Arreta zerbitzu zentralizatua jarri dute martxan Beterri-Buruntzako sei Udalek, «eragile sozio-ekonomikoen bidelagun izateko». Astigarraga, Hernani, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek osatzen duten Beterri-Buruntzako Tokiko Garapenaren helburua da «eskualdeko enpresa eta autonomo guztientzako zerbitzu zentralizatua eskaintzea krisiaren inpaktua gutxitze aldera».
Zentzu horretan, arreta zerbitzua eta informazio guztia bilduko duen webgune berria sortu dute: beterriburuntza.eus. Atzo bertan jarri zuten martxan.
Neurri publiko eta diru-laguntzen berri
«Epidemiaren zabalkundea saihesteko zailtasunek neurri bereziak ezartzera behartu ditu erakunde publikoak eta horrek ekarri duen geldialdi ekonomikoarekin batera, kontziente gara herritarrengan eta eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoengan zaurgarritasun egoera haunditu dela eta ziurgabetasun egoera areagotu».
Horregatik, «gainontzeko administrazioekin batera (Gobernu Zentrala, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Toki-administrazioak), uneoro erabakitzen diren neurri publiko eta diru-laguntzak aztertu eta horiek eguneratu ahala, eskualdean aktibatzeko bideak erraztu ditugu informazioa eta aholkularitza eskainita». Informazio hori guztia bilduko du webguneak. Horretan ariko dira eskualdeko eta udal bakoitzeko teknikariak, elkarlanean.
Galdetegia ere bai, webgunean
Horrez gain, dauden eskaerak jaso eta «banakako erantzuna ematea» helburu, galdetegi bat jarri da webgunean. 24 ordutan erantzungo dutela azaldu dute.
Era berean, telefonoz ere izango da aukera zalantzak argitu eta «behar bezalako aholkularitza espezifikora bideratzeko». Telefono zenbaki orokorra 943 30 42 21 zenbakia da; 08:00etatk 14:00etara erantzungo da. COVID-19arekin lotutako kontsultetarako berriz: 699 692 175.