Askok eta askok baino hobeto ezagutzen du COVID-19 edo Koronabirusa, Miguel Von Wichmann hernaniarrak. Mediku infektologoa da, eta bere ohiko jardunaren barruan dago, horrelako birusak izan ditzaketen pazienteekin tratatzea. Azken asteotan, baina, guztiz aldatu da bere laneko ohiko dinamika, eta «ia osotasunean», Koronabirusa duten pazienteak tratatzen ditu une honetan.
Baina mediku bezala bakarrik ez, paziente bezala ere tokatu zaio birusa ezagutzea, oraingoan. Aurrenekoetakoa izan zen, gainera: Koronabirusa oraindik Euskal Herrira iritsi ez zela uste zenean kutsatu zen bera. Astebete sintomekin egon ondoren, okerrera egin, eta proba egin zioten: positibo eman zuen, eta bi aste egin zituen ospitalean ingresatuta.
Birusaren ezaugarriei, sintomei, kutsatzeko moduei zein ez kutsatzeko neurriei, eta beste hainbat konturi buruz aritu da, Kronikarekin.
Mediku infektologoa zara. Zein izaten da zure eguneroko lana, normalean?
Gure ohiko lanean infekzioetako pazienteak tratatzen ditugu, bai ospitalizatutakoak eta baita kontsultetara etortzen direnak ere. Besteak beste, ikusten ditugu arnas infekzioak, hezurretakoak, bihotzekoak, bidaietan harrapatutakoak, edo antibiotikoetara erresistenteak direnak.
Eta aste hauetan, osasun alarma egoeran, zein ari da izaten zure egitekoa? Koronabirusa duten pazienteekin harreman zuzena daukazu?
Azken aste hauetan gure ohiko dinamika guztiz aldatu da, eta gure lana ia bere osotasunean Koronabirusa duten pazienteak tratatzean zentratu da. Momentu honetan, gure solairuan ingresatuta dauden paziente guztiek Koronabirusa dute. Arreta Intentsiboko Unitatean ere Koronabirusa duten ingresatuen zenbatekoa asko hazi da, baina azken egunetan zenbakiak egonkortzen ari dira, eta behar izanez gero, oraindik lekua eta erantzuteko gaitasuna badago.
Aurreneko pertsonan ezagutu duzu COVID-19 birusa zuk ere. Aurreneko kasuetako bat izan zinen gainera. Nola kutsatu zinen zu?
Gipuzkoan diagnostikatutako lehenengo Koronabirus kasuak, otsaileko azken astean ezagutu genituen, eta gehienek Italiara egindako bidaiekin zuten harremana.
Ni izan nintzen aurreneko kasuetako bat, bai; baina azken asteetan ez nuen atzerrira bidaiatu, eta ezta atzerrira bidaiatutako norbaitekin zuzeneko harremanik eduki ere. Baliteke, beraz, uste baino aste batzuk lehenagotik birusa kalean egotea, eta arnas infekzio batengatik ingresatutako paziente batek ni kutsatu izana.
Kontatu nola izan zen prozesua: nola hasi zinen nabaritzen birusa, eta nola izan ziren hurrengo asteak.
Kasu gehienen antzera, lehenengo astean eztularekin, eztarriko minarekin eta sukar bajuarekin hasi nintzen. Bigarren astean, berriz, sukar altuarekin eta arnas arazoekin hasi, eta ingresatu egin ninduten.
Hasieran, ez genekien hemen Covid-19rik zegoenik, baina Gasteizen zenbait medikuk positibo eman ondoren, niri ere probak egin eta birusa nuela ikusi genuen.
Zenbat denbora egon zinen ingresatuta? Sendatuta zeunden etxera joan zinenean?
Martxoaren 3an ingresatu, eta 14 egunez egon nintzen ospitalizatua. Etxera etorri nintzenerako askoz ere hobeto nengoen, baina oraindik beste bi aste egon behar izan nuen aislamendu neurriekin.
Uste duzu birusa kutsakorragoa dela, hasieran uste zena baino? Zein dira kutsatzeko moduak?
Bai, epidemiaren hasieran esan zigutena baino kutsakorragoa dela ikusi dugu.
Kutsadura gertatzen da, eztula egitean, doministiku egitean edo hitz egitean ahotik botatzen ditugun txistu tanta haundienekin. Horregatik diogu gure artean 1,5 metroko distantzia mantendu behar dugula. Eskuen bitartez ere kutsatzeko arriskua dago, birusa eduki dezaketen objektuak ukituz gero. Horregatik da hain garrantzitsua eskuak sarritan eta xaboiarekin garbitzea, eta pertsonen arteko kontaktua ahalik eta gehien mugatzea.
Kutsagarritasun tasa haundia da? Esaterako, bost lagun elkarrekin hizketan ari badira ordu erdiz, metro eta erdiko tartea utzi gabe, eta batek Koronabirusa edukiz gero, denak kutsatuko ditu?
Hala da, infekzioaren transmisioa nahiko erraz gertatzen da. Badirudi kutsatzeko dugun arriskua, infektatuta dagoen pertsonak duen birus kantitatearen araberakoa dela, eta hau batez ere kutsaduraren lehenengo fasean gertatzen da. Hala ere, kontutan izan behar dugu sintomarik ez duen pertsona bat ere kutsakorra izan daitekela.
Infektatutako pertsona batekin denbora nahikoa egoten bagara, denak kutsatu gaitezke noski, nahiz eta ondoren bakoitzak sintomatologia oso ezberdina garatu dezaken: batzuek sintomarik gabe pasa dezaketen moduan, beste batzuek sintoma larriak izan ditzakete.
Zein dira kutsatzea saihesteko neurriak?
Beste petsonekiko 1,5 metroko distantzia errespetatzea, eskuak sarritan eta xaboiarekin garbitzea, eztula edo doministiku egitean ahoa ondo tapatzea (hobeto ukondoarekin egiten badugu), eta noski, etxeko irtenaldiak behar beharrezko minimoetara mugatzea.
Maskarillekin dago eztabaida: batzuek diote baliogarriak direla ez kutsatzeko, eta beste batzuek, bakarrik osasungintzan edota kutsatuta daudenentzat direla baliogarriak. Zer diozu?
Maskarillen erabilera beharrezkoa da kutsatutako pertsona bat zaintzen edo tratatzen gabiltzan horientzat, baita garraio publikorako edo distantzia minimoak errespetatzeko aukera ez dagoen lanpostuetarako ere.
Momentu honetan dugun arazoa da, ez daukagula frogatutako efikazia duten maskarilla nahikorik, lehentasunezko erabilpen horiei erantzuna emateko. Kantitate nahikoak egongo direla eta salmenta prezioetan abusurik emango ez dela bermatzen den momentuan, planteatu ahal izango dugu biztanleria osoak erabili ditzan. Oraingoz ezinezkoa da.
Ziurtagiria ez duten maskarillek ez dute beharrezko filtro funtzioa betetzen, eta beraz, ez dute kutsadura saihesteko efikazia bermatzen.
Mediku infektologo bezala: nolakoa da birus hau? Zer dakigu horri buruz?
Oso zabala den familia baten parte da birus hau. Koronabirusa deitzen diegu, hauek guztiek koroa baten antzerako puntak dituztelako. Familia horren barruan, hainbat birus daude, sintomatologia ezberdinekin: batzuk ohiko hotzeria bat eragiten duten bitartean, SARS edo MERS deiturikoek heriotza-tasa altuagoa izan dute. Animalietan oso ohikoak diren batzuk ere badaude.
Egia da xaguxarretan sortutakoa dela? Nola iritsi da guregana?
Badirudi jatorria xaguxarretan dagoela, bai, animalia horietan %98ko antzekotasuna duen birus bat aurkitu baita. Ondoren, Pangolin deitzen den eta Txinan jaten duten animalia baten bitartez, birusa indartu eta gizakiekiko kutsatze ahalmena irabazi du. Horrek azaltzen du, lehenengo Koronabirus kasuak aurkitu izana animalia basatiak saltzen dituzten Txinako Wuhan hiriko merkatu batean.
«Txerto bat erabili ahal izateko, lehenago frogatu behar da gizakiontzat efikaza eta segurua dela, eta lan hori burutzeko hilabetetako ikerketak behar dira»
Mutatzen eta eraldatzen dijoa birusa, ezta? Nola gertatzen da hori?
Bai, birus guztiekin gertatzen den moduan, honek ere egokitze ahalmen haundia du, eta hori mutazioaren bitartez lortzen du. ARN kode genetikoarekin kodifikatzen diren birusetan ohikoagoa da hori. Mutazioen bitartez beren agresibitate maila haunditu edo txikitu dezakete.
Zein arrisku ditu mutazio horrek? Zaildu egiten du txertoa lortzea?
Birusa gizakietara igaro zenetik izan dituen mutazioek ez dute gure zeluletara batzeko zona aldatu, eta horixe da gu infektatzeko erabiltzen duen lekua. Horregatik, batuketa zona horretan eragingo duten txertoek kasu guztietarako balio izatea espero da.
Noizko eduki dezakegu txerto hori? Eta behin txertoa lortuta, zein da hurrengo pausoa?
Txerto bat erabili ahal izateko, lehenago frogatu beharra dago gizakientzat efikaza eta segurua dela, eta lan hori burutzeko hilabetetako ikerketak behar dira. Horregatik, ikerketa hauek egiten dabiltzan talde asko dauden arren, txertoa eskura eduki ahal izateko hilabeteak itxaron beharko ditugu.
Txertoa lortzen denean, gainera, beharrezkoa da mundu osoan eta arrazoizko prezio batean produzitzeko gaitasuna edukitzea. Erabilpena, beraz, etorkizunean izan ditzakegun epidemia berriei begirakoa izango da, gripearekin egiten dugun antzeko moduan.
«Batzuek egungo egoeran bakarrik zentratu nahi badute ere, osasun sistema pulikoaren egungo gabezien jatorria, azken urteetan jasandako murrizketetan kokatu behar dugu»
Birusa pasa duen pertsona, immunea dela esaten da. Hala da?
Badakigu infekzioa gainditzen duen pertsona batek immunitatea garatzen duela. Zentzu horretan, oso interesgarria da ikustea nola ari diren baloratzen sendatutako pertsonen odoletik ateratako sueroa erabiltzeko aukera, kutsatutako gaixoak babesteko. Ez dakiguna da, babes honek zenbateko iraupena izan dezakeen, oraindik historia kliniko laburregia duen infekzioa baita Koronabirusa.
Zein bilakaera izan dezake birusak, datozen hilabeteotan? Udaran etena izango du, dioten bezala?
Immunitatea garatu duen jende nahikoa dagoenean gutxituko da epidemia. Ez dugu beroaren eraginez gutxitzen denaren frogarik, baina gure kasuan eta infektatutako jende kopuruari erreparatuz, baliteke gutxitze horrek udararekin kointziditzea.
Hego hemisferioan ere, klima eta tenperatura guztietan zabaldu da birusa. Egia da ohiko katarroa eragiten duen Koronabirusarekin hori gertatzen dela, baina goizegi da Covid-19arekin konklusio horretara heltzeko.
Konfinamenduan jarraitzen dugu, gutxienez apirilaren 26ra arte. Zenbatekoa da neurri horren mesedea? Zer gerta liteke bestela?
Konfinamenduak infekzioaren zabaltzea mantsotzea ahalbidetu du. Osasun sistema asko kargatu bada ere, kutsatzearen mantsotze horrek ahalbidetu du, gure partetik, batez ere larriak izan daitezkeen kasuei erantzun on bat eman ahal izatea. Zaila da konfinamendu neurrien onura behar bezala baloratzea, sintomarik gabeko edo sintoma arinak dituzten infektatuak diagnostikatzeko ezintasuna baitago.
Argi duguna da, neurri hauek hartu izan ez balira, birusaren zabaltzea askoz ere azkarragoa izango litzatekela, eta gure osasun sistemak gainezka egingo lukeela, zerbitzu medikuen bitartez saihesgarriak diren heriotza asko eta asko sufrituz.
Batzuek egungo egoeran bakarrik zentratu nahi badute ere, osasun sistema publikoaren egungo gabezien jatorria, azken urteetan jasandako murrizketetan kokatu behar dugu. Hala ere, eta batez ere bere profesionalei esker, munduko herrialde oso gutxirekin alderagarria den osasun sistema publikoa dugu hemen.
Osasungintzan lan egiten duten profesional guztien prestutasuna eskertu behar dugu, baina ez soilik mediku edo erizainena, baita bertako garbiketa, hornidura edo janari zerbitzuetako langileena ere; azken urteetan, azpikontrata bitartez, pribatizatu eta prekarizatu diren zerbitzuak. Horiei guztiei esker konpentsatu ahal izan dira murrizketek eragindako gabeziak.
«Ez baditugu konfinamendu eta babes neurriak beharrezko denboran mantentzen, orain arte egindako esfortzuarekin irabazitako guztia galdu egingo dugu»
Badira neurri hori hartu ez duten herrialdeak... Zer diozu?
Neurri hauek biziak salbatzen dituztela, eta bereziki arrisku gehien duten horien babesa bermatzeko guztiz beharrezkoak direla. Hala ere, hasiera batean ezezkoan ziren herrialde horiek ere, orain, berandu eta neurri eskasekin bada ere, neurriak aplikatzen hasi dira. AEBetako adibidea ikusi besterik ez dago: guztiz pribatizatuta dagoen osasun sistema defizitario batekin, dagoeneko kutsatu gehien dituen herrialdea da, kostu sozial handiena jasaten ari dena, eta laster munduko heriotza tasa handiena izango duena.
Zalantzarik ez dugu kutsaduraren hazkundea kontrolatzen lagundu duen erabakia, lehentasunezkoak ez diren enpresa guztien itxiera izan dela, nahiz eta hau ere motz geratu den. Pandemia egoera honetan, konfinamendu erabakiak soilik osasunezko terminoetan hartu behar dira, eta inondik inora ez, batzuek egin nahi duten moduan, helburu ekonomikoetan pentsatuz.
Osasunean zentratu beharrean, ekonomia helburuetan zentratu eta azkarregi arintzen baditugu konfinamendu neurriak, emaitzak zeintzuk izango diren argi dugu profesionalek: kutsatze zenbakiek gora egingo dute, osasun sistema kolapsatu egingo da, eta noski, heriotza tasak haziko dira.
Oraintxe hasi da murrizten ospitaletara iristen zaizkigun eta ingresatzen ditugun pazienteen zenbatekoa. Ez baditugu konfinamendu eta babes neurriak beharrezko denboran mantentzen, orain arte egindako esfortzuarekin irabazitako guztia galdu egingo dugu.