Indarra hartu du azkeneko egunetan, haurrei kalera ateratzea baimentzeko eskaerak. Eta horri erantzungo dio Espainiako Gobernuak, datorren astetik aurrera ezarriko duen aginduarekin: osasun alarma egoera eta konfinamendua luzatuko ditu beste bi astez, maiatzaren 9ra arte; baina baimendu egingo du haurrak kalera ateratzea, «tarte batez», eta «muga eta baldintza batzuekin». Hala eman zuen aditzera Pedro Sanchez presidenteak larunbatean, eta hala proposatu zien atzo, autonomia erkidegoetako presidenteei. Aste honetan eramango du proposamena, Diputatuen Kongresura.
Presidenteak aditzera eman du, ez dela orain arteko «alarma egoera bera» izango, eta maiatzerako aurreikusi duten «deseskalada» faseari begira jarriko direla, «normaltasun berria» ezartzeko pixkanaka.
Aurreneko pausoa izango da haurren «deskonfinamendua», Sanchezek berak izendatu zuen bezala: «Gobernuaren aholkulari diren adituek, uste dute posible dela arintzea haurren konfinamendua. Haurren psikologiako eta pediatriako espezialistekin hitz egin dugu, proposamen hori lantzeko. Kalera ateratzeko aukera eman nahi diegu, tarte batez».
Haurren irteerak, baina mugatuta egongo dira, eta baldintza batzuk bete beharko dituzte, kutsatzeak saihesteko. Datozen egunotan zehaztuko dituzte muga eta baldintza horiek.
Horrela, «egoeraren bilakaera positiboaz gozatzeko aukera» izango dute haurrek ere. Izan ere, «zailena» lortu dela azaldu du Sanchezek, «herritarren sakrifizioari esker. Baina lorpen hauek, oraindik ere ez dira nahikoak, eta oso hauskorrak dira. Ezin dugu lortutakoa arriskuan jarri, presazko erabakiak hartuz. Aurrerapen gehiago lortu behar ditugu, hurrengo fasean sartu eta konfinamendua kendu aurretik».
Presidenteak espero du, estatua prest egotea maiatzean, deseskalada fase hori hasteko; eta aurreratu du, ez dela zertan berdina izan toki guztietan: «errealitatea ezberdina da toki bakoitzean, eta birusaren eragina ere bai. Hortaz, deseskalada ere ezberdin egin daiteke».
Hori bai, jakinarazi du, «arrisku txikiena» ikustekotan, «deseskalada eten» egingo dutela, eta prebentzio neurriak berriro indartu.