COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak eguerdi partean berritu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroakoak 11:30etan eman dituzte, 159 izan dira positibo eman dutenak; hildakoak, berriz, 11. EAEri dagokionez, Osakidetzak eguerdiko 12:30etan eman ditu datu berriak: 263 kasu gehiago daude, eta 28 pertsona hil dira.
Atzoko ildotik jarraitu du EAEko kasu berrien beherakadak, gaur emandako datuetan ere. Denera 6.320 positibo dira orain, atzo baino 263 gehiago. Hildakoak, berriz, atzo baino 28 gehiago dira, eta 325 hildako daude guztira.
Gipuzkoan, atzo baino gutxiago izan dira kasu berriak, 42; eta guztira, 1.113 herritarrek eman dute positibo orain arte. Horietatik, 377 daude ospitalizatuta. Hiru hildako izan dira azkeneko 24 orduetan; guztira, 44.
Albiste onak, Urumea bailaran: kasu berririk ez da izan, ez Hernanin eta ez Astigarragan, azkeneko 24 orduetan: 27 dira positibo eman dute hernaniarrak, eta bost astigartarrak.
Nafarroako datuei dagokienez, 2.305 dira Koronabirusarekin gaixotutakoak, atzo baino 159 gehiago. Azkeneko 24 orduetan 11 gehiago hil dira, eta orain 113 dira guztira. Une honetan, 1.035 gaixo daude ospitalizatuta, eta horietatik 99 UCIn.
Atzoko datuen antzera, Bizkaian ere: 165 kasu berri izan dira, eta 3.102 dira guztira. 15 lagun hil dira azkeneko 24 orduetan, eta 148 dira guztira. Araban, ordea, nabarmena izan da kasu berrien beherakada: 56 pertsona gehiago gaixotu dira (atzo 102 berri izan ziren), eta guztira 2.105 gaixo daude orain. Hori bai, 10 lagun hil dira, eta 133 dira guztira.