Oporrak Bakean programan ere izango du eragina, COVID-19 birusak eragindako egoerak. Izan ere, egitasmoaren aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki du Saharako Gazteria Ministerioak: «oso mingarria bada ere, uste dugu hartu dezakegun erabakirik onena dela, munduak bizi duen ezohiko egoera honetan», nabarmendu dute.
Hala eman du aditzera, Sahararen Espainiarako Ordezkaritzak, ohar baten bitartez: «Koronabirusaren eraginez egungo baldintzak zein diren aztertu, eta hainbat bazkiderekin hitz egin dugu, bereziki Saharako kausarekin solidarioak diren elkarte eta instituzioekin. Kontziente gara, egungo egoerak inoiz baino beharrezkoago egiten dituela solidaritatea eta kooperazioa, eta eskatuko duela modu bateratuan lan egitea, gizateria osoaren mesederako. Eta Oporrak Bakean programaren garrantzia oso haundia den arren, egoera honetan egitasmoa bertan behera uztea da aukerarik onena».
Programa alternatibo baten bila, «aurtengo udara eramangarriago egiteko»
Sahararen Ordezkaritzak, era berean, eskertu nahi izan du solidaritate mugimendua osatzen duten guztien laguntza, Oporrak Bakean programaren garapena eta arrakasta ahalbidetu duena, azkeneko urteotan. Eta adierazi du, espero duela egitasmoa bueltan izango dela, datorren urtean: «esperantza haundia daukagu mugimendu solidarioaren konpromiso politiko, moral eta humanitarioan, bermatzeko egitasmoaren jarraipena, datozen urteotan; eta saiakera egiteko, programa alternatiboren bat bilatzeko, milaka haur sahararren bizitza eramangarriagoa egiteko, aurtengo udarako oporraldian. Programa anitz bat, aseko dituena haur horien heziketa, kultur, kirol eta aisialdi beharrak».
Ekainaren bukaeran etortzen dira urtero, basamortutik eta errefuxiatu kanpamenduetatik, ehunka haur saharar, udarako bi hilabete bertan pasatzera. Bertako harrera familien etxeetan igarotzen dute oporraldia, basamortuko hilabete beroenetatik ihesi, eta horri esker, haien osasun egoera hobetzea lortzen dute; bai azterketa medikuen bitartez, eta baita elikadura egokiari esker ere. Joan den urtean, bost haur saharar izan ziren Hernanin.
Sahararen Espainiarako Ordezkaritzak azpimarratu du, programak haurrengan duen eragina: «modu eraginkorrean lagundu du egitasmoak, milaka neska eta mutil sahararren sufrimendua arintzen; eta era berean, zubi izan da herrien arteko elkarbizitza baketsua lortzeko, haurren elkartruke kulturalerako espazio bihurtuz».