Aldundia

Bideo deiak doan «bisita falta konpentsatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 3a, 00:00

Aldundia eta Euskaltelen arteko lankidetzari esker, adinekoen egoitzetan egin daitezke. 

Aldundiak eta Euskaltelek lankidetza akordioa sinatu dute, Besarkada birtualak ekimena martxan jartzeko, eta horrela, «konexio linea seguruak, esklusiboak eta doakoak» ezarri ahal izateko Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzetan bizi diren pertsonen eta senideen artean.
Ekimen honi esker, tableta elektroniko bat banatu zaio egoitza bakoitzari, Aldundiaren eskutik, eta Euskaltelek doako telefono linea jarri du. Honen helburua izan da, «une konplikatu hauetan beraien familien berotasuna eskaintzea, pantailen bidez bada ere».


Astean hiru dei, gutxienez

Neurri honekin «aurrez aurreko bisita falta konpentsatu» nahi du Aldundiak telefonoz edo bideodeien bidez, «familia bakoitzak hala eskatuta».

Behin tabletak banatuta eta SIM bat aktibatuta, gailu horretan bertan instalatuta dauden aplikazioekin telefono deiak eta bideo bidezkoak egiten hasi daitezke. Egoitzetan erabilera-gida bat ere banatu da, nola erabili jakiteko, eta orain, egoitza bakoitzak egutegi bat antolatu beharko du hiru  dei edukitzeko.

Eider Mendoza bozeramaileak  azpimarratu duenez, «hori dena neurri egokiak hartuta noski eta, aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko astean aurkeztu zuen Txoke Planean ere jasotako neurri horrek aurrez aurreko bisita falta konpentsatu nahi duela, telefonoz edo bideodeien bidez, familia bakoitzak hala eskatuta». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!