Herritarren mugimendu askatasuna mugatuta egongo da, ez bada, beharrezko joan-etorrietarako

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 16a, 00:00

COVID-19a ez hedatzeko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak eta alarma egoera ezarrita, herritarren mugimendu askatasuna mugatuko da gaurtik aurrera. 

Koronabirusaren hedatze neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak, eta alarma egoera ezarri du jadanik. Hori horrela, herritarren mugimendu askatasuna mugatuko duen dekretua jarriko da gaur abian. Neurri hauek, «koronabirusaren zabalkundea oztopatu eta herritar kutsatuen kopurua apaltzeko» hartu dira. 

Etxetik irteteko baldintzak
Herritarren mugimendu askatasuna mugatu bada ere, badaude salbuespenak, izan ere ezinbestekoak diren joan-etorriak egiteko aukera izango dute herritarrek, eta honakoak dira zortzi kasuak: elikagaiak, sendagaiak eta behar-beharrezko produktu eta zerbitzuak eskuratzeko; osasun zentroetara joateko; lanera joateko; kanpoan dagoena etxera itzultzeko; nagusiei, adingabeei, dependenteei edo ezgaitasuna dutenei laguntzeko; bankura joateko, eta azkenik, ezinbesteko kasuetan. 
Pedro Sánchez presidenteak adierazi du, ezingo dela kalera atera «lagunekin afaltzera», eta gainera, taldeka ibili ordez,  bakarka ibiltzea agindu du Espainiako Gobernuak. «Txakurrak ateratzeko, kalera irten daiteke». Horrez gain, ile apaindegira edo garbitegira joateko ere baimena eman du Gobernuak, «beti metro eta erdiko distantzia gordetzen bada ondoan dagoen pertsonarekiko». 
Komertzio txikiak eten egin dira, baina hainbat salbuespen daude, hala nola, «ekipamendu teknologikoek, prentsak, ile apaindegiek, tintategiek», honako komertzio txiki hauek, euren lanarekin jarraitzeko baimena dute. 
Alarma egoerari lotutako neurriak hamabost egunez egongo dira indarrean, oraindik luza daiteke, Espainiako Kongresuak hala onartuz gero. 

Atzo, Ertzaintza kaleetan neurriak hartzen 
Atzo, Hernaniko Ertzaintza, kaleetan barrena ibili zen, herriko mugimendua kontrolatzeko asmotan. Herritarrei «etxera itzultzeko» aginduz, edo kalean zer egiten zuten galdezka. 
Alarma egoera honen aurrean, kalera ateratzeagatik isunak jarriko dituztela iragarri dute, «ez bada ezinbesteko joan etorria egiteko», beraz kalera ateratzekotan, hasieran aipatutako zortzi kasu horiek betetzea gomendatzen dute. 
Gainera, Espainiako Gobernuak dio, egungo alarma egoera honetan, Koronabirusaren konfinamendua egiten ez duenari, 600.000 euroko isuna jarri dakiokela.

Lurraldebusek, zerbitzuan murrizketak
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du, Lurraldebusen zerbitzuen eskaintza osoa, %40 eta %60 artean murriztuko dela, eta gaueko zerbitzuak era bat ezabatuko direla. Ospitaletarako zerbitzuak ordea, %100ean jarraituko du. Neurri hauek gaurtik aurrera sartuko dira indarrean, eta ordutegiak lurraldebus.eus webgunean ikusi daitezke.  

 

630 kasu positibo eta 22 hildako Euskal Autonomia Erkidegoan 

630 kasu positibo eta 22 hildako izan dira Osasun Sailak emandako Euskal Autonomia Erkidegoko azken datuak. Nafarroan aldiz, 196 izan dira kutsatuak eta hildako bat. 

COVID-19 birusaren inguruko azken datuen berri eman zuen atzo, Osasun Sailak. Euskal Autonomia Erkidegoan guztira, 263 pertsona ospitalean daudela baieztatuz. Eta Nafarroan berriz, 43.
Arabak antzeman ditu kasu gehien, 409 izan dira, hain zuzen, Bizkaiak 158 eta Gipuzkoak 63.
Araban, 49 positibo baieztatu dituzte, 16 pertsona hil dira, eta 173 daude ospitalizaturik. 
Bizkaian berriz, kasu berriak daude, 43 hain zuzen. 70 dira ospitalean daudenak eta hildakoen kopurua ez da aldatu, 3 dira. 
Gipuzkoan, 17 positibo berri egon dira, 20 pertsona ospitalean eta 3 pertsona hil dira. 
Nafarroan berriz, 196 kasu positibo daude, horietako 43 ospitalizaturik, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, Euskadi, Madril, Bartzelona, Frantzia, Alemania eta Italia, besteak beste, «entsegu klinikoetan parte hartzen ari dira nazioarte mailan», COVID-19 birusari aurre egiteko. Entseguen aurreneko emaitzak «datozen hilabeteetan» lortzea espero dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!