Koronabirusa

Alarma egoeran ere, tokiko produktu freskoak kontsumitzeko kanpaina hasi dute instituzioek

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 4a, 00:00

Astigarragako Taula baserriko produktuak eskatu daitezke.

Baserritar ekoizleen lan eta bizimoduan zailtasunak sortu dira. Krisialdiari erantzuteko eta herriko baserritarrei laguntzeko aukera badago Astigarragan eta Hernanin. Aldundiak eta Jaurlaritzak merkaturatzeko zerbitzua sortu dute.

Osasun alarma egoera indarrean dagoenetik, tokiko baserritar eta ekoizleek elikagaiak saltzeko eta herritarrek horiek eskuratzeko zailtasunak dituzte. Baserritarren eta ekoizleen eguneroko salmentak aldatu eta kasu askotan gutxitu egin dira; jatetxeetara, eskoletara... elikagaiak saltzen zituztenek, ezin izango dituzte alarma egoerak irauten duen bitartean salmenta horiek burutu.

Azoketan euren produktuak salgai jartzen zituzten askok ere ezin izango dituzte bide horretatik saldu. Beraz, egoera honek asko eragiten die produktuen salmentan. Hori dela eta, kasu gehienetan, salmenta bideak aldatzera behartuta egon dira baserritar eta ekoizleak, etxez etxeko zerbitzua eskainiz edota internet bidezko salmentak eginez, esaterako.

Herriko baserritar eta ekoizleak Astigarragan
Astigarragan ere euren produktuak saltzeko bide berriak bilatzen ari dira baserritar eta ekoizleak. Horren adibide da Taula Baserriko Elena. Udalari jakinarazi dionez, herritarrek zuzenean dei diezaiokete, behar dutena eskuratu ahal izateko.

Hau da Elenarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia: 617 086 127.

Saltokiak eta ekoizle txikiak harremanetan jarri ditu udalak
Hernanin Hernaniko Udaleko Merkataritza Arloa, saltoki eta ekoizle txikiekin harremanetan dago, neurriak adosteko helburuz. Hernaniko lehen sektoreko ekoizle txikiak eta irekita dauden elikagai denda horiek harremanetan jartzeko lanetan dago Udala.

Horrela, Hernaniko ekoizle txikien zerrenda osatu du Udalak, eta elikagaiak saltzen dituzten dendei helaraziko die produktu horiek haien saltokietan saltzeko aukera eskaintzeko. Horrela, ekoizle txiki horien produktuek salmentarako modua izango lukete, eta saltokiek, bere aldetik, tokiko produktua sustatuko lukete.

Lehen sektoreko ekoizle txikiak honakoak dira: Karabeleko (barazki ekologikoak), Tellerizahar (gazta eta esnea), Balantxa baserria (barazkiak) eta OnEin (mermeladak eta barazki kontserbak).

Biltzeko eta merkaturatzeko zerbitzua baserritarrentzat, Foru Aldundiak
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere jarri dute martxan, azoketara produktuak zuzentzen dituzten baserritarrentzako produktuen bilketa eta merkaturatze zerbitzua. Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek aurkeztu zuten ekimena, aurreko astean.

Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia.

Baldintzak, bilduko diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak eta abarren inguruko xehetasunak izateko, baserritarrek 943 69 30 74 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 08:00tatik 14:30etara, edota 688 643 670 telefonora WhatsAppez idatzi (Erreferentzia: Barazki Bilketa). Bilketa antolaketa konplexua izanik, zerbitzuak egun batzuk eman beharko ditu logistika gai guztiak lotuta edukitzeko, baina bitartean horren inguruko informazioa baserritarrentzat eskuragarri egongo da, aipatutako harremanetarako kanaletan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!