Hainbat talde ari dira mobilizatzen egun hauetan, laguntzeko COVID-19 edo Koronabirusaren aurrean arrisku gehien izan dezaketen bizilagunei. Eta Astigarragan eta Hernanin, atzo jarri zuten martxan talde bana.
Bolondres Sarea sortu du Astigarragako Udalak, hainbat herritar haiekin harremanetan jarri ondoren, laguntzeko prest. «Bejondeizuela! Arriskuak arrisku, laguntzeko prest agertu zarete. Eta bai, bada zertan lagundu», adierazi du Udalak: «pertsona askok zailtasunak izan ditzakete oinarrizko gauzak egiteko, eta haiei laguntzeko sortu dugu sarea. Ingurukoen laguntza ezinbestekoa da, bizitzen ari garen egoerari aurre egiteko», dio.
Bi motatako laguntza eskainiko du Bolondres Sareak: etxean dauden adineko pertsonei erosketak egin (elikagaiak eta botikak), eta haurrak denbora batez zaindu.
Horretarako, boluntario bila dabiltza, eta hiru baldintza daude: 18 urtetik gorakoa izatea; sukar, ahulezia, buruko min edota eztularen sintomarik ez izatea; eta Koronabirusa izan duen edota harekin kontaktua izateagatik kuarentenan dagoen pertsonaren batekin harremanetan ez egon izana. Baldintzak bete eta lagundu nahi dutenek, izena eman dezakete: astigarraga.eus web orriko formularioa beteta, edo Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deituta (943 33 52 32). Izena emandakoekin harremanetan jarriko dira, egin ditzaketen lanak adosteko.
Laguntza behar duenak ere, Gizarte Zerbitzuekin jarri behar du harremanetan: 943 33 52 32 telefonoan, edo ongintza@astigarraga.eus eta alkatetza@astigarraga.eus emailetan.
Zaintza Talde Iraunkorra prest, Urumea Herriguneak
Bestalde, aurreratu zuen bezala, Zaintza Talde Iraunkorra jarri du martxan Urumea Herriguneak, Hernanin. Udalarekin bildu ziren atzo, eta bere «babesa eta, ahal den neurrian, laguntza» eskaini zien Udalak. Hainbat erabaki hartu zituzten: taldeko boluntario bakoitzak izatea Erantzukizun Zibileko asegurua, eta akreditazioa Herrigunearen izenean, Udalaren babesarekin; eta taldea 25 lagunekoa izatea hasieran, lanari eta antolaketari neurria hartzen joateko, nahiz eta pixkanaka haundiagoa izatea aurreikusi duten.
Astigarragan bezala, arrisku gehien dutenei erosketak egin, eta haurrak zaintzea izango du helburu, taldeak. Laguntza jasotzeko, 690 145 760 telefonora deitu daiteke, edo whatsapp bidez idatzi 691 651 850 zenbakira.
Laguntzeko, berriz, whatsapp bidez idatzi: 663 473 045.