Greba Digitala deitu dute biharko eta etzirako, euskal kulturgintzan: sortzaileei, antolatzaile eta bitartekariei, komunikabideei, hezitzaileei, kulturzaleei eta herrikideei eskatu diete, interneten kultur edukirik ez konpartitzeko, bi egunez.
Hiru helburu izango ditu, Greba Digitalak: gogoeta eta eztabaida soziala eragitea, norberak euskal kulturgintzarekiko daukan atxikimenduaren inguruan; premiazko neurriak hartu behar direla exijitzea, Koronabirusaren larrialdiak eragingo dituen kalteei erantzuteko; eta euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten guztientzat elkargunea izango den mahai, bilera edo topaketa antolatzeko lanean hastea.
Ekarpen, gogoeta, iritzi zein kritikak, emailez helaraztea eskatu diete herritarrei, helbide honetara: ekarpenak@kulturgintzan.eus. Informazio guztia, interneten dago ikusgai, kulturgintzan.eus web orrian.
Dagoeneko 750 eragilek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin; tartean, Urumea bailarako hainbatek. Ikusgai dago zerrenda osoa, webgune horretan bertan; eta baita atxikimendua adierazteko txokoa ere.