Espainiako Gobernuak agindutako konfinamenduaren ondorioz, etengabeak dira etxean sartuta pasa beharreko orduak arintzeko proposamenak, mota guztietakoak. Eta horietako bat da Urumea Herriguneak zabaldu duena: udaberriko argazki erronka jarri du martxan, eta dagoeneko bidali daitezke argazkiak, datorren astelehenera arte, argazkierronka@gmax.com helbide elektronikora.
«Etxean sartuta pasa behar ditugun egun hauek, erabili ditzagun irudimena pizteko! Uste baino argazki gehiago atera ditzakegu etxean. Erronka aprobetxatu eta atera monotoniatik!», luzatu dute gonbitea.
Hamar gai zehaztu dituzte argazkietarako, baina jakinarazi dute, ez dela beharrezkoa guztietan parte hartzea, eta argazkien kalitatea ere ez dela garrantzitsuena, mugikorrarekin atera daitezkela: «edonork hartu dezake parte. Helburu bakarra da aisialdi modu desberdinak sustatzea. Beraz, animatu!».
Hauek dira emandako gaiak: kontaktua, kolektiboa, zaintza, gauza bitxiak, udaberria, kaosa, ezjakintasuna, hezkuntza, elkarbizitza, eta harremanak. Ez da izenik eman behar, eta irabazlerik ere ez da egongo. Bidalitako argazki guztiekin, bilduma bat osatzea da asmoa.
Era berean, nabarmendu dute gai berriak proposatu daitezkeela, eta argazkiak beharrean, olerkiak edota beste edozein sorkuntza bidali nahi duenak ere, bidali ditzakeela.