COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak eguerdi partean berritu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroakoak 11:30etan eman dituzte, 159 izan dira positibo eman dutenak; hildakoak, berriz, 11. EAEri dagokionez, Osakidetzak eguerdiko 12:30etan eman ditu datu berriak: 479 kasu gehiago daude, eta 43 pertsona hil dira.
Egindako proben gorakadarekin, atzo bezala, gorakada izan dute kasu positibo berriek gaurkoan, aurreko egunekin alderatuz. Denera 7.317 positibo dira orain, atzo baino 479 gehiago. Hildakoak, berriz, atzo baino 43 gehiago dira, eta 412 hildako daude guztira.
Gipuzkoan 82 izan dira kasu berriak, eta guztira 1.288 herritarrek eman dute positibo orain arte. Horietatik, 364 daude ospitalizatuta. Sei hildako izan dira azkeneko 24 orduetan; orain arte guztira, 58.
Urumea bailarari dagokionez, kasu berri bat gehiago izan da Hernanin, eta 29 dira orain. Baina Astigarragan ez da besterik izan, azkeneko 24 orduetan: 6 dira oraindik ere.
Nafarroako datuei dagokienez, 2.682 dira Koronabirusarekin gaixotutakoak, atzo baino 185 gehiago. Azkeneko 24 orduetan 11 gehiago hil dira, eta orain 141 dira guztira. Une honetan, 1.181 gaixo daude ospitalizatuta, eta horietatik 108 UCIn. 278 dira alta jaso dutenak.
Atzoko datuen antzera, Bizkaian ere: 300 kasu berri izan dira, eta 3.682 dira guztira. 19 lagun hil dira azkeneko 24 orduetan, eta 187 dira orain. Araban, ordea, behera egin dute kasu berriek: 97 pertsona gehiago gaixotu dira (atzo 145 berri izan ziren), eta guztira 2.347 gaixo daude orain. Hori bai, 18 lagun hil dira, eta 167 dira guztira.