Astigarragan bezala, desinfekzio lanak egiten ari dira egunotan, Hernanin eta Goizuetan ere, COVID-19 birusa hedatzeko arriskua murrizteko.
Goizuetan, udal langileak eta suhiltzaile boluntarioak aritu dira, herriko kontenedoreak desinfektatzeko lanean.
Hernanin, berriz, kaleko zenbait eremu desinfektatzen ari dira, Zerbitzu Publikoetako langileak: autobusetako markesinak, elikagai denda eta supermerkatuen sarrerak, prentsa saltzen duten kioskoak, farmaziak, okindegiak, osasun zentroko sarrerak, igogailuen sarrerak, barandak, udaletxeko arkupeak, hondakinen posteak, Renfeko apeaderoa eta geltokia. Herrigunean eta auzoetan ere ari dira egiten, garbiketa berezia.
Udalak azaldu du, aurreko egunetan aritu dela lortzen materiala, «garbiketa hori egiten duten langileek segurtasunez egin ahal izateko. Babesteko material hori lortzea zaila izaten ari da, dagoen eskaera haundia dela eta. Baina Udalak eta Garbitaniak eskuratu ditugu udal langileentzako EPIak (Pertsona Babesteko Ekipoak), pulberizadoreak, babesteko pantailak, desinfektantea...».
Udalak jakinarazi du, lanegunetan egingo dutela garbiketa berezi hori udal langileek; eta asteburuetan, txotx garaian bezala, baldeadoreek garbituko dituztela kaleak, ura eta desinfektantearekin.
Atal bereziak, COVID-19ari buruzko informazioarekin
COVID-19 birusaren inguruan, informazio asko ari da zabaltzen egun hauetan: gomendiak, betebeharrak, prebentzio neurriak... Hori horrela, eta herritarren zalantzei ahalik eta modurik errazenean erantzuteko, atal bana sortu dute Astigarragako eta Goizuetako Udalek, beraien web orrietan, Koronabirusari buruzko informazio guztiarekin.
www.astigarraga.eus webgunean, udal informazioa eguneratuta izango dute herritarrek: bolondres sarea, laguntza eskatzeko modua, udal zerbitzuak, Udalarekin harremanak, bandoak eta erabakiak, hondakin bilketa, kale garbiketa...
www.goizueta.eus atarian ere sortu dute atal berezia, zabaldutako informazio guztiarekin. Eta zerbitzu gehigarri bat ere eskaini dute: WhatsApp bidez helaraziko dute Udaleko eta herriko informazioa. Horretarako, 687 832 386 zenbakia kontaktuetan gorde behar da, Goizueta info izenarekin, eta «Alta» mezua bidali zenbaki horretara.
Era berean, Udalak jakinarazi du, telefono zenbaki berria duela laguntza sareak. Laguntza eskatzeko, 647 862 179 telefonora deitu behar da orain, 10:00etatik 15:00etara. Laguntzeko prest dagoenak, WhatsAppetik idatzi.