Koronabirusaren krisiak eragindako «osasun-larrialdiaren aurrean», Gipuzkoako DYAk erabaki du bere «giza talde osoa» jartzea, «arriskuan dagoen babesik gabeko populazioaren eskura». Zehazki, pertsona horiek dira haien profilarengatik (adinekoak edota gaixotasunen bat dutenak) egoera honetan kalera atera behar ez dutenak, baina laguntza eman diezaiekeen seniderik ez daukatenez, kalera ateratzera behartuta egon daitezkeenak.
Haien egoera ikusita, lema egokitu du DYAK, eta bere egin #GeldituEtaLagundukoDizugu traola, laguntza eskaintzeko: «gure lemak dioen moduan, Gipuzkoako DYAk 46 urte daramazki gelditzen eta laguntzen; baina oraingoan lema hori egokitu dugu, gelditzen direnak arriskuan dauden pertsona horiek izan daitezen», adierazi du.
Pertsona horiei lagunduko die DYAk, eta bere «baliabide guztiak eta giza talde osoa» jarriko du haien eskura: «boluntario prestatuak eta koordinatuak jarri nahi ditugu, pertsona horiei farmaziako botikak ekartzeko, erosketak egiteko, edota arriskuren bat ekar dezakeen beste edozein gestio egiteko», nabarmendu du.
Horretarako, telefonoa jarri dute, laguntza behar duten pertsona horien eskura: 943 46 46 22 telefono zenbakira deituta bideratuko dituzte eskaera guztiak.
«Denon artean, eta beti ere osasun arloko agintarien jarraibideei kasu eginez, egoera honi aurre egitea lortuko dugu», adierazi du Gipuzkoako DYAk.
Adinekoen egoitzetan positibo ematen dutenak artatzeko, gune berria Donostian
Arrisku taldeekin lotuta, beste erabaki bat hartu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak, Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin koordinatuta: Donostiako Matia kaleko Gurutze Gorriaren baliabide-anitzeko zentroa bideratzea, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan Koronabirusean positibo eman eta arnasketa-urritasun moderatu edo larria duten pertsonen arretara.
Azaldu dutenez, zentroak 120 plaza ditu, eta «foru sareko osasun dotazio haundiena duen egoitza da». Bertako egoiliarrak lurraldeko beste egoitza batzuetan kokatuko dituzte, eta aurrerantzean, «gune soziosanitario berri bat» izango da, «osasun larrialdi honek izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko gai izango dena».
Dena den, oraingoz ez dago konfirmatutako kasurik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eta prebentzio neurri gisa hartu da erabakia, transmisioa haunditu dela eta, osasun sistemaren «kolapsoa ekideten laguntzeko».