Adinekoak arrisku gehieneko herritar taldea izanik, neurri bereziak ari da hartzen Gipuzkoako Foru Aldundia, lurraldeko adinekoen egoitzetan. Horietako bat da, aste honetan zehar egin dituzten desinfekzio lanena.
Gipuzkoako suhiltzaileak ari dira zeregin horretan, eta ostegunean bukatu zuten desinfekzio lanen «aurreneko itzulia», Aldundiak jakinarazi duenez. Bost-sei laguneko taldeetan ari dira lanean, zona komunak, pasilloak, sarrerak, ateak... desinfektatzen. Hipokloritoan oinarritutako soluzio bat ari dira erabiltzen. Logelak, berriz, enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu.
Foru Aldundiak bere Txoke Planean jaso duenez, astero errepikatuko dituzte desinfekzio eta garbiketa lan horiek, Gipuzkoako egoitzetan, «birusaren prebentzio eta euste lanetan jarraitzeko helburuarekin».
Aurreneko hildakoa herenegun, Zarauzko Santa Ana egoitzan
Egunero egiten du Aldundiak, lurraldeko egoitzetako Koronabirus kasu berrien eguneraketa. Atzoko datuen arabera, 76 dira orain arte gaixotutakoak. Tolosako Iurramendi egoitzan izan dira gehienak (37), eta asko dira Irungo Caser Residencial Anaka egoitzan eman direnak ere. Hernaniko adinekoen egoitzan, berriz, ez da Koronabirus kasurik izan orain arte.
Aurreneko hildakoa, Zarauzko Santa Ana egoitzan izan zen, ostegunean. 91 urteko emakume bat hil zen, osasun egoera «oso hauskorra» zuena.
Lan poltsa berria, erizainentzat
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erizainen lan poltsa deialdi berri bat egin zuen atzo, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, «egoitzetako adineko pertsonen arreta zerbitzua indartu, eta gaur egun bizi dugun osasun krisiari aurre egiteko asmoz».
«Lan poltsak ez dauka epe mugarik, eta eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da egoera larri honek irauten duen bitartean. Izena ematen duten ordenean deituko zaie, aurkezten diren pertsonei», jakinarazi du Aldundiak. «Egoitzetan sortzen ari diren beharrak artatu, eta egokitzeko tresna garrantzitsua eskainiko digu lan poltsa honek» adierazi du.
Eskaerak internet bidez aurkeztu behar dira, webgune honetan: egoitza.gipuzkoa.eus/eu/ enplegu-publikoa. Aurkeztu daitezke, Erizaintza gradua dutenak, zein ikasketetako azkeneko kurtsoan daudenak (matrikulatuta egon behar dute, Gradu amaierako lana ikasgaian).
Jakinarazi du, dagoeneko zabalik zegoela eskaerak aurkezteko epea, adineko pertsonen egoitzetako zaintzaileen alorrean; baina alarma egoeragatik indargabetuta geratu zela.