Koronabirusak zuzen zuzenean eragin ikaragarria duen sektorea funerariena da. Gure gizartea inoiz ezagutu ez ditugun gertaerak jasaten ari da; konfinamendua, esaterako, baita sortu duen hildako kopuru haundia ere. Hildakoekin lanean aritzen dira ehorztetxeetan eta nola bizitzen ari diren azaltzen du Funeraria Orbegozoko David Orbegozok.
«Informazioa eta arauak hasi ginen jasotzen Madrilgo Osasun sailetik eta agindu horiek aldatzen joan ziren egunez egun krisia sortu zen lehendabiziko egunetan eta bi asteetan. Neurriak gogortzen eta murriztaileago bihurtzen joan ziren familientzako. Hasieran tanatorioan familiak egon zitezkeen, baina gero erkidego bakoitza bere neurriak ezartzen joan zen. Nafarroa eta Gaztela Leon tanatorio zerbitzua kendu zuten lehenengoak izan ziren. Erkidego bakoitzak bere modura interpretatu zituen Osasun sailaren neurriak. Maskarillekin gertatzen ari den modura».
«Hiru pertsona gehienez ehorzketan»
Orbegozo Funerariak aldaketa guztiak betetzen ditu. «Murrizketak gero eta haundiagoak izan ziren eta orain tanarorioak itxita daude. Elizkizunak ere ezin dira egin. Herriko apaizekin hitz egin genuen eta hauek ere pixkana moldatzen joan dira eta ezin dute mezarik eman, hiletak ere ezin dira egin... ehorzketak ere arautuak daude, errausketak egiteko ere dekretu eta protokolo bat dago ezarrita. Horrek guztiak zuzenean eragiten digu».
Hiru senitartekoen muga ezarri zuen Espainiako Gobernuak. «Familiatik hiru pertsona bakarrik egon daitezke errausten den lekuan edo ehorzketan, batetik bestera segurtasun distantzia batekin. Horrek arazoak sortzen ditu: lau edo hamar seme-alaba baldin baditu hildakoak, zeintzuk joaten dira? Izan ditugu kasuak lau seme-alaba izan eta Udaltzaingoak esatea dekretua bete behar zutela». Kasu horretan batek ezin du egon eta hori familiei adieraztea oso gogorra da.
«Ezin da prestatu hildakoa. Gorpua hartu eta zuzenean ehorzketa egin edo erraustu egin behar da. Familia kuarentenan egongo da ondoren»
David Orbegozok aipatzen du zaila egiten zaiela hori senitartekoei esatea. «Guk familiari protokoloa zein den azaltzen diogu. Hiru baino gehiagok joan nahi badute, Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin jartzen ditugu harremanetan baimen berezi bat lortu dezaten. Baimenik ez badiete ematen guk ezin dugu ez ere egin».
«Denborarekin ikusi da hemen ere oso zabaldua dagoela»
Hala ere dekretu horrek interpretatzeko moduak izan ditzakeela dio Orbegozok. «Ehorzketan egon daitezke apaiza eta bi enterradore edo lurparatzaile... horiek zenbatzen al dira? Suposatzen da familiatik hiru daudela eta funerariakoekin zazpi biltzen gara guztira».
Nahasmen haundia dagoela diote Orbegozo Funerariatik. «Gure ustez ez dakit zenbakiak ongi daramatzaten. Gure arloan edo sektorean krisia hasi zenean ez zen nabaritu Koronobirusaren eraginik, baina denborarekin ikusi dugu oso zabaldua dagoela. Gipuzkoan ere bai».
Orain gaixoa hiltzen denean ez dago tanatorio zerbitzurik, beraz, funerariakoen lana ondorengoa izaten da. «Ezin da prestatu, guk hildakoaren gorputza hartu eta protokoloa jarraituz posible denean ehorzketa egiten dugu edo erraustu. Familiak koronabirusarekin kontaktua izan badu, ezin dira etorri kuarentenan daudelako. Pertsona bat edo senitarteko bat hiltzen da eta ezin duzu agurtzera joan».
«Oso tristea da hildakoa ezin agurtzea»
Familiarrek hildakoak ezin agurtu izatea ez ospitaletan, ezta beilatokian edo hiletan da, dudarik gabe, egoera honek sortzen duen gauzarik gogorrena. «Oso tristea da. Ezin duzu ikusi. Ospitalean bakarrik hiltzen da, deitzen dizute... oso latza da».
Senitartekoek egoera hau guztia ulertzea oso zaila dela dio Orbegozok. «Hain da egoera gogorra. Nola ez zara joango? Baina kutsatuta baldin badago hori da protokoloa». Funeraria Orbegozok izan ditu hainbat kasu COVID-19arekin hil diren pertsonekin zerbitzua eman behar izan dutena. «Lehendabiziko pausoa da familiari galdetzea ze gaixotasunekin edo nola hil den. COVID-19arekin hil dela badakite, protokoloa jartzen dugu martxan. Familiekin beti telefonoz komunikatzen gara, kontaktu ahalik eta gutxienarekin. Gorputza jaso eta manipulatzeko protokolo berezi bat dugu. Hasteko, kasu hauetarako prestatuta dauden trajeak edo arropa jantzi behar dugu, betaurrekoak, maskarilla... erizainek bezala. Hasieran ez genituen kasuak izan, baina gero bai».
«Prezioak mantendu ditugu»
Polemika ere sortu da ehorztetxe batzuk prezioetan izan duten gorakadarekin. Hori ez da Orbegozoren kasua. «Guk aurrekontuan hitzartutakoa betetzen dugu. Prezioak berdin mantendu ditugu, ez ditugu ez jaitsi eta ez igo. Zerbitzu batzuk hartzen dira edo ez. Eskelak ere bereziak dira, hil dela jartzen duzu, baina ez dago hiletarik, errausketa eta ehorzketa ere senitartekoen artean bakarrik egiten da. Ez dakiguna da gero hau pasatzean egingo diren edo ez hiletak eta jarriko diren edo ez berriz eskelak. Zail ikusten dut, hasteko ez dakigulako zenbat iraungo duen egoera honek».
«Madriletik beste lekuetara ari dira bideratzen gorpuak»
Espero gabe bapatean etorri zaie gainera ehorztetxeei krisi hau. «Gainera hasieran egunez egun aldatzen zizkiguten arauak, gero egonkortu egin dira, baina ez dakigu nolakoa izango den garapena. Egia da hemen ez gaudela, adibidez, Madrilen edo Bartzelonan bezala. Egoera hobea da. Bartzelonan, esaterako, tanatorio bateko aparkalekua edo parkinga gorputegi edo morge bihurtu dute. Kolapso haundia dute bi hiri horietan, kamioiak hildakoentzako hozkailu bezala hasi dira erabiltzen ehorztetxe batzuetan. Tanatorio batek hamar gela baldin baditu, beteta dituzte, eta askoz gehiago behar dituzte, eta horrela sortu dituzte alternatiba horiek».
Beste erkidegoetara gorputzak bideratzen hasi direla ere dio Orbegozok. «Gurean hori ez da iritsi». Errausketak egiteko ere itxaron zerrendak dituzte. «Beteak daude eta astebetera ari dira txandak ematen. Hemen ez gaude horrela, baina kontuz ibili behar dugu».
Koronabirusak Madrilen hildako pertsonak Burgosen edo Ponferradan erraustu ahal izango dituztela jakinarazi zen pasa den astean, familiak hala baimentzen badu. Madrilgo Udala Estatuko hainbat herrirekin iritsi da akordioetara. Euskal Herriko inongo herrirekin ez da ezagutzen horrelako akordiorik oraingoz. Bai, ordea, Andaluziako herriekin.
Jaengo Tanatorio Rivero de Andújar elkarteak Madrilgo eta Gaztela-Mantxako erkidegoetatik etorritako hildakoen gorpuak jaso ditu azken bi asteetan, beste autonomia erkidego batzuetako errauskailuek jasaten duten gainkarga arintzeko, bereziki Espainiako hiriburukoek pairatzen dutena.
Espainia osoko tanatorio gehiago egiten ari dira berdina, bestela, pertsona batzuek askoz denbora gehiago beharko lukete beren maiteen errautsak edukitzeko. Ahalik eta gertuen izatea nahi da itxaroten egon ez daitezen, bestela itxaron zerrenda haundiak sortzen ari dira.
Apirilaren 3an eta 8an Madrilen hildakoen gorpuak Kordobako Las Quemadas industrialdeko tanatoriora iritsi ziren erraustuak izateko. Martxoaren 26an Huelvako tanatorioetan jasotzera iritsi ziren, hiriburutik are urrunago. Honek guztiak erakusten digu tragediaren tamaina eta gertatzen ari denaren gogortasuna.
Medikuek argi dute eta «hortzetaraino» babestuko lirateke nahiz eta oraindik ez dagoen argi hildakoak kutsatu dezakeen
Koronabirusak eragindako heriotzaren kasuan protokoloa desberdina da. Ez da seniderik hilerrira joan beharko,eta ez da kaleratzerik egingo, ez hilobiratzearen kasuan, ez errausketaren inguruan. Gai guztiak telefonoz edo emailez landuko dira.
Koronabirusa gaixotasun berria da, ezagutza gutxi dute bere inguruan eta justu orain hasi da ikertzen. Beraz, ez dago ebidentziarik hildako batek COVID-19 transmititu dezakeenik, ezta kontrakoa esateko ere. Hala ere, medikuek zuzen eta borobil hitz egiten dute honen inguruan: «Hortzetaraino babestuko nintzateke». Protokoloak dio ezin dela gorpu bat ukitu «neurri guztiak zorroztu gabe» eta, horregatik, «zati haundi bat erraustu edo berehala lurperatu egiten da».
Horrela izanik, zeremoniak mugatu egin dira, koronabirusaren ondorioz hildakoenak baztertu egin dira eta agurrak, oro har, ospatzeari utzi zaio leku guztietan. Pertsona talde bat espazio itxietan biltzea saihestea da arrazoietako bat, baina baita hilotzak oraindik izan dezakeen karga birala ezezaguna izatea ere.
Medikuek argudiatzen dutenez, «zientziaren munduan balio duena frogatuta dagoena da, baina Hilotzen Osasun Poliziaren legeari azaltzen zaion bezala, gaixotasun batzuk kutsakorrak dira heriotzaren ondoren». COVID-19 izan liteke horietako bat.
Ulergarriagoa egiteko, azaldu dute susmo nabariak daudela koronabirusa duen pertsona bat egon den gune batekin harremanetan sartzen bazara, kutsatzeko arriskua haundiagoa dela. Adibidez, positibo eman duenak eskua aurretik pasatu duen gau-mahai bat ukitzen baduzu. Horrez gain, birusak giroan zenbat ordu edo egun egin ditzakeen ere ezezaguna da. Baita hil ondoren ere.
Horregatik, Koronabirusak eragindako heriotzaren kasuan protokoloa desberdina da. Ez da seniderik hilerrira joan beharko, eta ez da kaleratzerik egingo, ez hilobiratzearen kasuan, ez errausketaren kasuan. Gai guztiak posta elektronikoz edo telefonoz landuko dira. Egoera gogorragorik imaginatzea zaila da.
Erraustegietan, berriz, errauskailuaren kanpoko aldean egingo dituzte agurrak (aretora sartu gabe), eta gehienez hamar lagun hartuko dituzte. Bi kasuetan, zorrotz gorde beharko da gutxienez metro eta erdiko segurtasun-tartea.