Gaixotzea saihesteaz gain, COVID-19 edo Koronabirusaren hedapena murriztu eta osasun zerbitzuak gainezka ez egitea dira, birusaren aurka hartu diren azken neurrien helburuak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak atzo osasun larrialdi egoera indarrean jarri zuen EAEn, eta hori horrela, baliteke herritarrak etxeetan edo toki seguruetan konfinatzeko eskatzea edo arrisku guneetatik atera edo urruntzea eskatzea.
Bitartean, Urumea bailaran ere hainbat neurri hartu dira. Azkenak, txotx denboraldia etetea, zaharren egoitzan bisitak debekatzea, parke eta tabernak ixtea, eta kirol eta kultura jarduera guztiak bertan behera uztea.
Zaharren egoitza, itxita
Azken neurriaren berri atzo 20:00ak inguruan eman zuen Hernaniko Udalak; adinekoen eguneko zentroa itxita egongo da, eta adinekoen egoitzan ezingo dira bisitak egin. «Kolektibo zaurgarriena izanik, beraiek babesteko neurriak zorroztu dira».
Sagardotegiek «arduraz» hartutako erabakia
Egunean zehar, beste erabaki batzuen berri eman zen. Hernani eta Astigarragako sagardotegiek eguerdian hartu zuten ixteko erabakia. Prentsaurrekoa eman zuten Xabier Lertxundi, Hernaniko alkateak eta Jon Peña, Hernaniko sagardogileen ordezkariak, erabakiaren berri emateko. «Sagardo denboraldiak Hernaniri arrisku larriak ekarri diezazkiokeela ikusita, sagardogileekin bildu gara, eta sagardogileek arduraz jokatzeko erabakia hartu dute», azaldu zuen alkateak. Dena den, azpimarratu zuen «txotx garaia eten bai, baina ez dela bukatu».
Jon Peñak jakinarazi zuen sagardogileen elkarte guztiak ere eguerdian biltzekoak zirela, eta arratsaldean eman zuten berria. «Prebentzio neurri moduan, 15 egunez bazkari eta afari zerbitzuak etetea» erabaki zuten Arabako Sagardogileen Elkarteak, Sagar Uztak, Sagardo Mahaiak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak. Udalak gehitu zuen «txotx denboraldiarekin lotutako beste hainbat zerbitzu ere bertan behera geratu» direla: sagardotegietarako bus zerbitzua, puntu morea eta Sagardoetxea eta bere agenda. «Udalaren iritziz, sagardotegiek erantzukizunez eta arduraz jokatu dute, eta bat egin dute Astigarragako herria, eta Euskal Herria orobat, hartzen ari den erabaki eta neurrien norabidearekin, denon ardura eta egitekoa delako koronabirusaren gaixotasuna ez zabaltzeko behar diren neurri guztiak hartzea».
Tabernak itxita; dendak ez
Era berean, Berriak, Hernaniko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak atzo arratsaldean egin zuen bilera, eta elkarteko 23 tabernak ixtea erabaki zuen.
Mertxe Jimenez, Berriak elkarteko ordezkariak azaldu zuen «herriarekiko ardura» dutela. «COVID-19 birusaren foko izan gaitezke tabernak». Era berean, astelehenean ixteko agindua iritsi daitekeela aurreikusita, «aurrea hartzea» erabaki zuten. Berriak elkartekoak ez diren tabernei dagokienez, erabakia haiena bada ere, «ixteko gomendioa» ere luzatu zieten.
Astigarragako Zipotzak, esaterako, sare sozialen bitartez zabaldu du elkartea eta taberna ixteko erabakiaren berri.
Gainerako komertzioak, bestalde, irekita mantenduko dira oraingoz. «Baina, elikadurari lotutakoak kenduta, hutsik daude. Ez dute ezer saldu. Oraingoz ez dira itxiko, larunbat goiza bakarrik geratzen baita, astelehena baino lehen. Astelehenean ikusiko da erakundeetatik zer esaten duten».
Parkeak ere itxita, eta ekitaldi guztiak bertan behera
Beste neurri baten berri Hernaniko Udaltzaingoak zabaldu zuen. Kalean dauden haurren parkeak ixteko agindua eman zuen Udalak, osasun larrialdi egoera medio. Prezintatuta daude. Bestalde, Al Risala islamiar zentroak jakinarazi zuen ostiraleko jutba bertan behera geratu dela denbora batez; oraingoz, martxoaren 24ra arte.
Horren aurretik, ostegunaz geroztik itxita daude kiroldegia, Biteri eta liburutegia, musika eskola, udal euskaltegia, Goiz Eguzki jubilatuen etxea, Plaza Feminista, Gaztelekua edota Gabriel Zelaiako ikasgela zerbitzua.
Astigarragan ere, atzo itxi ziren kiroldegia, gazte informazio puntua, Zarkumendegiko futbol zelaia, KZ Gunea, kultur etxea eta liburutegia, musika eskola, Gaztelekua, Galtzaur jubilatuen elkartea, Jolasberri-Arrobitxulo eta AEK.
Goizuetan, bertan behera geratu dira gaur Bardoak txapelketako finalerdia eta martxoaren 27 eta 28ko Katarrapikaka Ttiki lehiaketa eta Dama beltzak kontzertua, eta baita ikastaroak ere: pilates, jumpfit, total training eta eskulanak.
Ereñotzun ere neurri berak hartu ditu Auzo Udalak, eta bertan behera geratu dira gazte txokoa, yoga, ikastaro ezberdinak, haur zaintza zerbitzua, Berriketan eta bestelako jarduera guztiak.
Laguntza sarea, Urumea Herrigunean
Dena ez dira mugak, ordea. Hernaniko Urumea Herrigunean zaintza talde boluntarioa antolatzen ari dira «arrisku gehien duen jendeari etxetik kanpoko enkarguak egiteko edota haurrak etxean zaintzeko». Antolatzean emango dute zerbitzuaren berri.