Maskarillak

Etxean egiteko moduko maskarillak, etxetik kanpo lanean jarraitzen dutenentzat

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 4a, 00:00

Maskarilla bat baino gehiago egitea komeni da, hiru ordutik behin aldatzeko.

Oihalezko maskarillak nola egin erakutsi digute Nerea Peña eta Aloña Beraza ama-alabek, pausoz pauso. Osasun zentroetarako ez, baina martxan jarraitzen duten beste lanbideetarako erabilgarriak izan daitezke.

COVID-19 birusak azaleratu dituen arazoen artean dago, osasun zerbitzuetako materialaren falta. Koronabirusa hedatzen hasi zenean, asko izan ziren farmazietan maskarillak erosi zituztenak; eta pixkanaka, horiek eta gehiago behar izan dituzte, osasun zentroetan. Gehiago lortzeko lanetan aritu dira asteotan, erakunde ezberdinak.

Baina osasungintzan ez ezik, oraindik martxan diren beste lanbide batzuetan ere behar dituzte maskarillak: elikagai dendetako langileek, banatzaileek,
lehentasunezko produktuak egiten dituzten enpresetakoek...

Haientzat, erabilgarriak izan daitezke etxean egindako oihalezko maskarillak. Eta horiek nola egin azaldu digute, pausoz pauso, Nerea Peña eta Aloña Beraza ama-alaba hernaniarrek.

Ohar pare bat eman dizkigute, hasteko: «maskarillak egiteko oihalak algodoizkoak badira, askoz hobeto. Kontuan izan behar da, azalarekin zuzeneko
kontaktuan egongo direla. Eta maskarilla hauek ez dute balio osasun zentroetarako; beste neurririk ez duten lanbide horietarako mesedegarriak, bainaaintzat hartu behar dira autoritateek emandako gomendioak. Hiru orduz baino gehiagoz edukitzea ez da gomendagarria, eta garbitzera bota behar dira hiru ordutik behin». Beraz, maskarilla bakarra baino, hainbat egitea komeni da.


Beharrezko materiala, etxean eduki dezakeguna

Behin oharrak emanda, beharrezko materialak zehaztu dizkigute ama-alabek; eta denak dira, etxean eduki ditzakegunak. Hasteko, oinarrizkoa, algodoizko oihala izango da. Horrekin batera, goma elastikoa beharko dugu; edo horrelakorik eduki ezean, zintek edo oinetakoen lokarriek ere balio dute. Beharko ditugu josteko ohiko material eta tresnak ere: haria, orratza, guraizeak, eta josteko makina, edukiz gero; bestela, eskuz egin daiteke. Eta azkenik, plantxa ere erabiliko dugu.

13 pauso erraz, egiteko

Eta azkenik, maskarillak egiteko prozesua azaldu digute Nerea Peñak eta Aloña Berazak, 13 pauso errazetan banatuta:
1-Moztu goma zatiak, 18 zentimetrokoak, gutxi gorabehera.
2-Moztu oihal zatia, 39x21 zentimetrokoa.
3-Oihala horizontalean jarri.
4-Oihala horizontalean dugula, markatu arkatz batekin zein den oihalaren erdigunea, marra bertikala eginez.
5-Bi erdietako batean, goiko eta beheko ertzetan, alboko iskinetik neurtu zentimetro bat barrurantz, eta bertan lotu goma bakoitzaren punta bat.
Gero, berdin erdiko marratik kanporantz, beste zentimetro bat neurtu eta lotu goma bakoitzaren beste punta. Horrela, geratuko zaigu goma bakoitza
lotuta ertz banatan, oihalaren erdi horretan.
6-Oihala tolestu, beste erdia gomen gainera ekarrita. Gomak bi oihal zatien erdian edo barruan geratuko dira horrela.
7-Oihala lauki forman dugula, josi ertz guztiak. Goikoa eta behekoa osorik josiko ditugu, eta horrela, bi gomen puntak oihalera josita geratuko dira.
Baina alboko ertzean, 4 zentimetroko zulotxo bat utziko dugu josi gabe, erdi parean.
8-Josi gabe utzitako zulotxotik, aterako ditugu barruan geratu diren orratzak.
9-Zulotxo hori aprobetxatuz, bertatik emango diogu buelta oihalari, gomak kanpoan geratu daitezen.
10-Oihalari buelta emanda, plantxarekin lisatuko dugu, maskarillari tolesdurak egin ahal izateko.
11-Oihalari bi tolesdura edo dobladillo egingo dizkiogu, horizontalean, neurri finkorik gabe, eta orratzekin lotu (ikusi ezkerreko beheko argazkia; bertikalean dago oihala jarrita, bertan).
12-Tolesdurak lotuta daudela, alboetako bi ertzak josi.
13-Zintzilik geratu zaizkigun hariak moztu, eta maskarilla prest daukagu.

 

Jarraibideak marrazkiekin eta bideoa, albiste honekin batera

Maskarilla egiteko pausoak idatziz azaltzea zaila egiten dela eta, lana gehiago erraztu nahi izan digute Nerea Peñak eta Aloña Berazak; eta hori guztia azaltzeko, beste bi material ere eskaini dizkigute.

Batetik, maskarilla egiteko jarraibideak, marrazki batzuekin osatuta eman dizkigute, hobeto ulertzeko, zer den pauso bakoitzean egin beharrekoa,
non lotu gomak, nola egin tolesdurak... Eta bestetik, bideoa ere grabatu dute, erakusteko nola egiten diren maskarillak; hori ere, pausoz pauso dago azalduta eta erakutsita. Dokumentua artikuluaren bukaeran dago.

Maskarillak egin eta herrikideei oparitzen, Mari Karmen Azpiroz


Bilobaren laguntzaz ari da maskarillak egiten, eta behar duenari oparitzen dio.

Maskarilla falta dagoen honetan, etxean nola egin ikasi duen horietako bat da Mari Karmen Azpiroz goizuetarra ere. Eta denborarik galdu gabe,
makina bat maskarilla egiten ari da, bere bilobaren laguntzarekin, etxean. Oihalak, gomak, hariak, josteko makina eta beharrezko tresna guztiak
hartu, eta bata bestearen atzetik ari da maskarillak egiten

Osasungintzan erabiltzeko modukoak ez badira ere, hainbatentzat baliagarri izan daitezke maskarilla horiek. Eta horregatik, herritarren artean
oparitzen ari da, behar edo nahi dituenak erabili ditzan

Eskatzen dituenari, eman egiten dio maskarilla bana, eta beraz, batenbat nahi duenak, beregana jo besterik ez dauka! 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!