Koronabirusa

Egoera berrien aurrean, irizpide eta neurri berriak

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 18a, 00:00

Asteartean, komertzio konkretu batzuk irekitzeko baimena eman zen, eta Ertzaintzak, hainbat irizpide eta neurri berri ezarri ditu. 

Duela egun batzuk, hainbat komertzio irekitzeko baimena eman da eta hori horrela, Ertzaintzak hainbat irizpide eguneratu, aldatu eta  helarazi nahi izan ditu. Izan ere, askok izango zuten zalantza ze merkataritza-lokal egongo zen irekita, eta Ertzaintzak argi utzi du honakoak direla: janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak barne; edari dendak; farmaziak; osasun-zerbitzuak baina ezarritako murriztapenekin (larrialdia edo atzera ezinezko tratamenduak); optikak; ortopediak; higiene-produktuen dendak; prentsa eta paper dendak; gasolindegiak; estankoak; teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak; etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak; internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak; tindategiak; arropa-garbitegiak eta albaitaritza klinikak; ibilgailuak alokatzeko enpresak; banku-erakundeak; notarioak; aholkularitzak eta aseguru-erakundeak; abokatu-bulegoak; gestoriak eta finken administrazioko bulegoak. Honakoa gaineratuz, «ezin dira jendearentzat ireki txikizkako lokal eta establezimenduak, aurreko guzti hauek izan ezik». 

Zerbitzugune edo gasolindegietako kafetegiak edo jatetxeak ez dira ireki oraindik, hori azpimarratu du Ertzaintzak, hala ere, jakiak saldu daitezke, eta gidari profesionalentzat, Catering zerbitzua baimenduta dago. 

Nekazaritza eta merkatuak
Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko aukera dago, hau da, merkatu eta azoka tradizionalak egin daitezke, hori bai, argi utzi du Ertzaintzak, ezinbestekoa dela osasun neurriak kontuan hartzea. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, jai-giro edo gizarte- eta aisialdi-izaera duten azoka edo merkatu tradiozionalak,  alde baterako etenda geratuko dira.

EAEko udalerrietan, jai-giro edo gizarte eta aisialdi izaera duten azoka edo merkatu tradizionalak alde batera geratuko dira

Familia baratzera, neurriak hartuz
Familia baratzetan lan egiteko aukera dago, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, «Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira». Eta gainera, azpimarratu dute bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez direla baimen honen barruan sartzen. 

«Elikagaiak jasotzeko aukera dago, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere». Hau guztia egiteko aukera dago, baina lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.

Eraikinetako lanak, nola? 
Eraikinetan «ezin da esku-hartzerik egin, baldin eta bertan obrarekin berarekin erlaziorik ez daukaten pertsonak baldin badaude». Salbuespen bakarra jarri dute, obrak sektorizatuta egotea edo konponketak presazkoak badira.

Eta aipatu dute, fatxadak konpontzeko, ezinbestekoa dela aurretik aipatutako betekizun guztiak betetzea.

Azalera handiko saltokiak
Joan etorriei buruz ere jardun du Ertzaintzak, eta horietako irizpide bat azalera haundiko saltokiei buruzkoa izan da. Izan ere, elikagaiak eta beharrezkoak diren produktuak erosteko, ahalik eta joan-etorri gutxien egin behar dela ohartarazi du Ertzaintzak, eta gainera hurbileko tokietara joan behar dela azaldu du. «Azalera haundiko saltokietara edo horien antzekoetara joan ahal da, bakoitza bizi den udalerritik hurbil dagoenera». Horrez gain, irizpide berri bat gehitu dute, ohiko bizilekutik lantokira edo lantokitik ohiko bizilekura doan ibilbidean dauden saltoki eta azalera handietara erosketak egitera joatea baimenduta dago. 

Bidaiarien artean, gutixenez metro eta erdiko distantzia gordeko da derrigorrean

Garraio publikoetan ere, neurriak aldatuta
Garraio publikoetan, orain arte moduan, Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta «bidaiarien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia gordeko da derrigorrean, edo ahal bada bi metroko distantzia». Distantzia hori sarbideetan eta itxaron-geletan ere gordetzea komeni dela azpimarratu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!