Astigarragako Udalak honakoa erabaki du: «alde batetik, haur parkeak ixtea erabaki dugu haurren arteko kontaktua ahalik eta gehien mugatzeko. Haurreskola eta hezkuntza zentroak ixteko erabakiaren norabide berean, beharrezkoa da haurren arteko kontaktua mugatzea. Ikastetxeak itxi ondoren haur guztiak haur parkeetan elkarrekin jolasean ibiltzen badira ez dugu gauza askorik aurreratzen. Ondorioz, gurasoei eskatzen dizuegu neurri horiek betetzeko eta erantzukizunez jokatzeko».
Beste alde batetik, terrazak jartzeko lizentziak bertan behera geratu dira eta tabernei agindu zaie terrazak kentzeko. Neurri honen helburua da jende pilaketak mugatzea, izan ere,« eguraldi ona egiten duenean jende ugari bildu ohi gara terrazetan».
Hernanin itxiera gehiago
Hainbat talde eta elkartek, euren negozio eta egoitzak ixtea erabaki dute, prebentzio neurriak hartuz. Dobera Euskara Elkarteak, bertan behera utzi ditu ikasturtean zehar landuko zituen egitasmoak, eta datozen egunetarako antolatuta zeuden jarduerak, hala nola, Laburbira, martxoaren 25ean, eta mintzapraktikako parte hartzaaleekin triki-pintxopoteoa, martxoaren 26an izango zena, «biak bertan behera gelditzen dira». Bota Bertsoa! egitasmoari dagokionez, emailez parte hartzeko aukera dagoela jakinarazi dute. Egitasmo eta ekintza asko bertan behera geratu diren arren, Dobera Euskara Elkarteko langileak lanean jarraituko dute, eta azpimarratu dute, edozer gauza izanez gero, kontaktuan jartzeko Doberarekin, 943 33 27 99 telefonora deituz, edo dobera@dobera.eus era idatziz.
Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxeak ere ateak itxiko ditu, denbora batez. Adierazi dute, egoerak eskatzen duen ardurarekin jokatuz, hurrengo asteetan ekintza publikoetarako gaztetxea itxita mantenduko dela.
Elkarteak ere, itxita
Hainbat elkarteek ere bat egin dute prebentzio neurri honekin, hori horrela, Txantxangorri elkartea eta Santa Barbara itxita egongo dira, «noiz arte ez dakigu». Era beran, mus txapelketak eten egingo direla ere aipatu dute. Horrez gain, Landarek eta Peña Otaño elkarteek ere, ateak ixteko erabakia hartu dute.
Astigarraga, Hernani eta
Urnietan, mezarik ez
Astigarraga, Hernani eta Urnietako elizak, itxi egingo direnez, ez da mezarik ospatuko, «bestelakorik esan arte, etxetik ez ateratzeko berebiziko gomendioa egiten ari da Osakidetza, eta errespontsabilitateak eta kezkak, hartara behartzen gaituzte».