Aurreneko laneguna zen atzokoa, Espainiako Gobernuak osasun alarma deklaratu zuenetik. Eta errepideetan trafikorik bazen ere, nabari zen beherakada, herrietako kaleetan bezala. Erosketak egitera edo laneko joan-etorrietara mugatu ziren gehienen ateraldiak, eta hainbat komertziotan, ilara egin zuten kanpoan, pilaketak saihestu eta tarteak mantentzeko.
Egunez egun ari dira erabaki eta neurri berriak hartzen erakundeak, COVID-19 edo Koronabirusak eragindako egoeraren bilakaera ikusita. Atzokoan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen, bertan behera geratu direla Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, apirilaren 5ean egitekoak zirenak. Hala adostu dute alderdi politikoek (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP eta Equo bildu ziren atzo), eta jakinarazi dute, data berria zehaztuko dutela egungo alarma egoera noiz bukatzen den arabera. Azaldu dutenez, orain ez da posible hauteskundeak egitea, «osasuna eta bozkatzeko eskubidea behar bezala bermatuz».
Espainiako Gobernuak, berriz, mugak ixteko erabakia hartu zuen atzo. Gaur gauerditik, kontrolak berrezarri dituzte estatuko mugetan, eta bakarrik utziko diete sartzen espainiar naziotasuna dutenei, Espainian bizi direnei, edota ezinbesteko arrazoiren bat egiaztatzen dutenei.
Lokal asko itxita eta dendek ordutegi mugatua, Goizuetan
Goizuetan ere hartu dituzte neurri berriak, Koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko. Horrela, azaldu dute, udal bulegoetan ez dela aurrez aurreko arretarik egingo, eta itxita egongo direla herriko lokal gehienak: jubilatuen elkartea, Xalto eskola, Belako tailerra, Mutu, Izkina, Oxeguarda eta Zubiondo tabernak, Umore Ona elkartea, Zubimuxu aterpetxea, kirol instalazioak, parkeak, Goxali, Irati eta Kirbil ileapaindegiak, eta eliza. Eta era berean, ordutegia mugatu du, zabalik egongo diren denda eta zerbitzuentzat: janari dendak, harategia eta estankoa 19:30ak arte egon daitezke zabalik, eta okindegia 11:30ak arte. Zabalik egongo dira, baita ere, farmazia, bankua eta gasolindegia, eta martxan garraio eta posta zerbitzuak.
Udalak eskatu du, errespetatzeko komertzioetako arauak eta langileak, eta kasu egiteko ateetako oharrei. Eta deia luzatu du, arrisku taldeak babestu eta erantzukizunez eta arduraz jokatzeko. «Elkar zaintzen badugu, xamurragoa izango da garai gogor hau».
Udal zerbitzuak telefonoz eta postaz bakarrik, Hernanin
Hernaniko Udalak, berriz, Krisi Mahaia osatu zuen atzo, osasun alarma «udal langileen antolaketan eta zerbitzuetan izaten ari den eragina kudeatzeko asmoz». Bertan hartu zuten parte alkateak eta zinegotzi batek, antolakuntza eta pertsonal buruak, informatikariak, lan prebentzioko teknikariak, langileen komiteko lehendakariak, eta segurtasun batzordeko langileen ordezkari batek.
Atzoko bileran erabaki zuten, ahal bezainbeste mugatuko dituztela modu presentzialean egin beharreko lanak, «langileen zein herritarren osasuna babesteko». Horrela, erabaki zuten udaletxeko zerbitzuek ez dutela aurrez aurreko arretarik eskainiko, eta telefonoz eta posta elektronikoz bakarrik erantzungo dutela. Udalaren webgunean daude, harremanetarako kontaktu guztiak, eta Herritarren Harrera Zerbitzuaren telefonoa honakoa da: 943 33 70 00.
Era berean, jakinarazi dute martxan mantenduko direla igogailu publikoak, baina ezinbesteko kasuetan bakarrik erabiltzea gomendatu dute: «derrigorrezkoa den kasuetan, banaka sartu, eta laguntza behar duen pertsonaren bat badoa, gehienez ere binaka», adierazi dute.
Eta garraio publikoari dagokionez, zehaztu dute Hiribusak bere zerbitzua murriztuko duela, eta udako ordutegia hartuko duela. Hortaz, 08:00etan hasiko da, eta 13:00etan abiatuko da Hiribusaren azkeneko txanda, Elkano kaletik. Guztira, bost buelta egingo ditu, 08:00etan, 09:00etan, 10:30etan, 12:00etan eta 13:00etan abiatuta, Elkanotik. Ordutegi osoa ikusgai dago, interneten: www.hernani.eus.
Bestalde, komun publikoak itxi egingo dira.
Zamalanen ordutegia, 24 ordura zabalduta
Hernaniko Udalak jakinarazi du, baita ere, Udaltzaingoak ez dituela kontrolatuko ordu eta erdiko TAO guneak, «jendea kalera atera ez dadin kotxea mugitzera». Eta zamalanentzat gordetako guneen ordutegia, 24 ordura zabaldu dute, oinarrizko hornidura bermatzeko. Kaxkoko zamalanen ordutegia, berdin mantenduko da.
Lapurretak, egoera baliatuz
Osasungintzatik ohartarazi dute, bestalde, egoera baliatzen ari direla hainbat, etxeetan lapurretak egiten saiatzeko. Mediku eta erizainen izenean deitzen dute etxeetara, esanez etxean neurriak hartu eta desinfektatzeko lanak egitera dijoazela, baina lapurreta egiteko aprobetxatzen dute hori.
ATZOKO DATUAK
GIPUZKOAN*
26
positibo berri
89
positibo guztira
5
hildako
28
ospitalizatuta
NAFARROAN**
274
positibo guztira
2
hildako
62
ospitalizatuta
*Atzo 14:00etan
**Atzo 12:30etan