«Guretzako hartu diren bezala hartu behar dira neurriak, presoen osasuna garantizatze aldera»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 27a, 00:00

Urtzi Errazkinek, Etxerateko ordezkariak, hausnarketarako dei egin du.

Hilabeteko azken ostirala izanik, eta Koronabirusari aurre egiteko presoekin komunikatzeko bideak eten direnez, «elkartasun eta aldarriei lekua» egiteko dei egin dute Etxerat eta Sarek gaur, 19:00etarako.

«Espetxez espetxe datuak oso aldakorrak» direla aitortzen du Urtzi Errazkinek, Etxerateko ordezkariak. «Hartu dira neurri batzuk espetxeetan, baina eskatzen duguna da neurriak hartu behar direla guretzako hartu diren bezala, presoen osasuna garantizatze aldera».

Komunikazioak, etenda

Hain zuzen, Koronabirusari aurre egiteko ezarritako konfinamendu egoera dela-eta, «espetxeetan hartu den neurri zail eta gogorrena komunikazioak eten» izana dela aipatzen du, «bisita guztiak: bis a bisak, kristal aurrekoak. Horrek urruntasun haundiagoa dakar». Honen aurrean, dio «XXI. mendean bideokonferentziak egiteko aukera eta doakoa» eman behar litzatekeela, «senideekin harremana ez eteteko».

Ildo beretik, Correosek hartutako neurriei aurre egiteko herritarrei dei ere egin die. «Correosen neurria da, oraingoz, eskutitzak bakarrik banatuko dituela». Prentsarik ez da iristen dagoeneko, adibidez, kartzeletara. «Eskatzen dugu momentu honetan, inoiz baino gehiago, eta denbora daukagunez, ahal dugun neurrian presoei idaztea, gertuago senti daitezen. Presoen helbide guztiak www.etxe­rat.eus gunean daude».

Era berean, «hausnarketa txiki bat egiteko gonbidapena» ere luzatu nahi izan dute: «denok gaude etxetik atera ezinda. Pentsa zer izan behar den 20 urtez etxean ez, baizik eta gela batean egon beharra».

«Pentsa zer izan behar den 20 urtez etxean ez, baizik eta gela batean egon beharra»

 

Elkartasun aldarria, sare sozialetan

Egoera honen aurrean, elkartasuna adierazteko, ekitaldi berezia prestatu dute gaurko. Arratsaldeko 19:00etan hasita, emanaldi berezia ikusi ahal izango da Sare Herritarraren Facebook orrialdean, Hamaika Telebistan eta Etxeraten sare sozialetan. Gero, 19:30etan, nork bere aldarrikapenarekin argazkia atera eta sare sozialetara igotzeko eskatu dute, #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabilita.

Premiazko neurrien aldeko eskaerarekin bat

Bestalde, Errazkinek azaldu du bat egin dutela espetxeekin lotura duten estatu espainoleko 30 elkartek baino gehiagok, espainiar Barne Ministerioari eta Espetxe Instituzioei egindako premiazko neurrien aldeko eskaerarekin. «Eskatzen ditugu bideo-deiak, eta preso gaixoak, 70 urtetik gorakoak edota hirugarren gradukoak etxean mantentzea. Espetxeetan geratu be­har­ko lirateke beste erremedio­rik ez dutenak».

Eskaera publikoki egin dutela azaldu du, eta erantzunik ez dutela jaso. «Guretzat erantzun onena litzateke, neurri horiek aplikatzen hastea».

 

19:00 Etxetik etxera! saio berezia, sareherritarraEH facebooken, @EtxeratElkartea twitterren edo 11TBn.

19:30 Argazki aldarrikatzaileak sareetan zabaldu, #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolekin.

 

«Azaldu beharko dute, heriotza hau lau egunez estali izanaren arrazoia»

 

COVID-19aren hedapena dela-eta, «momentu zail eta korapilatsua bizitzen» ari garela azaldu du Etxeratek, eta gogorarazi du «presoek prebentzio eta babes neurri guztiak hartzeko eskubidea» dutela.

 

Kezka azaldu du Etxerat elkarteak, Koronabirusasren aurrean presoek espetxeetan bizi duten egoeraren bueltan. «Gure segurtasuna eta maite ditugunen segurtasuna da gure lehentasu­na». Salatu du, «espetxean, da­goen konfinamendurik haun­die­na izanik, egoera oso ezber­dina» dela. «Gatibu dauden per­­tsonek ez dute aukera guk ditu­gun neurri eta prebentzio pro­to­ko­lo­ak jarraitzeko. Ez dute esku­la­rrurik, ez alkoholik, ezta ur oxigenaturik ere; zailtasun asko­­­rekin, lixiba pote bat lor deza­kete. Oso zaila da espetxe barruan segurtasun-distantzia manten­­tzea, bai gainontzeko pre­soekin, baita fun­tzionarioekin ere».

Gogorarazi du, «espetxean dauden pertsonek prebentzio eta babes neurri guztiak hartzeko eskubidea» dutela, «Munduko Osasun Erakundeak dioen bezala», eta Estatua dela «haien integritatea eta bizia bermatu behar duena». Zentzu horretan, salatu du larri gaixo dauden presoek eta 70 urtetik gorakoek espetxean jarraitzea, arrisku taldean sartzen diren honetan, eta hain zuzen, Koronabirusaren eraginez «hainbat patologia zituen 78 urteko emakumea espetxean hil» izana. «Espetxeko agintariek eta agintari judizialek, haien erantzukizuna presoen bizia babestea delarik, azalpenak eman beharko dituzte 70 urte baino zaharragoa zen pertsona gaixo batek espetxean jarraitzen zuelako, eta heriotza hau lau egunez estali izanaren arrazoia ere azaldu beharko dute».

Bestalde, txalotu egin du Frantzian 5.000 preso kaleratzeko hartutako erabakia, haien artean, osasun larriak dituztenak, baina zalantza azaldu du «Estatu Frantsesak neurri hau gizatasun osoz ezarriko duen edo larri gaixo dauden euskal preso politikoak alde batera utziko dituen».

Azkenik, komunikazioen eten­dura «birusa gehiago ez zabaltzeko» egin dela ulertzen badute ere, «presoek haien familiekin duten harremana ez galtzeko neurriak» falta dituztela salatu dute.

Horrela, berehalako askatasuna eskatu du larri gaixo dauden, 70 urte baino gehiago dituzten eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera duten presoentzako, baimenarekin atera diren eta hirugarren graduan dauden presoen kaleratzea, prebentzio eta desinfekziorako tresna eta neurriak presoei erraztea, mediku-ekipamenduak eta asistentzia indartzea, eta espetxeetan bideo-deiak egiteko sistemak jartzea eta deien gastu ekonomikoa espetxeko administrazioak bere gain hartzea. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!