Koronabirusa

Ezinbestekoak ez diren jarduerak berriro martxan gaurtik, bi asteko etenaren ondoren

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 14a, 00:00

Etenda egon dira jarduera gehienak, Urumea bailarako industriaguneetan, aurreko bi asteotan.

Martxoaren 30aren aurreko egoerara bueltatu, eta funtsezkoak ez diren lanei berriro ekitea baimendu du Gobernuak, baina telelana posible den kasuetan, hala egitea eskatu du. Horretarako goizegi dela salatu dute LABek eta ELAk.

Osasun alarma egoeran eta konfinamendu aginduarekin jarraituko dugu, gutxienez, apirilaren 26ra arte. Baina gaurtik aurrera, eguneroko aktibitateak antza ge­hiago izango du martxoaren 30aren aurreko egoerarekin, ordutik igaro diren bi asteekin baino. Izan ere, ezinbestekoak ez diren jarduerei berriro ekitea baimendu du Espainiako Gobernuak, eta berriro martxan jarriko dira enpresa asko, bi asteko etenaren ondoren.

Martxoaren 30etik apirilaren 9ra agindu zuen ezinbestekoak ez diren jardueren etena, Gobernuak; baina Aste Santuko jaiegunak tarteko, gaur izango dute lanari ekiteko eguna. Litekeena da, hala ere, enpresa batzuk ez bueltatzea bere jardunera, edota ez bere errendimendu osoan, daukaten lan eskariak ere behera egin duelako.

Neurriak eta gomendioak, lanera bueltatzeko

Jarduerari berrekitea baimentzearekin batera, horretarako neurriak eta gomendiak ere eman ditu Gobernuak. Horrela, eskatu du telelana posible den kasuan, hala egin dezatela. Eta gainerakoetan, ez daitezela lanera joan sintomak dituztenak, edota gaixoren batekin egon direnak; eta ezta ere adinagatik, haurdun egoteagatik edo beste gaixotasunen bat izateagatik, arrisku taldeetakoak direnak.

Lanera joan behar dutenen kasuan, gomendatu dute joatea oinez, bizikletan, motoan, edota kotxean bakarrik. Garraio publikoa hartu behar izanez gero, maskarilla jantzi eta besteekiko bi metroko tartea uztea gomendatu du. Garraio publikoko geltokietan banatuko dituzte maskarillak, DYAko, Gurutze Gorriko eta Proiekzio Zibileko kideek.

Lanera joan behar dutenei, gomendatu diete joatea oinez, bizikletan, motoan, edo kotxean bakarrik. Eta garraio publikoa hartu behar izanez gero, maskarilla jantzi eta bi metroko tartea errespetatzea.


Behin enpresan, ohiko neurriak aplikatu beharko dira, distantziari eta higieneari dagokionez, eta enpresak babeserako eta higienerako beharrezko materiala eman beharko die langileei. Bi metroko tartea uztea ere bermatu behar du.

Eta azkenik, langileak etxera bueltatzean ere, higiene neurriak eta segurtasun tarteak mantentzea gomendatu du, bereziki arrisku taldeetako jendearekin bizi direnen kasuan.

Autobus zerbitzua indartuko du Lurraldebusek, gaurtik

Horrekin lotuta, Lurraldebusek jakinarazi du autobus zerbitzua indartuko duela gaurtik, jarduera horiek berriro martxan jartzeak ekarriko duen joan-etorrien haunditzeari erantzuteko. Azaldu dute, «autobusetako langileen eta erabiltzaileen osasun segurtasuna ziurtatu» egingo dela, «bidaiari kopurua, ordaintzeko sistema eta distantzia soziala zainduta». Goizeko aurreneko orduetan eta eguerdian aplikatuko da zerbitzuaren indartze hori, «bidaiariak autobusetan pilatuta joan ez daitezen». Bereziki indartuko da, funtsezko jarduera arloetan (ospitaleetan, besteak beste), eta gaur berriro lanean hastekoak diren lantokiak dauden eremuetan.

Lurraldebusen zerbitzuari eta ordutegiei buruzko informa­zio guztia, eskuragarri dago bere webgunean (lurraldebus.eus), eta doako telefono bidezko arreta zer­bitzuan (900 30 03 40).

«Planto egiteko deia luzatzen diegu langileei, beraien osasuna ez badago bermatuta»

Espainiako Gobernuak emandako neurri eta gomendioz gain, Eusko Jaurlaritzak ere osatu du «enpresetan modu seguruan lanera bueltatzeko gida». ELA eta LAB sindikatuek, ordea, salatu dute gida horrek «gabezia haundiak» dituela, eta langileen osasuna «bigarren plano batean» geratzen dela. Biek uste dute, goizegi dela enpresa horietako aktibitatea berriro martxan jartzeko, egungo egoera ikusita.

ELAk adierazi du, ez dela ko­herentea «konfinamendu so­zia­la defendatu, eta ez egitea gauza bera jarduera ekonomi­koen zati batekin». Eta nabarmendu du, datozen hilabeteotan, «baita COVID-19aren hedapena kontrolatuta dagoenean ere», beharrezkoa izango dela prebentzio neurri eraginkorrak ezartzea enpresetan, «birusa berriro zabaltzea saihestu, eta langileen osasuna bermatzeko». Sindikatuak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren gidak bi elementu falta dituela, nagusiki: «konpromiso argia enpresen jarduera eteteko, prebentzio neurriak ez hartzeagatik langileak arriskuan jartzen dituzten horietan; eta pertsonal falta, prebentzio neurriak betetzen direla ziurtatuko duten ikerketak egiteko».

ELAk dio, ez dela posible «Ertzaintza joatea kontzentrazio bat disolbatzera, osasun neurriak betetzen dituena; eta aldiz, inolako autoritate publikorik ez sartzea enpresetan, ikertzera oinarrizko osasun neurriak betetzen ote diren».

LABek, bere aldetik, «planto egiteko deia» luzatu die langileei, ikusten badute beraien osasuna ez dagoela bermatuta, jarduerak berriro martxan jarriko diren honetan: «Prebentzio Plana exijituko dugu enpresetan, eta ez badute aurkezten, edota ez badago alde sindikalarekin adostuta, saiatuko gara saihesten enpresa horiek martxan jartzea, langileak planto egitera deituz», azaldu du.

Izan ere, uste du «gehiegizko presa» dagoela industria berriro martxan jartzeko, «egoera kontrolpean ez dagoen arren. Ezinbestekoak ez diren jarduerak eteteko neurria beranduegi iritsi zen, eta gutxiegi iraun du. Osasungitzaren Nazioarteko Era­kun­deak abixu garbia eman du: kon­finamendua goizegi kentze­ak, gorakada ekar dezake».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!