‘Telelana’ hitza denon ahotan dabil, Koronabirusari aurre egiteko gobernuek konfinamendu egoera ezarri zutenetik. Hainbat lantokitan etxetik lan egiteko erabakia hartu da. Beste batzuetan, ordea, lantokira bertara joatera behartzen dituzte oraindik langileak. Eta beste kasu batzuetan, lantokiak itxi eta langileak langabezian geratu dira. «Eskubide ugari urratzen ari dira», Uxue Mingo, ELA sindikatuko ordezkariaren esanetan. Ekaitz Telleria, LABeko ordezkariak ere hala azaldu du: «momentuz ez dira asko jaso ditugun ilegaltasunak, baina batzuk egon, badaude».
Adi egon eta nork bere eskubideak ezagutzea beharrezkotzat jo dute bi sindikatuek, eta laguntza eskaini dute. Arreta ematen ari dira telefonoz zein webgune eta email bidez.
Langileen osasun eta segurtasuna, aurrena
«Tristea bada ere, ez-ohiko egoera hau murrizketa eta urraketak egiteko erabiltzen duenik ere bada. Tamalez, eskubide ugari urratu daitezke eta urratzen ari dira», ELAren esanetan. «Hasteko, osasun eta segurtasunerako eskubideak. Guztiok etxeetan egotera behartuta gauden garai honetan, langile asko dago lantegietara deituta. Batzuetan, justifikatuta, oinarrizko baliabideen produkzioan edota bestelako ezinbesteko zerbitzuetan lan egiten dutelako. Baina, beste kasu askotan, ezinbesteko ez diren produkzio sareak martxan daude oraindik. Lehenengo kasuetan, langileen osasuna eta segurtasuna bermatze aldera, neurri eta baliabide guztiak ezartzea eskatu behar dugu. Bigarrenetan, berriz, lantegiak ixtea».
Ildo beretik, LABek ere, bi lan mota bereizi ditu: «ezinbesteko zerbitzuak deitzen direnak, hau da, mediku, erizain, suhiltzaile, garraiolari publiko… eta ezinbesteko ez direnak, hau da, beste edozein aktibitate egiten dutenak. Ezinbesteko horietan behar-beharrezkoa den aktibitatea aktibatu behar da, hau da, gutxieneko zerbitzuak, sektorearen arabera, eta behar diren neurri prebentiboak modu oso zorrotzean hartu. Ezinbesteko ez direnetan, ez lukete lanik egin behar». Lanera joatea «derrigortuta» egongo direnen kasuetarako, protokolo bat martxan jartzea eskatzen du LABek: «Koronabirusari aurre egiteko dagoen protokoloari jarraiki, bere lana utzi edo lanera joan gabe geratzen dena babestuta egotea bermatzeko; lantokietan, Lan Arriskuen Prebentziorako Ebaluazioak eguneratzeko; langile guztiei berehalako informazioa eta formazioa emateko; enpresak protokoloa ezartzeko, langileak jakin dezan zein neurri hartu behar dituen susmagarria den kasu baten aurrean edo benetako kasu baten aurrean; eta arriskua larria eta berehalakoa denean, Lan Arriskuen Prebentzio Legearen 21.2 artikulua jarraitzeko; hau da, lantokian Koronabirusaz kutsatzeko arrisku larria dagoenean langileek lanaldia eten eta alde egiteko, eta gehiengoaren erabakiz, kutsatzeko arrisku larria dagoelako lan jarduera geratzea adosteko».
ERTEekin, «tentuz»
Lanera ez joateak, ordea, ez du esan nahi denek etxetik lan egiteko aukera dutenik, eta LABek salatu du «langile batzuk oporrak hartzera derrigortu» dituztela, eta «hori ilegala» dela. «Beste kasu batzuetan, eszedentzia hartzera edota egun batzuk ordaindu gabeko ‘jai-egun’ gisa hartzera derrigortu dituzte».
Eta hainbat tokitan Aldi Baterako Lan Erregulazioak, ERTEak aplikatzen ari dira. ELAk dio «tentuz ibili» behar dela. «ERTE asko justifikatuak eta neurtuak izango badira ere, beste zenbait kasutan iruzurrezkoak ere izan daitezke, egoeraz baliatu eta denboran luzatutako planteamenduak eginez edota bestelako murrizketak aplikatuz. Aurkitu ditugu, baita ere, oporren inposizioak, behin-behineko kontratuen eteteak... Oso larria da, adibidez, Eusko Jaurlaritzak berak egoera baliatzea Hezkuntzako sukalde eta garbiketan ordezko langile askoren kontratuak bertan behera uzteko. Erraza da egoera berezi eta konplikatu hauek iruzurrerako aprobetxatzea, beraz, adi egon behar dugu eta enpresek zein Administarazioek gauzatutako edozein irregulartasun komunikatu eta salatu».
ERTEak, negoziatu
Lan Erregulazio edo ERTE horiei dagokienez, adostasuna bilatu daitekeela azpimarratzen dute bai LABek eta baita ELAk ere. «Enpresa gehienek martxan jarri duten mekanismoa da ERTEen formula», dio Telleriak. «Kasu hauetan, denboraldi batez eteten zaie kontratua langileei, eta etete-epe hori adostu daiteke. Denbora horretan zehar, langileak ez du lanera joan behar, baina ez du soldatarik jasotzen. Kasu hauetan, langileak langabezia eskatu dezake SEPEn (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa)».
Negoziazioaren garrantzia azpimarratzen du Mingok ELAtik ere. «Garrantzitsua da langileei gogoraraztea ERTEaren baldintzak negoziatu daitezkeela, eta horretarako, antolatu eta legez gaindiko neurriak adostu daitezen ahalegina egin behar dugula. Neurriek beti proportziozkoak izan behar dute, eta langile bakoitzaren egoera zaintze aldera, neurri aproposenak hartu behar dira; adibidez, langabezia prestazioa osatzea eska daiteke, besteak beste».
Horren inguruan, ELAtik argitzen dute «ERTEa enpresak berak kudeatzen» duela. «Berak egiten du ERTEa martxan jartzeko eskaria, eta enpresa bera arduratzen da langileen desenpleguaren tramitazioaz. Beraz, langileak kasu honetan ez du tramiterik egin behar». Baina LABek argitzen du «langabezia prestazioa langile bakoitzak eskatu behar» duela, «nahiz eta enpresen laguntzarekin aurreratu daitekeen guztia. Dena den, norbait ERTE batean sartuko balute, eskatu dezala ordua SEPEn, eta dagokion eskaera egin dezala. Behin ERTEan zehaztutako epea igarotzean, langileak beraien lanpostura bueltatuko dira, aurretik zituzten lan-baldintza berdinekin. Ezinbesteko kasuen argudiopean sartzen diren ERTEek ez dute negoziaziorako aukerarik ematen, eta enpresak inposatzen dituen epeen mende gaude. Zaila da hau ondo kontrolatzea, ez baitago negoziatu dezakegunaren esku».
Autonomo eta enpresa txikiekin, zalantzak
Beste bat da autonomo edota enpresa txiki eta ertainen egoera. LABen esanetan, «autonomoak oso egoera zailean daude. Gobernuak beraiek babesteko neurriak ezarri ezean, ez dakigu zein egoeratan amaitu dezaketen». Enpresa txiki eta ertainei dagokienez, berriz, dio «langileen eskubideak bermatu ahal izateko ezarri ditzaketen hainbat neurri» badituztela. «Zaindu behar dute langileek beraien eskubideak ez dituztela galtzen. Badituzte tresnak, eta ezagutzen dituzte».