COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak eguerdi partean berritu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroakoak 11:30etan eman dituzte, 182 izan dira positibo eman dutenak; hildakoak, berriz, 14. EAEri dagokionez, Osakidetzak eguerdiko 12:30etan eman ditu datu berriak: 604 kasu gehiago daude, eta 24 pertsona hil dira.
Gorakada izan dute kasu positiboek Euskadin, azkeneko 24 orduetan. Denera 5.740 positibo izan dira, atzo baino 604 gehiago. Hildakoak, berriz, atzo baino 24 gehiago dira, 265 hildako daude guztira.
Gipuzkoan, positiboak igo egin dira. 123 kasu berri izan dira, eta guztira, 1.017 herritarrek eman dute positibo orain arte. Ospitalizatuta, 320 daude. Bost hildako egon dira azkeneko 24 orduetan; guztira, 34.
Hernanin bi kasu berri egon dira gaur ere, eta 23 dira orain arte positibo eman dutenak. Eta Astigarragan berdin jarraitzen dute, 5 dira guztira.
Nafarroako datuei dagokienez,2.011 dira Koronabirusarekin gaixotutakoak, atzo baino 182 gehiago. Azkeneko 24 orduetan 14 gehiago hil dira eta orain 84 dira guztira. Une honetan, 896 gaixo daude ospitalizatuta, eta horietatik 90 UCIn.
Bizkaian izan dute gorakadarik haundiena, positiboek. 313 kasu berri izan dira, eta dagoeneko 2.776 dira guztira. Gainera, 13 lagun hil dira azkeneko 24 orduetan, eta 116 dira guztira. Eta Araban, 168 pertsona gehiago gaixotu dira; guztira 1.947 gaixo daude orain. 6 lagun hil dira 24 orduetan, eta 115 dira guztira.