Ohi bezala, eguerdi partean berritu dituzte COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroakoan 102 izan dira positibo eman dutenak; hildakoak, berriz, atzo baino 9 gehiago: 261. EAEri dagokionez, Osakidetzak emandako datuen arabera, 315 kasu gehiago daude; guztira, 11.790. Eta 54 lagun hila dira, atzo baino 11 gehiago. Denera, 956 dira hildakoak.
Gipuzkoan kasu berriak ez dira atzo bezainbeste igo, baina aurreko egunekin alderatuta kopurua altua izan da berriro: 69 izan dira, eta guztira, 2.230 dira orain arte positibo eman dutenak. Horietatik, 279 dira gaur ere ospitalizatuta daudenak. Eta 16 lagun hil dira azkeneko 24 orduetan, atzo baino gutxiago (25 izan ziren); orain arte guztira, 177.
Urumea bailarari dagokionez, Hernanin 41 dira kasu positiboak, eta Astigarragan, 8. Beraz, ez da aldaketarik izan atzotik.
Nafarroako datuak honakoak dira: 102 kasu berri izan dira, atzo baino 6 gehiago, eta denera, 4.348 dira Koronabirusarekin gaixotutakoak. Hildakoak 9 izan dira azkeneko 24 orduetan, eta orain 261 dira guztira. Une honetan, 1.752 gaixo daude ospitalizatuta, eta horietatik 124 UCIn, atzoko kopuru bera.
Bizkaian, positibo berriak dezente igo dira, 203 izan baitira, atzo baino 49 gehiago, eta 6.442 dira guztira. Heriotzak, berriz, 22 izan dira (5 gehiago), eta dagoeneko 489 dira hildakoak. Araban, ordea, 43 kasu berri izan dira, atzo baino 23 gehiago, eta guztira 3.118 gaixo daude orain. Azkeneko 24 orduetan 16 lagun hil dira, eta 290 dira guztira.