eraginpean; espeziearen %52, eta aurtengo abuztuan, berriz, 8.400 hektarea; hau da, espeziearen %25. Edonola ere, gaitza ez dago indargabetuta oraindik, inola ere ez, eta lanean jarraitu behar dugu».
Fernando Otazua, Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendari teknikoak beste ikuspegi bat ematen du. «Gipuzkoan, banda marroia gaixotasuna aipatu zen jadanik 1942an, Madrilgo Ministerioko Baso Ikerketa eta Esperientziarako Institutuak argitaratutako Las Micosis del Pinus Insignis en Gipuzkoa lanean. Hamarkadetan zehar gaixotasunarekin elkarbizitzan izan gara, baina egungo gogortasuna ezezaguna zen. Adituek zepa gurutzaketak aipatzen dituzte, dibertsifikazio genetikoaren hedatzea... Emaitza izan da gogortasun leherketa. Insignis Pinuak Gipuzkoako baso azaleraren %30 hartzen du, eta egur-mozketen %90. Azken urteetan, lehenengo sektoreko errentarako 20 milioi euro sortu ditu, eta kanpo-onura positiboak (CO2a xurgatzea, uren neurri hidrologikoa erregulatzea, biodibertsitatea mantentzea...) 90 milioi eurokoak dira, urteko. Baina Insignis Pinudien azalera urtetik urtera txikitzen ari da banda marroiaren eraginez, eta egun, 33.000 hektarea geratzen dira Gipuzkoan; horietatik %25 (8.250 ha) gaixotasunaren eraginpean, maila desberdinetan».
«Gure asmoa da banda marroiari aurre egiteko gure esku dauden tresna guztiak erabiltzea»
Denera, Gipuzkoan «120.000 hektarea baso» daudela kalkulatzen du. Hernanin, Gipuzkoako Baso Elkarteko bazkide diren 32 lagun daude, «1.000 hektarea ingururen jabeak». Hernaniko Udaleko Ingurumeneko Sailetik Olatz Urrutibeaskoa teknikariak eta Mattin Aldaia zinegotziak azaldutakoaren arabera, denera, Hernanin «42km2 landa-lur daude (4.200ha)» eta Roxario Pikabea basozainak zehazten du horietatik «25km2 inguru izango direla mendia (2.500 ha)».
Arturo Elosegi EHUko biologian doktoreak egoera larria dela uste du. «Banda marroiaren eragina asko aldatzen da leku batetik bestera. Esango nuke Hernani-Oiartzun eskualde horretan eragina erabatekoa dela. Insignis Pinu gehienak ihartuta daude edo ihartzen ari dira, eta gainera, ez da banda marroia bakarrik. Lehenago beste gaixotasun mordoxka bat badira. Ez da hainbeste gaitz zehatz bat. Baizik eta egoera orokorra oso txarra dela».
Aurre egiteko, oxido kuprosoa eta birlandaketa
Egoera hobetzeko, beraz, zerbait egin behar. Oxido kuprosoaren tratamendua aipatu da.
Otazuaren esanetan, «Zeelanda Berria bezalako herrialdeetan erabiltzen da eta emaitzak pozgarriak dira. Tratamendu hauek prebentiboak dira, pinuen azikulak babesten baitituzte balizko infekziotik. Pinuen azikulak arbolaren gainaldean daudenez, ondoen egokitutako tratamendua airezkoa litzateke. Baina legediaren aldetik mugak ditu, Madrilgo Ministerioaren bitartez Europako baimena lortu behar baita. Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera, ordea, baztertu egin zuen Madrilek, produktu hau airez erabili izanaren esperientziarik ez dagoela iritzita. Horren ondoren, tratamendua lurrean aplikatzea eskatu zen, eta onartu zen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak lekuz kanpo zegoela iritzi zion, muga asko baitaude: tratatu behar diren pinuen altura, azpiegiturak, eta espezializatutako enpresarik eza lurraldean. Beraz, ez zen diru-laguntzetarako kontuan hartu».
Hala ere, eskatu denetan tratamendua aplikatu dela dio Ariztimuñok, Aldunditik. «Beti esan dugu lurreko tratamenduak ibilbide motza zuela gurean, lur sailen atomizazioagatik edota orografiagatik, horrek tresneria sartzea oztopatzen baitu, besteak beste. Hala ere, eskatzen zuten jabeei aukera hori ahalbidetzea erabaki genuen, gure asmoa baita banda marroiari aurre egiteko gure esku dauden tresna guztiak erabiltzea. Hamabi eskaera onartu ziren, eta 128,03 hektareatan aplikatu zen tratamendua». Zehazki galdetuta, baieztatu du Hernani ez dagoela tartean.
Azkenean airez aplikatu ezin izan bada ere, Jaurlaritzak oxido kuprosoa erabiltzeko hartutako erabakiaren berri jakitean, Ekologistak Martxan bezalako elkarteak kezkatuta agertu ziren, «oxido kuprosoaren airezko fumigazioak ingurumenaren kontrako atentatua» egitea esan nahi duelako, eta «Euskadiko mendi eta erreken erailketa masiboa eta aurrez pentsatutakoa». Ez diote horrelakorik, Ariztimuñok eta Otazuak. «Oxido kuprosoa da gaur egun produktu eraginkorrena, eta ingurugiro aldetik jasangarriena. Ohiko produktua da nekazaritza ekologikoan, legezkoa, eta jarduerarekin bateragarria».
Dena den, «eragin prebentiboa» daukala zehazten du Ariztimuñok; «gaixo dagoen hostoa ez du berdetzen, baina berde dauden hostoak berde mantentzen laguntzen du. Tratamendu eraginkorrena aire bidezkoa da, eta hala adierazi diogu Espainiako Ministerioari, baina ez du baimenik eman. Neiker-Tecnalia, beste Aldundiekin eta Jaurlaritzarekin batera, aire bidezko tratamendu esperimentala egiten ari gara beste produktuekin, eskala txikian, eta emaitzen zain gaude. Eta, batez ere, Aldundiak sekulako bultzada eman die diru-laguntzei azken bost urteetan, kopurua lau bider handituz. Indar berezia eman diogu gaixotutako zuhaitzak moztu eta birlandatzeko lerroari: 1.171.732,36 euro bideratu genituen 2018an, 828 hektarearen birlandaketa babestuz». Zer birlandatzeko, ordea?
Gaixotutakoen ordez, zer landatu?
Otazuak azaldu du «pinudien mozketa goiztiarra egin behar izan duten baso-jabeak, logikoki birlandaketarako beste espezie batzuk aukeratzen» ari direla. Gipuzkoan, gehien landatzen ari direnak dira «Cryptomeria japoniarra, Sequoia Sempervirens, Douglas Izeia, Itsas pinua (Pinus pinaster), eta gutxiago, Nitens eukaliptoa (izotzaldiei ondo eusten die)». Aldundiko datuak bat datoz: «Eukaliptoaren presentzia Gipuzkoan oso murritza da: azken inbentario ofizialaren arabera (2016koa), 573 hektarea baino ez zeuden, zuhaitz azalera guztiaren %5 baino gutxiago. Eta espezie hori, gainera, ez dago Aldundiak birlandaketarako diruz laguntzen dituen espezieen artean. Iaz, esaterako, kriptomeria, sekuoia, itsas-pinua eta pagoa izan ziren nagusi, hurrenkera horretan».
Eukaliptoa diruz lagundu ala ez, ordea, areagotzen ari dela uste du Roxario Pikabea, Hernaniko basozainak, herriko datu berriagoei erreparatuta, behinik behin: «Etxolaberri aldean orain 2 urtez geroztik 60 bat hektarea inguru landatu dira, eta aurten beste 100 landatzekoak dira, Durangoko paper-fabrika baten haritik. Horrez gain, hainbat partikular ere ari dira: Euntzin, Olaberrin beste 50 hektarea ere izango dira. Hernani baterako dezente da». Arturo Elosegi biologoa ere ados dago. «Administrazioa ez dakit hori bultzatzen ari den, baina esango nuke sektore batzuk baietz».
Eukaliptoa; alde eta kontra
Baina, zergatik halako kezka, eukaliptoaren inguruan? Ariztimuñoren ustetan, «espezie bakoitzak bere berezitasunak dauzka,. Baina basoen kudeaketa jasangarrian eta orekatuan sakondu nahi badugu, eta gure basoen etorkizuna bermatu, eztabaida ezin da espezieetara soilik mugatu». Dena den, aipatzen du «babestutako natur eremuetako zenbait gunetan mugak egon daitezkeela» eukaliptoa landatzeko. Baina, «argi esan behar» dela, «eukalipto landaketak egitea orokorrean legezkoa dela, eta, beste espezie batzuekin oreka mantenduz egiten badira, ez dela arazo».
Otazuak ere uste du «ingurugiroarekiko kaltegarria den zuhaitzik ez» dagoela. «Baliteke espazio jakin batean sartzea ez izatea onena, baina hortik, ingurugiroarentzako kaltegarritzat jotzera, alde handia dago». Era berean, Rosa María Calvo de Anta, Santiago de Compostelako Unibertsitateko Edafologian Katedradunaren esanak aipatzen ditu Galiziako hego-mendebaldeko eukaliptoaz. «Elikagairik ematen ez duen lur gainean bizi da, drainatzearen eraginez galtzen baitira. Eukaliptoak galduko liratekeen elikagai horiek hartzen ditu, eta horien %70 itzultzen ditu hostoen bitartez».
«Ekosistema osoaren funtzionamendua mugatzen da eukaliptoak dauden erreketan»
Arturo Elosegi, ordea, beste iritzi batekoa da. EHUko Landare Biologiako eta Ekologia Departamentuko irakaslea da, eta bere taldeak 30 urte daramazki gizakien jardunak erreketan duen eragina aztertzen. «Ildo nagusietakoa izan da aztertzea basogintzak zein eragin daukan ibaien gainean. Erreketan ikusten dugun eragina nahiko gogorra da. Erreka txikiak basoari oso lotuta daude; bertako xomorro edo intsektuentzat janari nagusia da lehorretik datorren orbela. Altza, pagoa, haritza... Bertako espezieetara daude ohituta. Eukaliptoa da espezie arrunta, baina nahiko orbel toxikoa dauka. Bertako espezie asko ez dira gai eukalipto orbela jateko. Ornogabeak, erreketakoak, gutxitzen ari dira, edo ez dira ondo hazten ari, eta horrek eragin dezake arazoa arrainetan eta beste espezietan. Azkenean, ekosistema osoaren funtzionamendua dago mugatuta edo aldatuta eukaliptoak dauden erreketan». Eragin gehiago ere aipatzen ditu. «Eukalipto orbelak olio pozoitsua du, eta hidrofoboa bihurtzen du lurra, ez da lurra atxikitzen. Iragazgaitzagoa bihurtzen da lurra, euri ura gutxiago sartzen da, gutxiago infiltratzen da lurra eta gainezka egitea errazagoa da. Uholde gogorragoak eta lehorte luzeagoak izaten dira eukaliptoak dauden basoetan». Hala ere, dio: «eukaliptoaren arazo nagusietakoa da, nire ustez, oso mozketa txanda motza duela. Haritza mozten da 150 urtetik behin; pagoa, 100 urtetik behin; pinua, 40 urtetik behin; eta eukaliptoa, 12 urtetik behin. Mozketa handiak inpaktua handia dira arro osoan, eta errekan ere bai. Horrek dakar pistak egin beharra, aldatzen da errekara iristen den argia, erreka lokazten da, arro osoa hankaz gora jartzen da. Urumea bailaran badira espezie mehatxatuak, landareak, animaliak, eta mozketa hauek kalte egiten diete. Ur-satorra, edo Soldanella villosa edo uhandre piriniarra mehatxatuta egon daitezke».
Administrazioen eta lur-jabeen arteko dantza
Roxario Pikabea, Hernaniko basozainak ere ez du begi onez ikusten eukaliptoa. «Azidifikatu egiten du lurra, sustantzia kendu. Landare batek, jaten ez badu, ez da hain azkar hazten. Eukaliptoarena inbasioa da. Eta, horri, nola eman buelta?». Galdera egin, eta erantzun. «Administrazioak, bai Udalak eta baita Aldundiak ere, egin behar luke lurrak erosi, eta hosto zabala landatzea sustatu; lanpostuak ere sortuko lirateke. Mendian belaunaldi erreleborik ez dago, lurrak utzi egiten dituzte, eta lobbyek erosi. Frankoak, publikoak ziren mendi horiek orain 2-3 mende. Horretara itzuli behar genuke. Baliabideak administrazioek dauzkate. Falta dira borondatea eta gogoa».
Urrutibeaskoak eta Aldaiak diote «Udalak berea den lur gutxi» daukala. Hernaniko 42km2etatik «Udalarenak %5-10 bitartean dira. Eta batzuk onura publikoko mendiak dira; kudeaketa Aldundiak egiten du: Aparrainen, Akolan, adibidez, pinua jadanik aterata dago, eta horren ordez, hosto zabala sartua dago; dena, Aldundiaren programaren barruan. Beste sail batzuetan, Merku mendian, Purgatorio errekatik gora, orain gutxi eskuratu du zati bat Udalak, eta pinua atera eta hosto zabala landatu du. Gure politika hori da: mendi bat eskuratzean, pinua badauka atera, eta bertako landarea, lekuari dagokiona landatzea. Erosi dugun azken terrenoa Urruzuno errekakoa izan da, ia 7 hektarea. Oso zonalde garrantzitsua da. Inguruko terrenoetan paper-fabrika batek eukaliptoa zeukan landatua, eta hori saihesteko erosi genuen. Eremu horretan landare endemiko batzuk badaude, galtzeko zorian daudenak, eta babestu egin behar dira. Errekaren goialdean eukaliptoa landatzen bada, erreka pixkanaka ihartu egingo da, eta landareari on egiten dion hezetasuna kaltetu. Bereziki babestu behar genuke, baina Aldundiaren babesa behar dugu».
«Ingurugiroarekiko kaltegarria den zuhaitzik ez dago»
Eta badirudi, hor topatzen dituztela desadostasunak, Urrutibeaskoaren esanetan. «Guretzako bioaniztasuna eta kontserbazioa dira helburua. Ez basogintza. Baina jabe pribatuek hori nahi dute. Aldundiak esaten du partikular bati ezin zaiola aprobetxamendurako aukera kendu. Ni kontrakoa naiz. Bioaniztasuna defendatu behar litzateke, eta hori kontrako jarrera da. Egur-zaleak oso lobby handiak dira». Horregatik, azaltzen du Udalak egin dezakeen bakarra egiten duela: herri-bideak erabiltzeko (moztutako zuhaitzak ateratzeko, makinaria sartzeko...) abalak jarri.
Hain zuzen, horren kexu dira egur-zaleak. Otazuaren esanetan, «pinuen gaixotasuna hondamendia da. Basogintzak jarraitzea zalantzan jarri du, eta EAEn 18.000 lanpostu sortzen ditu». Gipuzkoan, berriz, «6.300 lanpostu», Aldundiaren esanetan. Otazuak azaltzen du Insignis Pinuetako egurra «bioekonomiaren oinarria» dela. «Material berriztagarri, birziklagarri eta biodegradagarria da. Eraikuntzan erabiltzen da, karbono aztarna oso baxua duelako. Proiektu energetikoak ere garatzen ari dira egurretik, eta ehungintza- eta farmazia-industriak egurraren alde egiten ari dira. Mota guztietako papera lortzeko egurra, bereziki, Insignis Pinu eta eukalipto sailetatik dator. Hernanin bada eukalipto enpresa bat, urtean 600.000tns egur kontsumitzen dituena, eta Uruguay eta ingurutik ekarri behar izaten du, Gipuzkoako lur okerrenetan ekoitzi baliteke ere. Baina herri-bideak erabiltzeko udaletxe batzuek duten araudia arazo larria da, eta basogintza jardueran eragiten du». Araudi batzuk «Aldundiarenak diren konpetentziak hartzen» dituztela dio: «eremu babestuak deklaratzea, mehatxatutako espezien kudeaketa planak, hiri-ordenamenduetako planak... ezin dira inposatu landa-lurreko bizilagunak kontuan hartu gabe».
«Administrazioak egin behar luke lurrak erosi, eta hosto zabala landatzea sustatu»
Aldunditik Ariztimuñok aitortzen du «basogintzaren ekarpena ezin dela bakarrik ekonomikoki neurtu. Lurralde oreka eta landa eremua bizirik mantentzea, paisaia, bioaniztasuna, uholde eta suteen kontrola, airearen kalitatea, aisialdirako espazioak... gure ongizatea bermatzeko ezinbestekoak diren hainbat onura dakarzkigu. Zuhaitzek gure azaleraren %62 betetzen dute. Gipuzkoaren etorkizuna ezin da basorik gabe ulertu eta klima aldaketaren arazoari ezingo zaio basorik gabe aurre egin». Otazuak dio «bateragarriak direla bioaniztasuna mantentzea eta basogintzatik irabazi ekonomikoak ateratzea». Baita Ariztimuñok ere: «Basoen kudeaketa jasangarriaz ari garenean, jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurugiro arlokoa uztartzeaz ari gara. Gure basoen %80 jabe txiki pribatuen esku daude. Haien ekarpena ezinbestekoa da, eta bideragarritasun bat eskaini behar diegu. Banda marroiaz gain baditugu erronka handiagoak: belaunaldi aldaketa, esaterako. Jabeen batez besteko adina oso altua da; basoen abandonua saihestea da daukagun desafio nagusia».
Nafarroan eredua desberdina da Arrizurietaren arabera. «Goizuetak dituen 4.000 hektareatatik (Artikutza kenduta, horiek 3.000tik gora baitira) 900 bat produkziorako utzi dira. Pinua kenduta, produkziorako zonak izendatu ziren, baratzak bezala tratatzen dira. Mozketa-txanda ertaineko zuhaitzak daude, eta kalkulatzen da 60-80 urtean aterako dela egurra. Gainontzeko guztia bertako basorako utzi da, ez da ukitzen, bere martxan uzten zaio, 10 urtekoa den kudeaketa planaren barruan».
Pikabeak nahiago luke hori, Hernanin ere. «Urruzuno erreka aberatsa da, eraberritzeko daukan gaitasunagatik. Baina inguruan eukaliptoa landatzen ari da eta erreserba natural izendatu behar litzateke. Hernaniko birika da. Daukagun industria eta kutsadurarekin... Etekina ekologia mailan ere atera daiteke! Gero, Brasili eskatuko diogu birika lana! Lehendabizi antolatu dezagun nork bere etxea, auzoarena baino lehen, badago-eta, zeregina!».