Espainiako Gobernuak, etxeko langileen elkarteen protestenaurrean eta aldi baterako, aparteko diru-laguntza emango du hilabete baterako, kotizazio-oinarriaren% 70ekoa, lana guztiz edo partzialki galdu eta Gizarte Segurantzan alta emanda dauden etxeko langileentzat. «Dudarik gabe aurrerapauso garrantzitsua da hori, baina ez da nahikoa, kontraturik gabe langile asko baitaude, eta kopuru osoaren %30 inguru baitira. Eta asko eta askoren kotizazioa oso, oso baxua da», diote SOS Arrazakeriak eta Amher elkarteek.
Espainian 580.000 etxeko langile daude, gehienak emakumezkoak (501.000), eta gainera migratzaileak, etxeko eta zaintzako lanean aritzen direnak. Horietatik 394.000 Gizarte Segurantzan alta emanda daude, baina ia 200.000 ez, eta beraien egoera oso larria da, ez baitute laguntzarik jasoko.
Etxeko enplegua da benetako diru-sarrerengatik kotizatzen ez duen soldatapeko kolektibo bakarra: enplegatzaileak aukeratzen dituen soldata-tarteengatik kotizatzen dute. Hori dela eta, sindikatuek eta elkarteek ohartarazi dute sorospen hori kalkulatzeko oinarri bat hartuko dela, eta oinarri horrek ez duela benetan islatzen zer kobratzen duten emakume langileek; beraz, laguntzak txikiak izango dira
Langabezia ez dute kobratzen, baina dekretu berriarekin kobratuko dute. Hori bai, Gizarte Segurantzan altan emanda baldin badaude.
«Hartu beharreko neurriak»
Beraz, ia 200.000 langile inongo sarrerarik gabe geratzeko arriskuan daude, eta asko geratu dira dagoeneko sarrerarik gabe.
«Ez dezagun jarraitu sektore honek eskubideen ilaran segi dezan onartzen. Honako neurri hauek hartzeko garaia da:
1. Etxeko eta zaintzako langileentzako langabezia-prestazioaren aitorpena eta tarteen araberako kotizazio-sistemaren abolizioa. Soldata errealaren
araberako kotizazioa.
2. Desestimendua indargabetzea, kaleratze askea saihesteko.
3. Egoera administratibo irregularrean dauden langileak babesteko neurri bereziak.
4. Lan-ikuskapenak areagotzea. Lanaldia eta legez ezarritako atsedenaldiak errespetatzea.
5. Beren familiak gainerako langileen berdintasunean zaintzeko eskubidea baliatzeko bermeak.
6. Sektorea norbera babesteko ekipamenduen horniduran sartzea, kutsaduraren hedapena saihesteko.
7. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean berehala sartzea.
8. Salbuespenezko neurriak gaitzea COVID-19ko krisiak eragindako lan-arloko enplegatzaile aktiboen Gizarte Segurantzako kotizazio-kuotak eteteko, edo konfinamendu-garaian zaintzak indartzeko kontratazio berriak egin behar izan dituzten enplegatzaileen kasuan, kaleratze berriak edo soldata-murrizketak eragiten dituzten gainkostuak saihesteko».
«Diru-laguntza jasotzeko eskubiderik gabe, alkilerra, janaria... ordaindu behar ditut»
Lanik gabe geratu da, Hernanin bi urte bizitzen ari den emakume nikaraguarra: «orain dela 18 egun lanik gabe geratu nintzen, Gizarte Segurantzarik gabe, eta orain gure egoera larria da. Bi alaba dauzkat, diru sarrerarik gabe, eta gastuak berdin mantentzen dira».
Osasun krisi honek Hernanin egoera larriak sortu ditu etxeko langileen artean. Gehienak emakumeak eta etorkinak dira, eta asko lanik gabe geratu dira. Ez hori bakarrik, baizik eta dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik gabe daude. Horren erakusgarri da, bere izena argitaratzerik nahi ez duen emakume nikaraguar bat. Nahiago du bere egoera lazgarria modu anonimoan eraman.
«Hernanin adineko emakume bat zaintzen nuen orain dela 18 egun arte, baina ez joateko esan zidaten». Ordutik Hernaniko bere etxera bueltatu da bere bi alabekin. «17 eta 6 urte dituzte», baina ez du inongo diru sarrerarik. «Alabek galdetzen didate zer egingo dugun, eta ez dakit erantzuten. Nik etxeko alkilerra ordaindu behar dut, janaria erosi, alaben eskola ordaindu, argia... Zaharrena ikasketak online ari da egiten, eta interneta ere ordaindu behar da, bestela ezin ditu ikasketak jarraitu... Hau da bizitzen ari garen egoera, etxean sartuta».
«Adineko bat zaintzen nuen ,eta kutsatzeko arriskua ikusi zuen bere familiak»
Lanera ez joateko esan zioten, zaintzen zuen pertsonaren familiakoek. «Adinekoa da, eta kutsatzeko arriskua dagoela argudiatu zuten. Nik bi alaba ditut, eta hau hasi zenean eskolara joaten ziren; eta arrisku hori zegoela esanda etxean geratzeko esan zidaten. Babesteko hartu duten neurria da»
Hala ere, krisia amaitzen denean berriz ere lan berdinera itzultzeko itxaropena du. «Nik uste dut, gero bueltatuko naizela lan eta etxe berdinera»
Hori bai, orain babes gabe aurkitu da, Gizarte Segurantzan alta emanda ez baitago. «Gizarte Zerbitzuetara deitu nuen, eta oraingoz ez omen dago guretzako laguntzarik. Babesgabe gaude, eta sokaren alderik ahulena gara. Gastuak mantentzen ditugu, laguntza eta lanik gabe, sarrerarik gabe».
Bizitzen ari diren etxebitzitzako jabea ez da kontaktuan jarri, beraien egoera aztertzeko. «Ez digu deitu eta nik ere ez diot deitu». Maizter batzuei hilabete alkilerra ez ordaintzeko proposamenak egin dizkieten jabeak badaude.
Gutxienez, alaba egunero ikasten ikusteak pozten du. «Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte aritzen da eskolako lanak egiten internet bidez, baina kezka ere sortzen du internet gabe geratzeak, ezingo dudalako ordaindu. Klase horiek gabe geratu daiteke, horrela gertatuz gero».
«Beste lan bat ezin da bilatu, eta egoera honetan emakume asko gaude»
Hernanin bi urte daramatza bizitzen, eta beti egon da lanean adinekoak zaintzen, nahiz eta ez beti etxe berdinean. «Orain lanean nengoen etxean denbora asko eman dut, baina aurretik ere egon naiz beste etxe batean», azaldu du.
Itxialdiaren gauzarik zailenetakoa egiten zaiona, beste lan bat ezin bilatzearena da. «Ezin da etxetik irten eta ezin duzu bilatu, eta aurkitu ere ezingo duzu gauden egoera honetan. Dena dira zailtasunak, eta ni nagoen egoera honetan, batez ere emakume asko eta asko gaude. Jendea ez dakit jakitun den egoera zein larria den etorkinen artean eta etxeko langileen artean. Pertsona baten atzean familiak daude. Paperak ez ditugunok
ezin dugu-laguntzarik jaso, eta hor dago arazo larriena».
«Testa egin nahi dut, lanean hasi naitekeen jakiteko»
Donostian etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duen enpresa batean egiten du lan, Hernanin 11 urte bizitzen daramatzan Elisa bolibiarrak.
Etxeko langileen egoera oso desberdinak dira, bai lan baldintzen aldetik, baita lan egiteko moduagatik eta ematen diren zerbitzuengatik ere. Elisa bolibiarra da, eta hamaika urte daramatza Hernanin bizitzen, Karabel auzoan. Ez du lan egiten etxe batean, etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duen enpresa batean baizik. «Mendekotasuna duten pertsonekin egiten dut lan, Donostiako Udalak ematen duen zerbitzuan. Ordezkapenak egiten ditut beharra duten etxeetan, denboraldi baterako kontratuekin, hamabost egunekoak edo gehienez hilabete batekoak. Martxoaren
20an baja eman zidaten lanetik, kontratua amaitu eta gero. Ordura arte Donostian zerbitzuak eskaintzen egon nintzen babesik gabe».
Martxoaren 20a ostirala zen, eta ia astebete pasa zen alarma egoera dekretatu eta etxean geratzeko hasieran gomendioa eta ondoren konfinamendua jarri zenetik. «Egun guzti horietan maskarillarik gabe eta desinfektanterik gabe aritu nintzen lanean. Mendekotasun asko dutenen etxebizitzen giltzak uztera joan nintzen enpresara, eta bertan esan zidaten katarroa edo mendekotasuna duenak arnas arazoak baldin bazituen bakarrik utzi ziezadaketela. Etxe batetik bestera ibili behar dugu Donostian leku batetik bestera».
Gainera, deigarriak dira enpresan hartu dituzten neurriak, Elisaren hitzetan. «Bulegoetara sartzeko eta koordinatzaile batekin hitz egiteko desinfektatu egin behar nuen, eta gero guk lana egiteko edota kalean ibiltzeko eskularruak besterik ez ditugu».
«Koronabirusarekin gaixotuta gaude etxeko hirurak»
Familia askok zerbitzuak eten dituzte, eta beraiek jarri dira zaintzan. «Ez dute arriskatu nahi. Egun askotan bost edo zazpi pertsonari ematen diot arreta, eta asteburuetan gehiagori. Gainera, koronabirusarekin gaixotuta nago. Martxoaren 20an gaizki sentitu nintzen, eta arazoa da ez didatela probarik egin»
Egun batzuetan oso gaizki pasa du Elisak, eta etxean hiru pertsona bizi dira: bera, semea eta alaba. «Semea ere kutsatu da, nahiz eta orain hobeto dagoen. Orain 18 urteko alaba dago sintomekin, eta nahiko isolatuta dago etxean. Pasa den ostiralean Groseko anbulategian radiografia bat egin zidaten, arnas arazoak nituelako, baina ez dut neumonia. Testik ez zidaten egin, saturatuta daudelako, esan zidatenez»
Elisaren kasuan, gainera, enpresatik berriz deitu diote lanean hasteko, baina ezin du hasi ziurtatu gabe kutsatuta dagoen edo ez, eta positiboa edo negatiboa den. «Oso gaizki egon naiz, buruko minarekin eta gorputzeko ondoez haundiarekin, eta arnasa hartzeko arazoekin»
Semeak ere lan egiten zuen Anoetako estadioko garbiketa lanetan, baina futbol partiduak etenda, ez dago lanik. «Niretzako arazoa da noiz hasiko naizen lanean, eta horregatik nahi dut testa ahalik eta azkarren egin.Honela jakingo dut beste hamalau egun egon behar dudan lanik egin gabe edo ez. Zerbitzu hauetan lanean ari garenei hasieratik egin behar zizkiguten test hauek. Ez dut ulertzen. Nire egoera berdinean asko daude».
Orain lana badago etxez etxeko zerbitzuetan, «lankide batzuek baja hartu dutelako, zerbitzuaren erabiltzaileren batek positibo eman duelako. Jendea behar da lanerako».
Gizarte Segurantzan altan dago emanda, baina kontratuak motzak dira, eta ez du laguntzetara jo nahi. «Nik nahi dudana da lana egin. Beharrak ditugu etxean. Nire egoera berdinean etxeko langile asko daude. Ekonomikoki arazo oso larriak sortu dizkugu honek».
«Ziurtagiria egin didate lanerako»
Nahiz eta hiru orduz irregularki lanean aritu Donostian, eskertzen du «lanean jarraitu ahal izatea, ziurtagiria egin eta gero», Hernanin bizi den emakume peruarrak.
Egoera guztiak ez dira berdinak, eta esperientzia positiboa izan duenik ere bada. Hori da 35 urteko emakume peruar baten egoera. Bera Hernanin bizi da, orain dela urte eta hiru hilabete. Nahiago du bere izenik ez eman, baina bai bere egoeraren berri, 35 urte dituen langileak. Donostian aritzen da lanean, eta nahiz eta Koronabirusaren krisian egon, lanean jarraitzen duen etxeko langilea da.
«Niretzako egoera ez da txarra izaten ari, lan aldetik. Hau dena hasi aurretik, sei ordura nengoen lanean, baina arratsaldeko hiru orduak uztear nengoen, ikasten hasteko. Behin konfinamendua hasita, arratsaldeko orduak utzi ditut, baina goizean nago lanean hiru ordura».
Eta hiru ordu horiek egiteko erraztasun asko jarri dizkio, zaintzen ari den adinekoaren familiak. «Amona bat zaintzen dut Donostian, 95 urtekoa, eta bere familiari esan nion lanera joateko arazoak izan nitzakeela polizia kontrolak daudelako eta lanera joateko ziurtagiria eskatzen ari direlako. Oztopoak jarri beharrean erraztasunak eman dizkidate, eta ez larritzeko, beraiek ziurtagiri bat egingo zutela esan zidaten. Nik ez dut paperik, eta hori horrela izanda ziurtagiria egitea niretzako eskertzekoa da».
Kontuan hartu behar da, kasu hauetako askotan familiak lanera ez bueltatzeko esan diela etxeko-langileei, beraien egoera irregularra ez azaleratzeko, baina hau ez da izan kasua. Duen arazorik haundiena autobusen ordutegiena da. «Ni oraingoz poliziak ez nau inongo kontroletan geratu, baina autobusen ordutegiekin bai izan ditut arazoak. Murriztu egin dira, eta orain ordubetetik ordubetera daude, 15 minuturo egon beharrean».
Zaintzen ari den amonak 95 urte izanik, babestu egiten da, kutsatzeko aukerak murrizteko. «Esku-larruak eta maskarilla eman dizkidate amonaren senitartekoek. Hona etorri naizenetik beti beraiekin egon naiz lanean. Orain arte gustora nago».
«Beste lan eskaintza batzuk izan ditut, baina lan horietan ikastaro soziosanitarioa izatea eskatzen didate», eta horregatik hasi da ikastaro horretan arratsaldez. Hori bai, paperak ez izateak diru-laguntzetarako atea ixten dio. «Irregular nagoenez, ezin dut, eta lanera ezin banuen joan hori zen nire kezka»
Laneko hiru ordu horiek oso ongi etortzen zaizkio, ahizpa lanik gabe geratu baita. «Berarekin bizi naiz, eta hostalaritzan aritzen zen lanean kamarera, baina itxi egin dute dena eta oraingoz lanik gabe geratu da. Etxean laguntzeko, nahiz eta gutxi izan, ongi etortzen da sarrera hori».
Ezagutzen ditu beste etxek langile batzuk, adinekoa kutsatzeko beldurrez ari direnak lanean. «Kanpoan egiten dute lan, eta mugitu beharra dute. Horietako asko lanik gabe geratu dira eta berriz deituko dituztela esan diete. Egoera oso zaila da».
Amherrek laguntza eskaintzen du, 671 116 414 eta 667 710 928 telefonoetan
Amherretik laguntza eskaintzen ari dira, gaizki pasatzen ari diren guztiei, Koronabirusaren ondorioz. «Azken bi asteetan elkarte desberdinen arteko elkarlaguntzarekin, janaria eta beste behar batzuk lortu ditugu behar dutenen eskaerari esker. Orain nola zaudeten jakin nahi dugu, eta alarma egoera nola kaltetzen ari den Hernanin. Horregatik idatzi ezazue edo audioa bidali, 671 116 414 edota 667 710 928 telefono zenbakietara, zuen egoera azalduz». Lanaz, etxebizitzaz, seme-alabez, biolentziaz, laguntza psikologikoaz, atzerritartasunaz, itzulketaz.... hitz egin dezakete.