Aste honen bukaerara arte dago ezarrita osasun alarma egoera, Espainiako estatu osoan; baina neurria hasierako 15 egun hauetatik harago luzatuko du Gobernuak, egungo egoera ikusita. Hala jakinarazi zuen atzo Pedro Sanchez presidenteak: «zientziako adituen gomendioak entzun ondoren, erabaki dugu beste 15 egunez luzatzea alarma egoera, estatu osoan». Hori horrela, apirilaren 11ra arte ezarriko ditu indarrean dauden neurriak, Gobernuak. Datozen egunetan emango diote onarpena, epe berriari, diputatuen kongresuaren bilkuran. Modu horretara, herritarrek ezingo dute etxetik atera beste hiru astez, COVID-19 birusaren hedapena ahalik eta gehien murrizteko asmoz, ez bada onartuta dauden arrazoietarako.
Autonomia erkidegoetako presidenteei eman zien erabakiaren berri atzo, Sanchezek berak, bideokonferentzia bitartez. Eta hala helaraziko die, alderdi politikoetako ordezkariei ere.