Covid-19ak eragindako osasun larrialdi egoeraren aurrean, etxean geratzeko kanpaina martxan da

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 15a, 00:00

Covid-19 edo Koronabirusaren aurka hainbat neurri jarri dira, eta neurri hauek birusaren hedapena murriztu eta osasun zerbitzuak gainezka ez egitea dute helburu. 

Covid 19 edo Koronabirusaren hedapenaren aurka, hainbat neurri jarri dira, gaixotzea sahiesteaz gain noski. Izan ere, birusaren hedapena murriztea izan da helburuetako bat, eta bestea, osasun zerbitzuak gainezka ez egitea. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera indarrean jarri zuen EAEn, beraz, herritarrei konpromezua izan dezaten eskatzen dute, norbere etxean gelditu, eta birusa ez hedatzeko neurriak hartuz. 
Herritarrek, euren buruak babesteko hainbat gomendio eman ditu Euskoa Jaurlaritzak. Aipatu dute, oso garrantzitsua dela eskuak maiz garbitzea, jaboiarekin. Eztula egitean, ahoa eta sudurra estaltzea, ukondo edo zapi batekin, gainera azaldu dute, «zapia berehala bota eta garbitu eskuak alkohol oinarria duen eskuetako desinfektatzaile batekin, edo ur eta jaboiarekin». Jendearekin, metro bateko distantzia uzteko ere azpimarratu dute, «eztula egiten duten edo sukarra duten pertsonengandik». Ahoa, begiak eta sudurra ez ukitzea oso garrantzitsua dela ere aipatu dute, eta azkenik, «etxean eta leku publikoetan eskuekin ukitzen diren gainazalen garbiketa areagotu» behar dela ere argi utzi dute.

Hernanin eta Astigarragan, neurriak
Sagardotegiak itxi egin dira, horrekin batera, Hernaniko tabernak, haurrentzako parkeak eta baita jangela soziala ere. Adinekoen zentroan ere, bisitak debekatu egin dira. Hala ere, «jantoki sozialen erabiltzaileak babesgabe ez uztearren, otorduak etxeetara eramateko aukera eskainiko diete Udal Zerbitzu Sozialek».
 Gainera, Hernaniko Udalak Eusko Jaurlaritzaren gomendioak aintzat hartuta, murrizketa batzuk egin ditu, Herritarren Harrera Zerbitzuan hain zuzen. «Ohiko ordutegiarekin mantentzen da baina modu presentzialean soilik bideratuko dira ezinbestekoak diren tramiteak. Herritarrei eskatzen zaie, zerbitzu hori soilik, beharrezkoa dutenean erabiltzeko».
Horrez gain, Astigarragako Udalak hainbat erabaki hartu ditu, hala nola, «haur parkeak ixtea erabaki dugu haurren arteko kontaktua ahalik eta gehien mugatzeko. Haurreskola eta hezkuntza zentroak ixteko erabakiaren norabide berean, beharrezkoa da haurren arteko kontaktua mugatzea. Ikastetxeak itxi ondoren haur guztiak haur parkeetan elkarrekin jolasean ibiltzen badira ez dugu gauza askorik aurreratzen. Ondorioz, gurasoei eskatzen dizuegu neurri horiek betetzeko eta erantzukizunez jokatzeko». Beste alde batetik, terrazak jartzeko lizentziak bertan behera geratu dira eta tabernei agindu zaie terrazak kentzeko. Neurri honen helburua da jende pilaketak mugatzea, izan ere, «eguraldi ona egiten duenean jende ugari bildu ohi gara terrazetan».
Hernanin, beste hainbat talde eta elkartek, euren negozio eta egoitzak ixtea erabaki dute, prebentzio neurriak hartuz. Dobera Euskara Elkarteak, bertan behera utzi ditu ikasturtean zehar landuko zituen egitasmoak, eta datozen egunetarako antolatuta zeuden jarduerak, hala nola, Laburbira, martxoaren 25ean, eta mintzapraktikako parte hartzaileekin triki-pintxopoteoa, martxoaren 26an izango zena, «biak bertan behera gelditzen dira». Bota Bertsoa! egitasmoari dagokionez, emailez parte hartzeko aukera dagoela jakinarazi dute. Egitasmo eta ekintza asko bertan behera geratu diren arren, Dobera Euskara Elkarteko langileak lanean jarraituko dute, eta azpimarratu dute, edozer gauza izanez gero, kontaktuan jartzeko Doberarekin, 943 33 27 99 telefonora deituz, edo dobera@dobera.eus era idatziz.
Hernaniko Kontrakantxa Gazte­txeak ere ateak itxiko ditu, denbora batez. Adierazi dute, egoerak eskatzen duen ardurarekin jokatuz, hurrengo asteetan ekintza publikoetarako gaztetxea itxita mantenduko dela. 

 

Koronabirus kasuetarako larrialdi zenbakia, 900 20 30 50 da. 

Elkarteak ere, itxita
Hainbat elkarteek ere bat egin dute prebentzio neurri honekin, hori horrela, Txantxangorri elkartea eta Santa Barbara itxita egongo dira, «noiz arte ez dakigu». Era beran, mus txapelketak eten egingo direla ere aipatu dute, Xalaparta elkartekoa besteak beste. Horrez gain, Landare, Peña Otaño eta Elur Txori  elkarteek ere, ateak ixteko erabakia hartu dute.

Astigarraga, Hernani eta Urnietan, mezarik ez
Astigarraga, Hernani eta Urnietako elizak, itxi egingo direnez, ez da mezarik ospatuko, «bestelakorik esan arte, etxetik ez ateratzeko berebiziko gomendioa egiten ari da Osakidetza, eta errespontsabilitateak eta kezkak, hartara behartzen gaituzte». 

Etxean gelditzeko gomendiak
Herritarrei, etxean gelditzeko eskaera egin zaie, Covid-19 birusaren hedapena sahiesteko, eta  osasun zerbitzuak gainezka ez egiteko. Haurrak ezin dutenez ikastolara joan, eta etxean gelditzeko eskaera luzatu denez, entretenimendua behar dute, hona hemen hainbat gomendio; bizkotxo bat egitea etxean, antzerkiak ere egin daitezke, puxika batekin boleibolera jolastu, keinuak egitea edota pelikuletara jolastea, etxean zehar mezuak ezkutatzea, irratsaio bat grabatzea, abesti bat asmatzea, eta hamaika jolas gehiago daude etxean modu erraz batean egin daitezkeenak.

Bihartik, jendea  elkartzeko aretoak ixteko dekretua indarrean
Bihar hasita tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta jendea elkartu daitekeen aretoak ixteko dekretua indarrean jarriko du Espainiako Gobernuak. 
Osakidetzak, Covid-19ak eragindako kasuetan, ateratako azken datuei dagokienez, 104 kasu positibo egon dira EAEn, 222 pertsona ospitalizatuak izan dira, 19 pertsona hilak eta guztira,  EAEn 521 kasu positibo izan dira. 

Covid-19 kasuetarako
Eusko Jaurlaritzak, adierazi du, Covid-19 birusaren sintoma larriak izanez gero, 900 20 30 50 telefonora deitu behar dela, Koronabirus kasuetarako zenbakia baita.  

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!